Urduritasuna zen nagusi, atzo, Iruñeko Foruen plazan, 13:25ak zirela. Plazara sartzeko tuneletako batean bildurik ziren Iruñerriko dantzari guziak, dantzara atera, ez atera; erabakiaren zain. Goizetik zeruari begira aritu ziren, itxaropena galdu gabe. «Ni dantzatuko nintzateke», Nerea Arraras Oberenako dantzariak argi zuen. «Jantzita gaudenez gero». Bi minutu faltan etorri zen albiste txarra: ezetz, ez zela emanaldirik eginen. Eta halako batean, kalejira baten doinua. Oholtzako txistulariak ez ziren alferrik joan haraino. Euria goitik behera arituagatik ere, tantaka-tantaka atera ziren plazara dantzari batzuk, baita ikusleak ere. Zazpi jauziak, eta beste bat, eta beste bat. Ordu erdiz dantzan, alai. Euriak ezin izan zuen dantzarako grina apaldu.
Uztailaren 6a egun berezia baita iruindar guziendako, baina baita Iruñerriko dantzariendako ere. Ander Zudaire Ortzadar taldeko dantzariak argi azaldu zuen: «Dantzari eta talde pila bat gara. Uztailaren 6an dantzatu behar da nahitaez, eta dantzariek kalean egon behar dute, euria edo elurra egin, berdin du». Urtero Foruen plazan emanaldia eskaintzen baitute talde guziek elkarrekin. Aurten, Lesakako ezpata dantza eta Arantzako sokadantza egitekoak ziren; azkenean, dantzaldi inprobisatu bat izan zen.
Ikusi gehiago:Udako seriea: Herri bat dantzan
Urtero talde bat arduratzen da plazaren erdian astintzen den ikurrina eramateaz eta musika jotzeaz. Aurten Atarrabiako (Nafarroa) Mikelatsi egokitu zitzaion lana, baina ezin burutu gelditu ziren. Irantzu Gonzalez talde horretako kidea «penaturik» zen horregatik. Hala ere, dantzan aritu zen plazan: «Eguraldiari begira egon gara goizean goizetik, euria iragarri zutelako. Gogo handia genuen, asko entseatu dugulako». Onartu zuenez «esperantza pixka bat» izan zuten azken uneraino. Ezin. «Gu ginen lehenbiziko taldea, eta horregatik ere gogoa genuen. Gainera, bi urtez honen zain egon gara».
Tunelean zain zela, plazara adi begira zen Izaro Arbizu Oberenako dantzaria. Bere lehenbiziko urtea zuen Foruen plazan, eta bi dantzak egin behar zituen. «Pena handia ematen dit: lehenengo urtea eta ezin dantzatu». Urte berezia zen, gainera, harentzat: «Gogo handia dut sanferminetarako, ondo disfrutatzeko lehen urtea delako. Ez naiz sanferminetan inoiz atera askatasun osoz». Izan ere, pandemiak bestaz gabeturik utzi baititu bestan hasteko adinean ziren gazteak.
Euripean dantzan
Denak jantzirik ziren, zintzo demonio, azken unean zer egin erabaki arte. Zuriz, koloredun zintekin eta zapiekin, eta txapela eta gerriko gorriekin apaindurik. Dotore, oinetan zapatilak jantzita bazituzten ere, espartinak aise izorratzen baitira bustiz gero. Hamelingo txirulariak arratoiak nola, txistulariek dantzari eta ikusleak plazara aterarazi zituzten euria zarra-zarra aritu arren. «Jaiari ongietorria emateko eta gogo handia genuelako atera gara dantzara», azaldu zuen Gonzalezek irribarrea ahoan. Zazpi jauziak, fandangoa, arin-arina eta Laminak jauzia jo zuten txistulariek. Batzuk aterkiaren laguntzaz, beste batzuk xira jantzita, eta asko euririk ariko ez balu bezala, baina dantzan aritu ziren denak elkarrekin. Inprobisatutako dantzaldi bat azkenean, eta jende gazte anitz dantzan. Besta eta dantza grina apaltzea ezinezkoa baitzen atzo, bi urtez sanferminik gabe gelditu den Iruñean.
Txistulariek beren lanak burututa, gaiteroak igo ziren oholtzara. Gaitaren deiarekin batera, jendea bikote eske hasi zen. Zapi gorria eskurik esku, hasi zen larrain dantza. Dotore, koreografia aski ongi zekitenek; begi-bazterrez ondokoari begira gainerakoek. Azkenengo kalejirarekin oihuak eta irrintziak. Dantzaldia bukatzear, eta hodeien su etena urruti. Atertu arte ezin zuten itxaron Foruen plazan bildu zirenek; besta eguerdian hasi baitzen, eta ez zen inolaz ere gelditzerik. Dantzak karrikak hartu zituen, beste behin ere.
Sanferminak
Atertu arte ezin itxaron
Foruen plazako dantza ikuskizuna bertan behera gelditu bada ere, musikariak jotzen hasi eta dantzariak eta ikusleak plazara atera dira. Ordu erdiz dantzan aritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu