Ateak ireki, elkar ezagutzeko. Horixe da Baserriko Uzta egitasmoaren helburua: laborantza ekologikoa eta kultura uztartzea, agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batzeko. Etxaldeko ateak irekitzen ditu baserritarrak, soinuen kutxa musikariak, eta jakin-minarena bisitariak. Agerrea da ateak parez pare irekiko dituen etxaldea oraingoan (Arbona, Lapurdi), eta Miren Narbaiza Mice udazkenari doinua jarriko diona oraingoan. Urteko azken Baserriko Uzta da azaroaren 18koa.
«Euskal Herriko eskualde guztietako jendea etortzea espero dugu», iragarri du Olivier Doyhenardek, Agerrea etxaldeko baserritarrak. Behi esnea ekoizten dute, eta ez dira hasiberriak: 50 urte baino gehiagoko eskarmentua dute horretan. Sistema konbentzionalean aritzen ziren lehen, eta ekologikoan ari dira 2016tik.
Izan ere, Olivier Doyhenard etxeko semeak 2017an egin zion tokia etxaldean Olivier Gervaisi. Ile de France eskualdean hegazkingintzan aritzen zen Gervais, baina ofizioa aldatzea erabaki zuen. Erlezaintzan arituz hartu zion laborantzari gustua, baina zail ikusten zuen sail horretan abiatzea, eta, gasna maite zuenez, gasna egiteko formakuntza jaso zuen. Agerreako esne freskoarekin hasi zen lehen urratsak egiten. Gaur egun, gasna eta esneki gama zabala eskaintzen du Agerreak: gasna xuria, gasna freskoa xortatua, gurin gordina, esne gaina, hedatzeko den gasna freskoa basa-baratxuri belarkiarekin, eta jogurtak. Azken horiei, berbena limoi usain sotilekin, larreetako erreginarekin edo intsusa lorearekin ematen diete zaporea. Gasna gustu ezberdinak lantzen dituzte: gasna onduak edo belarkiekin eginak (fenugrec, kuminoa eta Ezpeletako biperra).
Agerrea etxaldeak ekoizpen ekologikoko ziurtagiria duen arren, plastikoaren eta petrolioaren erabilera murrizteko oraindik zeregina badutela aitortu du Doyhenardek: «Geroz eta zentzu gutxiago dauka behiei pentsua emateak. Zerealak ekoizteko, petrolioa behar da, eta hori, ene ustez, ez da behien eginkizuna. Zerealak pertsonak elikatzeko dira», nabarmendu du.
Musikarekin «konexioa»
Miren Narbaiza Mice-k jarriko dizkio rock doinuak Udazkeneko Baserriko Uztari: «Poz handiz jaso nuen gonbidapena. Sortzaileak eta lurraren zaintzaileak erlazionatuta gaudela uste dut; inguratzen gaituenari begiratzen diogu, ulertu, erein eta bizitzak hazten jarrai dezan lan egiten dugu. Espero dut konexio hori sentitzea kontzertuan», esan du abeslari eibartarrak.
Bi urteko etenaren ondotik, iazabiatu zuten berriz ere Baserriko Uzta egitasmoa EH Kolektiboak eta Iametza komunikazio enpresak, elkarlanean. Pandemiarengatik utzi zuten bertan behera, baina bi urtaroren bueltan antolatu zuten 2022koa: udaberrikoa egin zuten Anizen (Baztan, Nafarroa) eta udazkenekoa egin zuten Ibarrolan (Nafarroa Beherea).Aurten, Biezen (Atxondo, Bizkaia) egin dute udakoa, abuztuan, eta udazkenekoa dator orain. Biezkoa egun osoko ekitaldia izan zen, baina egitasmoa bere ohiko egitaraura bueltatuko da Agerrea etxaldean: 10:30ean hasiko dira, ongietorriarekin. Ondoren, etxaldea bisitatuko dute, eta hamaiketakoa gero. 12:30ean, Miren Narbaizak girotuko du bisita. Haren jarduna amaitzean, bazkaria egingo dute EH Kolektiboko kideen baserrietako elikagaiekin. Izena emateko azken eguna azaroaren 12a izango da, eta kolektiboaren webgunean eman behar da: www.ehkolektiboa.eus. Bisita, ekitaldia, bazkaria eta tailerra barne: 30 euro. 6-12 urte bitarteko haurrek: 15 euro.
Baserria, laborantza ekologikoa eta musika uztartzen dituen ekinaldia da Baserriko Uzta. 2017an hasi zuten egitasmoari emandako segida da. Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta etxaldean egin zuten lehenengo Baserriko Uzta hura, eta Anarirena izan zen orduan kontzertua. Gerora bisitatu dituzte Urduña (Bizkaia), Arbona (Lapurdi), Oibar (Nafarroa), Anuntzeta (Araba), Pagola (Nafarroa Beherea) eta Eibar (Gipuzkoa), besteak beste. Artisten zerrenda ere luzea da: Ruper Ordorika, Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Petti, Fermin Balentzia, Xendarineko ahizpak, Uger, Astroturfer... Lurraldetasuna zaintzen dute, ekoizpen mota txandakatu egiten dute, eta musikarien estiloa eta generoa ere kontuan hartzen dituzte.
EH Kolektibokoek diote «komunitatea» sortzea dela halako ekinbideen helburua, eta sareak sortu eta indartzea: «Efimeroa eta iheskorra den jendarte digital bizkor honetan, hezur-haragizko ekimen ukigarriak maite ditugulako». Eta euskal musika ez dutela aliritzira aukeratu: «Bazterreko diren diziplinek, eragiteko, elkartu behar dute. Laborantzaren mundua eta euskal musikarena bazterreko arloak dira». Eta, bide beretik, kalearen eta landa eremuaren «lotuneak» nahi dituzte bilatu: «Inoiz gutxitan elkar ukitzen duten bi munduren arteko zubia izatea da xedeetako bat».
Ate irekiak, udazken doinuz
Baserriko Uzta egitasmoaren udazkeneko errekolta Arbonako Agerrea etxaldean bilduko dute aurten, azaroaren 18an. Beste behin, kultura eta laborantza ekologikoa uztartuko dituzte bertan: Miren Narbaiza 'Mice' izango da artista gonbidatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu