Mexikon bizi da aspaldi Itziar Aretxaga (Bilbo, 1965). Aste Santuko egun gorrien bezperan egindakoa da elkarrizketa hau, baina ezin esan bera oporretara etorri denik Euskal Herrira; ez horretara bakarrik, behintzat. Hitzorduaren aurreko egunetan Santander, Tenerife eta Bartzelonan egon da. Bilerak, hitzaldiak... Ez alferrik, Pueblako INAOE institutuko Astrofisika Saileko burua da. Hain zuzen, Mexikoko eskualde horretan bertan dago Teleskopio Milimetriko Handia, eta INAOE da proiektua zuzentzen duen erakundeetako bat. Iaztik dago martxan, eta bi urte barru gehieneko funtzionaltasuna izango duela aurreikusita dago: 50 metroko diametroa. Teleskopioaz eta beste zenbait kontuz aritu da, Albiako lorategien zerupean.
Fisika ikasi zenuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Lizentziatu berria zinela, nola hasi zinen ibilbidea bideratzen, nola erabaki zenuen tesia zeri buruz egin?
Eusko Jaurlaritzatik jaso nuen bekak aukera ematen zidan tesia egitera edonora joateko, baina nik Madrilen geratu nahi nuen. Hiruzpalau gai nituen aukeratzeko, eta galaxien nukleoak ikertzea erabaki nuen. Hango aktibitatea zulo beltzek ala izarren jaiotzak eragindakoa ote zen aztertu nahi nuen.
Gai horri segida eman al diozu gero?
Bai, baina nolabait, hari batetik hasi eta beste noranzko batzuk hartu ditu nire ikerketak. Ez dut galaxien erdigunean dagoen aktibitate horren zergatia bakarrik aztertzen: galaxia bera nola eratzen den ere bai. Gaur egun badakigu zulo beltzen inguruan dagoen aktibitate horrek garrantzi handia izan dezakeela galaxiak nola sortzen diren eta zer bilakaera duten argitze aldera. Orain horretan egiten dut lan gehiago, hasierako hari horretan baino.
Esne Bidearen erdigunean bada zulo beltz erraldoi bat. Aztertu al duzu?
Ez dut hori ikertu berez, batez ere interesatzen zaidalako zulo beltzen inguruan gertatzen diren izarren jaiotze prozesuak, eta Esne Bidean ez dago jaiotzarik jada. Dena dela, hain zuzen ere urte honetarako prozesu bat dago iragarrita gure galaxiaren zulo beltzean: gas hodei bat irentsiko du, eta oso prozesu interesgarria izango da. Orduan, nahiz eta gure gaia ez izan, Mexikon daukagun teleskopioa beste teleskopio batzuekin batuko dugu, interferometro bat egiteko; bestela esanda, Lurrak duen azaleraren pareko teleskopio bat osatzeko. Berez ez dugu Lurraren azalera lortuko, baina bai azalera hori izango bagenu edukiko genukeen bereizmenaren parekoa. Orduan, hurrengo urteetan gure galaxiako zulo beltza ere ikertuko dugu.
Zulo beltzen inguruan izarren jaiotze prozesuak nola gertatzen diren interesatzen zaizula esan duzu. Bitxia dirudi zulo beltz batetik gertu izar bat sortu daitekeela pentsatzeak...
Ez da zulo beltzean gertatzen bete-betean, inguruan baizik. Ezagutzen ditugun zulo beltz handienei buruz ari gara, horien masa eguzkiarena baino hamar milioi aldiz handiagoa da gutxienez, eta galaxien erdialdean daudela uste da. Eta hain zuzen ere erdialde horretan izaten da galaxia baten materiaren dentsitaterik handiena. Gas hodeiak galaxia batean kanpotik barrura sartzen direnean, erdirantz mugitzeko joera dute, eta gas dentsitatea ere askoz handiagoa da erdian, beraz. Hartara, zulo beltza elikatu daiteke horrekin, zein izar berriak jaiotzeko bidea eman. Ikusten ditugu, badakigu hor daudela. Nola azaldu zergatik jaiotzen diren izarrak zulo beltzetik hain gertu, zer baldintza behar diren jaiotzarako? Hori da ikertu nahi dugun gaietako bat. Kanarietako Teleskopio Handiarekin egiten dugu lan hau batez ere, irudi infragorriak ateratzeko bertan dagoen tresna batekin.
Hala ere, lantokia Mexikon duzu. Zerk erakarri zintuen hara joan nahi izateko?
Lehendik egona nintzen han biltzar batean, eta itxura hartu nion bazela leku bat non gauza asko gertatzen ziren. Aukeratu nuen, batetik, giroarengatik: urtero halako lan saio batzuk egiten zituzten, eta munduko berrogeitahamar bat astrofisikari elkartzen ziren campusean. Bestetik, ordurako hasiak ziren Teleskopio Milimetriko Handia egiten. Orduan ez nuen uhin milimetrikoekin ikerketarik egiten, baina ikusten nuen ahalmen handia izango zuela. Gainera, ikerketa institutuak askatasun handia ematen zidan nire lana nahi bezala egiteko. Leku ona iruditu zitzaidan, probatzea erabaki nuen, eta hamasei urte daramatzat.
Teleskopio Milimetriko Handia martxan dago iaztik. Horrelako gailu batekin, unibertsoari buruzko zer galdera erantzuten saiatzen zarete?
Astroen jaiotzaren inguruko galderak erantzutera dago bideratuta batez ere. Horrelako baliabideekin unibertsoan dagoen erradiazio hotza iker daiteke. Planetak, izarrak... ingurune nahiko hotzetan jaiotzen dira, hautsez eta gasez osatutako hodeietan. Hain zuzen, hodei horiek hozte prozesu baten bitartez zatikatzen dira, eta hala izarrak jaiotzen dira, eta izarrekin batera planetak eta sistemak. Prozesu horiek ezin dira ikertu teleskopio arruntekin edo infragorriekin, hauts asko dagoelako. Baina hautsak izarretatik datorren erradiazioa xurgatzen du, eta gero berriz igortzen duenean, bigarren erradiazio horren bidez ingurune horiek iker ditzakegu gure teleskopioan. Hori da beha dezakegun gauzetako bat: astroak nola jaiotzen diren, jaiotzak nola biltzen diren eta horrela galaxiak nola eratzen diren. Unibertsoko denboran dezente egin dezakegu atzera, gainera.
Eta zer gehiago iker daiteke teleskopio honekin?
Hondoko mikrouhin erradiazioa [unibertsoaren sorreraz geroztik hor zehar iraun duen erradiazio elektromagnetikoa, Big-Banga gertatu zela frogatzen duen lekuko fidagarriena]. Hori ez da prozesu hotz batean gertatu, unibertsoaren hasieran baizik, baina denborarekin erradiazio hori hozten joan da. Gure teleskopioarekin behatu dezakegu. Gainera, erradiazio hori gugana dator, baina tartean aurkitzen dituen egiturak ere antzematen ditu. Hondoko mikrouhin erradiazioa aztertuz topa ditzakegu galaxien kumulu handiak. Hortik ere bideratuko dugu gure ikerketa; hondoko mikrouhin erradiazioa ikertzeko ez ezik, horren distortsioak sorrarazten dituen materia egiturak bilatzeko ere bai.
Denboran atzera egiteaz ari gara, edo distantziaz ere bai?
Biak dira. Guk ikusten dugun erradiazioa nonbait eta noizbait sortua da, baina orain hona iristen bazaigu, distantziaren zein denboraren informazioa ematen digu, biak lotuta daudelako. Argia igorri zenetik etorri zaigun arte unibertsoa zenbat handitu den neurtzen dugu, eta horren bidez esan dezakegu noiz igorri den eta zer distantziatan dagoen orain astro hori.
Mexikoko teleskopioan egiten duzuen lanak ba al du zerikusirik Txileko Atacamako basamortuan dagoen ALMA behatoki erraldoiarekin?
Ez zuzenean, baina uhin luzera berdintsuetan aritzen gara. ALMAk beste ahalmen batzuk ditu; irudiak askoz ere bereizmen handiagoarekin egin ditzake, xehetasun gehiagorekin. Gure teleskopioak ezin ditu halako bereizmen handiko irudiak egin. Horretarako beste teleskopio batzuekin batera jarri behar dugu lanean, elkarrekin antena handiago bat osatzeko. Beste teleskopioek aurkitutako galaxiak ikusteaz arduratzen da ALMA, xehetasun horiek guztiak zehaztu ahal izateko. Guk ezin dugu halakorik egin, baina, era berean, ALMAk ezin ditu galaxiak erraz topatu, eta guk bai. Osagarriak gara.
Zulo beltzak, grabitazio uhinak, exoplanetak... Azkenaldian ez al dira astrofisikari buruzko albiste asko plazaratzen ari hedabideetan?
Ez bereziki, nik uste dut astrofisika oso salgarria izan dela beti. Gutako asko zientzia hau egiterasartu ginen norbaitek bultzatu gintuelako: irakasle bat, edo telebistan ikusi genuen Carl Sagan zelako bat, edo gure eskuetara erori zen liburu bat. Era batera edo bestera izan, normalean dibulgazioaren bidez izan genuen astrofisikaren berri. Astrofisikan dibulgazioa egiteko tradizio handia egon baita, eta orain lantzen dugunok saiatzen gara tradizio hori mantentzen. Badakigu ona dela jendeari azaltzea zer egiten dugun. Azken finean, guk egiten duguna jendearen diruarekin egiten dugu, gure lana funts publikoekin sustatzen baita. Baina ez nuke esango astrofisikari buruzko albiste gehiago dagoenik. Agian, komunitate zientifikoa gero eta handiagoa da, eta Internetek erresonantzia gela erraldoi bat eman digu. Lehen ez zegoen horrelakorik.
Astrofisikaren alorrean jakiteke dauden gauza guztien artean, zer argitzea gustatuko litzaizuke hurrengo urteetan?
Bat esatea gutxi da! Nik neuk jorratzen ditudan gauzen artean, galaxiak nola osatzen diren, horri buruzko galderak ditut. Esne Bidea nola sortu zen, nola eratu zen orain ezagutzen dizkiogun propietateekin... Baina, bestela ere, uste dut badaudela oso zirraragarriak diren gauza asko. Kosmologiari lotuta, unibertsoaren lehenengo uneei... Esaterako, materia ilunak 80 urte darama gure artean, aurkitu zutenetik; eta oraindik ez dakigu zer den. Energia iluna zer den ere ez dakigu: hori izango da hurrengo urrats handia. Exoplaneten arloan gertatzen ari diren aurkikuntzak ere oso zirraragarriak dira. Beste planeta batzuetan ura topatzea bera ere albiste handia izango litzateke. Bizitza aurkitzen bada, ere bai. Eta, nola ez, noizbait bizitza adimendunaren aztarnarik topatzen badugu, sekulako aurkikuntza izango litzateke hori.
Ezarian. Zientzia. Itziar Aretxaga. Astrofisikaria
«Astrofisika oso salgarria izan da beti, dibulgazioa egiteko tradizioa egon da»
Duela hamasei urte hasi zen Aretxaga Mexikoko INAOE institutuan lan egiten, eta bertako Astrofisika Saileko burua da egun; handik 140 kilometrora dagoen Teleskopio Milimetriko Handia iaztik dago martxan, eta hura du lan tresna nagusietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu