Aterkiak aterpe bila

Euskal Herrian apenas gelditzen da enpresarik aterkiak artisau eran egiten dituenik. Erabiltzeko eta botatzeko produktu bihurtu da askorentzat, baina badira kalitatearen aldeko apustua egiten dutenak oraindik.

Bi herritar, aterkiak hartuta, Iruñeko kaleetan pasieran. VILLAR LOPEZ / EFE
Bi herritar, aterkiak hartuta, Iruñeko kaleetan pasieran. VILLAR LOPEZ / EFE
enekoitz telleria sarriegi
2025eko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun

Behar duzunean ahazten zaizuna, eta erabiltzen duzunean ahazten duzuna. Ez dakizu parean datorrenak altxatuko duen, edo zuk jaitsi behar duzun. Blai egin zaitu. Zahartu egin da zurea, eta hatz mamian atximur egiten dizu aldiko itxigailuak. Beltza serioentzat da: eman kolore apur bat bizitzari. Estanpatua ere gauza ederra da. Hasi zara etxean garbiketa egiten, eta bost topatu dituzu hondatuta. «Konpontzen dituzte oraindik?». Aterkiak, izaki arraro horiek.

Ez dago aterkigile bati egun euritsu batean elkarrizketa egitea bezalakorik: hori da aldartearen zaparrada eta hori da umorearen zipriztina. «Halako egunak komeni zaizkigu guri. San Tomas egunean ere zarra-zarra botako balu...», egin du bete gabeko iragarpena Agustin Hervellak, Paragueria Bilbaina aterki etxeko arduradunak. «Euria ez da denen gustukoa. Baina gure gustua hauxe da», azaldu du Mireia Arregik, Ezpeleta aterki etxeko diseinu arduradunak. Euskal aterkigintzaren azken bi aterpeak dira Bilboko eta Oñatiko (Gipuzkoa) etxe horiek.

«Izan ditugu oso garai oparoak, egunean 1.300 aterki egiten genituenak. Orain, ordea, 4.000-5.000 inguru egiten ditugu, baina kanpaina osorako», gogoratu du Hervellak, nostalgia tanta artean. Industria asko aldatu dela dio, lehen dena bertan egiten zela, material gehiena Italiatik ekartzen zela, bazegoela Espainian ere industria bat hagatxoak saltzen zituena, aterkien egitura eraikitzen zuena, eta bazegoela Mediterraneo aldean oihalak erosteko aukera ere. «Gaur, ordea, oihalen hornitzaile bakarra dago, eta Italiakoa da. Europa osorako egiten du lan. Badago heldulekuen hornitzaile bat ere, eta Kroaziakoa da. Ez dago besterik Europan». Zer gertatu da, orduan? «Txinatarrek jan dute industria eta merkatu hori guztia. Hemen aterkiak egiten zituzten horiek utzi egin zioten egiteari, eta Txinara aldatu zuten ekoizpenaren zati handi bat».

«Izan ditugu garai oparoak, egunean 1.300 aterki egiten genituenak. Orain, 4.000-5.000 egiten ditugu, baina kanpaina osorako»

AGUSTIN HERVELLAParagueria Bilbaina etxeko arduraduna

Ezpeleta etxeko Mireia Arregik Asiatik etorritako «iraultza» aipatu du: «Urte hauetan guztietan, materialetan egon da bilakaerarik handiena. Duela 25 urte, aterki guztiak altzairuzkoak ziren. Eta telak ere ziren justukoak eta betikoak. Asiatik etorri zen iraultza. Aterkiaren industriaren %98 Asiara joan zen, eta Ezpeleta ere hara joan zen». Zer zegoen han, bada? «Sekulako aukera: aluminioa, beira zuntza, egurra, altzairua… gura duzun beste. Non dago diferentzia? Zeuk aukeratzen duzula. Gu saiatzen gara, nahiz eta kanpoan egin, gama altuko materialak aukeratzen».

Paragueria Bilbaina etxeko aterki bat. PARAGUERIA BILBAINA
Paragueria Bilbaina etxeko aterki bat. PARAGUERIA BILBAINA

Ezpeletan 1935etik dihardute aterkiak diseinatzen eta ekoizten. «Gure historia luzea da, eta Ezpeleta aterki bat erosten duenak badaki kalitatezko zerbait duela esku artean», goratu du berea Arregik. Paragueria Bilbainan 1950eko hamarkadatik ari dira zeregin horretan. «Guk ditugun bezeroek kalitatezko aterkiak eskatzen dizkigute oraindik. Cacharel marka ere geuk banatzen dugu. Ez dira Txinatik datozen aterki horiek. Hauek kalitate kontrola dute, ondo egin eta zaindutakoak dira, kalitatea eta bermea dute», goratu du berea Hervellak.

Txinan asmatu zuten aterkia, K.a. 2400 urtean. Parasolak ziren ordura artekoak. Asiriarrek eta egiptoarrek eguzkitik babesteko erabiltzen zituzten. Txinatarrek jarri zizkieten ziriak, egurrezko armazoia eta oihalezko estalkia. Oso garestia zen orduan aterkiak egitea, eta aberatsen gutizia bat zen. Europara, Zetaren Bidetik barrena iritsi zen. Italian eta Frantzian sartu zen lehenengo, eta XVII. mendean ohiko bihurtu zen Europako hegoaldean. Kuriosoa da jakitea, beraz, aterkien ekoizpena Txinara ez dutela «eraman», Txinara «bueltatu» egin dela.

«Azken iraultza pisuarena izan da. Karbono zuntzarekin egindako aterkiak dira. Ehun gramo baino ez dute pisatzen»

MIREIA ARREGIEzpeleta etxeko diseinu arduraduna

Eta materialak aldatu dira, formatuak, diseinuak... «Baina aterkia beti aterki. Gurean, euri asko egiten duenez, aterki on baten beharra beti ikusten du jendeak. Aterki batengatik ordaintzeko ez dauka arazorik. Ezin duzu erosi erabiltzeko eta botatzeko aterki bat», aldarrikatu du Arregik. Beste horrenbeste egin du Hervellak: «Bezeroari kalitatezko zerbait eskaini behar zaio, eta ezin da erosi eta gutxira bueltatu esanez: ‘Aizu! Haize boladatxo batekin hagatxoa kraskatu zait!’. Geroz eta aterki merkeagoa, orduan eta eskasagoak izango dira materialak ere».

Prezioak aipatzen hasita, gutxienez 30 euro balio duen aterki bati buruz ari dira biak, eta jende helduak erosten dituela, eta jende gazteak ere bai. «Jendeak orain aterki arinak nahi ditu, baina iraungo dutenak, apurtuko ez direnak, eta, deskuidatzen bazara, sakelakoaren aldamenean poltsikoan eraman daitezkeenak», azaldu du Hervellak, umorez. Eta badutela bat ultra-arina, oso ongi saltzen ari direna. Ezpeletakoek ere bai Aero izeneko modelo bat: «Azken iraultza pisuarena da. Karbono zuntzarekin egindako aterkiak dira. Oihala ere oso arina dutenak. Ehun gramo baino ez du pisatzen aterki horrek. Luze batek, estandarrak, 400-500 gramo pisatzen du. Pentsa, tolesgarri horiek 100 gramo».

Ezpeleta etxeko aterki bat. EZPELETA
Ezpeleta etxeko aterki bat. EZPELETA

Eta apurtzen badira, zer? Konpontzen ditu jendeak aterkiak, oraindik? «Bai, baina oso toki gutxitan jada», esan du Hervellak. Paragueria Bilbainan konpontzen dituzte oraindik; Ezpeletan, berriz, «jendeak erretiroa hartu ahala» utzi zioten zerbitzu hori emateari. Eta Iruñean bada aterkiak konpontzen dituen etxe ezagun bat —maletak, poltsak eta gerrikoak ere konpontzen dituzte bertan—: Bolsos Cebrian. Haiek ere ez dira atzo goizekoak. «1908an hasitako negozio bat da hau. Gure birraitona hasi zen, uhalgintza edo larruki denda batekin, eta benta ere bazen garai hartan. Aitona, osaba, aita… eskuz esku joan zen negozioa pasatzen. 1970ean, zaldientzako eta nekazaritzarako larruki dendak ez zuela aurrerabiderik ikusita, poltsa denda bat ireki zuen aitak. Aterkiak saltzen 1982 inguruan hasi ginen, eta, saltzen genituenez, konpontzen ere bai», azaldu du Jesus Cebrian egungo arduradunak.

Cebrianek dio baietz, jendeak segitzen duela oraindik ere aterkiak konpontzen, baina badutela konpontzeko muga bat: «Kontua da guk ez daukagula enpresa handien makineriarik. Aterki automatikoak guk ezin ditugu konpondu. Eskuz irekitzen direnak konpontzen ditugu. Baina geroz eta aterki automatiko gehiago daudenez, geroz eta aterki gutxiago daude konpon daitezkeenak».

«Jendeak esaten digu: ‘Baina aterkiak konpontzen dituzue? Merezi du?’. Konpon badaiteke, merezi du, bai noski»

JESUS CEBRIANBolsos Cebrian etxeko arduraduna

Denei ematen diete zerbitzua, baita aterkia haien dendan erosi ez dutenei ere. Baina dendan bertan erositakoak konpontzea errazagoa dela azaldu du Cebrianek: «Modelo bakoitzak hagatxo ezberdinak ditu, luzera ezberdinekoak, material ezberdinekoak… Hagatxo guztiek ez dute aterki guztientzat balio. Guk baditugu saltzen ditugun horien ordezko piezak, eta beste batzuk badira beste modelo batzuentzat ere bateragarriak. Zer gertatzen da? Dendan erositakoa bada askoz errazagoa dela konpontzea eta ordezko pieza bateragarria izatea».

Bi aterki, Iruñeko karrika batean, egun euritsu batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Bi aterki, Iruñeko karrika batean, egun euritsu batean. VILLAR LOPEZ / EFE

Aterkien beste azken aterpe bat da Bolsos Cebrian: «Jendeak esaten digu: ‘Baina aterkiak konpontzen dituzue? Merezi du?’. Merezi du, bai noski. Bai, behintzat, konpontzeko modukoa bada». Eta galdetu gabe atera du Cebrianek berak gaia, eta Txinari eta hango aterkiei buruzko beste ikuspegi bat eman du: «Asko hitz egiten da Txinari buruz. Txina mundu osoaren fabrika da. Eta Txinak produktu kaskarrak ekoizten ditu, baina produktu oso onak ere bai. Aterki ekoizle asko hara joan dira euren produktuak ekoiztera, eta zerbaitengatik izango da. Ingelesak dira joan ez diren bakarrak, eusten diotelako berezko duten klasismo horri, eta aterki batengatik asko kobratzen dizutelako. Baina Txinan ere ari dira aterki onak eta kalitatezkoak egiten. Eta aterki horiek konpondu daitezke».

Aterki onei buruz galdetuta, Cebrianek dio ez daukatela zertan 70 euroko aterkiak izan. Ezpeleta etxekoak saltzen dituztela: 20-30 euroan gizonezkoenak, eta 25-30ean emakumezkoenak, «ikusgarriagoak izaten direlako». Luzeek agian gehixeago balio dezaketela, baina gutxi daudela 35 euro baino gehiagokoak: «Badago jendea aterki baten truke 30 euro ordaintzea eskandalu bat iruditzen zaiona, baina 1.000 euroko sakelako bat daramana». Eta horrek ez zaitu euritik babesten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.