Ibon Etxebarria. Itsuki irratiko zuzendaria

«Atea itxi dugu, baina ez giltzarekin»

Bermeoko Itsuki irratia isildu egin da. Ia 37 urte eman ditu herritarrak informatzen eta entretenitzen, baina publizitate bidezko diru sarreren jaitsierak eutsiezin bihurtu du egoera.

Maitane Bastarretxea eta Ibon Etxebarria, Itsuki irratiko estudioan, itxieraren egunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jakes goikoetxea
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko euskarazko komunikabideen itsasoan arrain bat gutxiago dago otsailaren 1etik. Arrain izeneko irrati bat falta da: Itsuki irratia, Bermeokoa (Bizkaia). 1985eko Ibilaldiarekin batera sortu zen, eta isildu egin da ia 37 urte geroago. Diru sarrerak gutxituz joan dira azken urteetan, publizitate bidezkoak batez ere, eta ez dira nahikoa gastuei eusteko. Ibon Etxebarria zuzendariari egokitu zaio atea ixtea (Bermeo, 1973). 16 urterekin hasi zen irratian lanean, eta 48rekin utzi du. Azkeneko hamabi urteetan, Maitane Bastarretxearekin batera eutsi dio Itsuki irratiari.

Zer-nolako gorputzaldia duzu irratia itxi eta gero?

Oraindik ondo barneratu gabe, denbora gutxi pasatu baita. Oraindik irratian pentsatzen dut, baina lasaiago nago. Ea ziklo hau bukatzen den.

Azken egunak luzeak izan ziren?

Bai; irratian itxi egingo genuela esan genuenetik, agurra luzatu egin da.

Behin betiko agurra da?

Atea itxi dugu, baina ez dugu itxi giltzarekin. Badaezpada. Dena den, oraingoz ez dago albisterik edo berritasunik.

16 urterekin hasi zinen?

1989an hasi nintzen lehen programa egiten, kuadrillako lagunekin. Gero eta gehiago parte hartzen hasi nintzen, profesionalizatzen. 16 urterekin sartu eta 48rekin atera naiz.

Kazetaritza ikasketarik baduzu, edo lanean ikasi duzu?

Ez dut ikasi kazetaritzarik.Eskarmentuak erakutsi dit dakidana.

Publizitatearen diru sarrerak gutxitzea izan da ixteko arrazoia?

Batez ere horrek eragin du itxiera. Kendu ahal ziren gastu guztiak kendu ditugu. Urtez urte gero eta diru gutxiago lortu dugu publizitatearen bidez.

Zergatik? COVID-19aren izurriteak eragin du jaitsiera?

Ez. Izurriteak ez du lagundu, baina urtez urte joan da jaisten. Galdutako iragarleak baino gutxiago lortu ditugu. Lehen, enpresa handiek erosten zuten publizitatea. Asko. Baina horiek komunikabide handiagoetara joan dira, eta diru sarrera garrantzitsuak galdu ditugu. Denda txikiekin eta tabernekin ezin dugu hori guztia berreskuratu.

Zuen publizitatearen prezioak ikusita, merke samarra da.

Bai, irratia, berez, Bermeon bakarrik entzuten baita. Baina Bermeon ez dago publizitatean inbertitzeko joerarik.

Zenbateko diru laguntzak jasotzen zenituzten?

Garai batean, udalak 20.000 euro ematen zizkigun. Gero, gutxiago. Esan genien 20.000 eurokoa izan behar zuela, bestela itxi egin beharko genuela, eta 20.000 eurora bueltatu ginen. Baina ez da nahikoa izan. Badakigu udalarentzat diru asko dela, baina ez da nahikoa izan, beste diru sarrera batzuk asko jaitsi direlako.

Dirua behar zenuten, gastuak ordaintzeaz gain, inbertsioak egiteko?

Bai, jakina. Tresneria oso zaharra da. Behin ETBko langile bat etorri zen, eta, gure tresnak ikusi zituenean, esan zuen ez ginela 1980ko hamarkadatik pasatu. Irratia egiteko gutxienekoak ditugu, baina ez gaur egungo irratiek dituzten hainbat tresna. Kaleko konexioak ere sakelakoekin egin behar ditugu. Gauza berriak egiteko gogoa bagenuen, baina baliabiderik ez.

Dirua biltzeko kanpainak egin dituzue. Huts egin dute?

Bazkideak lortzeko hiru kanpaina egin ditugu azkeneko hiru urteetan, loteria ere saldu dugu... Dirua lortzen da, baina ez irratiari eusteko adina. Ehun bazkide genituen.

Nolakoa zen Itsuki irratiaren programazioa?

Alde batetik, Bermeoko euskaran, bermeotarrez egina. Bestetik, herriko kontuei eta herritarrei buruzkoa. Entretenimendua, laguntasuna eta informazioa.

Nolako entzuleak izan dituzue? Gazteek entzuten zuten?

Jende nagusia zen batez ere, 40-50 urtetik gorakoak. Baina musika ere eskaintzen genuen gazteentzat. Leku askotan entzuten zen. Pentsatu nahi dut herrian gehien entzuten zen irratia zela.

Herritarren berotasuna jaso duzue?

Bai. Maitasun handia jaso dugu: egun hunkigarriak izan dira. Hasieran ez zuten sinesten itxiko genuenik, edo ez zuten sinistu nahi. Kalean esaten digute badaezpada irratia pizten dutela, zerbait entzuteko itxaropenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.