Antonio Casado da Rocha. Filosofoa

«Atez ateko zabor bilketan dugu etorkizuna era baikorrean ikusteko aukera»

Henry David Thoreau idazlearen bizitza eta lanaren bitartez, ekologiaz, etikaz eta gizarteaz hausnartuko du gaur EHUko irakasleak, Alkizan, artea eta natura biltzen dituen Ur Mara museoan.

Edu Lartzanguren.
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Bioetika eta biologiaren filosofia ikertzen ditu EHUn Antonio Casado da Rochak (Donostia, 1970). Henry David Thoreau idazlearen inguruko Simplify, simplify hitzaldia emango du (euskaraz eta gazteleraz) gaur, 17:00etan, Alkizako (Gipuzkoa) Ur Mara museoan, Hitzaren babesa etxola zabaltzeko ekitaldian. Hitzaldiaren ondoren, kontzertua emango du Gipsy taldeak.

Thoreau gauza askoren aitzindaria izan da: mugimendu bakezalearena, ekologismoarena... Azkena, deshazkuntzaren aldeko mugimendua.

Aurten Thoreauren inguruko liburu asko argitaratu dituzte: krisi garaian harengana jotzen dugu. Berak ere krisia pairatu zuen, XIX. mendeko erdialdean. Orduan, hamar urtetik behin, krisian murgiltzen ziren Ingalaterran zein AEBetan, eta horiei begira garatu zuen Marxek bere teoria. Krisi horrek eragina izan zuen Thoreaurengan, eta horregatik, Walden liburuaren lehen atalak Ekonomia du izenburu.

Thoreauren aipuak ez al dira edozein eratan eta edozein gauzatarako erabiltzeko modukoak?

Kontuz ibili behar da Thoreaurekin: haren idazlanak oso konplexuak dira, baina ez zen filosofoa eta ez zuen koherentziarik bilatu. Ez du teoria garden eta aplikagarri bat. Eredu eta jarrera bat du, inspiraziorako. Berak ere ez zuen inork bere bidea itsuki hartzea nahi.

Ez al da haren errua ekologismo baten kutsu misantropoa, natura gizakiaren aurretik jartzen duena?

Pertzeptzio hori egon badago, baina distortsio bat da. Haren obra horren konplexua denez, betaurrekoekin irakurtzen dugu askotan. Badira mito asko hari buruz. Thoreau ez da eremita bat, gizaki bakarti bat, edo Robinson Crusoe. Berak ez zuen hori bilatzen. Thoreauk zubi lana egin nahi zuen gizakien eta naturaren artean, mugalari bat zen. Harremana zen garrantzitsuena harentzat.

Etika eta zabor bilketaren inguruan idatzi duzu azken boladan. Hori ere Thoreauren eraginpean?

Thoreauk oso gogor gaitzetsi zuen eredu ekonomiko bat: gero eta gehiago ekoitzi eta kontsumitu... Hasieratik ikusi zuen hark eredu horrek nora garamatzan. Zaborraren inguruko eztabaida horren ingurukoa da. Ezin dugu eredu horrekin jarraitu, amildegira garamatzalako. Ni Hernanin bizi naiz, eta atez ateko zabor bilketaren sistemaren ezarpena bizi izan dut. Poz handiz bizi ere, horretan baitugu geroa modu baikorrean ikusteko aukera bat: Ez dezagun hainbeste ekoitzi eta kontsumitu, gero erretzeko. Saia gaitezen berriz erabiltzen eta zabor gutxiago sortzen. Nahikoa dugu daukagunarekin.

Donostiako Ospitaleko etika batzordeko kidea zara. Thoreauk uko egin zion opioari hilzorian zenean, hiltzea ere kontzientzia osoz bizi nahi zuelako. Ez al da zaila hori eredu gisa saltzea gaur?

Ez zuen heriotza txarra izan: era baketsuan eta lagunen artean hil zen. Berak gauzak bere horretan ikusi nahi zituen, bizitza errealean oinarrituriko esperientzia izan. Ez zuen bizitzaz liburuetan irakurri nahi. Dena esperimentatu nahi zuen zuzenean.

Badirudi gaur, mediazioaren aroan, ezin garela hortik urrunago egon.

Hainbeste tramankulu ditugu gaur inguruan... Eta agian horregatik Thoreau beti gurekin egongo da, badakigulako behar dugula naturarekiko zuzeneko lotura. Natura xumea: Thoreauk asko idatzi zuen bere etxeko katu arruntari buruz. Ez duzu Alaskara joan behar natura bizitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.