Asteburuko proposamenak

Astoei balioa emateko

Jarduera ugari antolatu dituzte biharko Astotxo Egunerako, Lazkaon. 'Egiptorako ihesa' antzezlana: 13:00etan egingo dute

Egiptorako ihesa antzezlana Lazkaon, duela bi urte. AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA.
Nagore Arin.
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Astotxo Eguna da urtea hasi orduko lazkaotarrek (Gipuzkoa) izan ohi duten lehen hitzordu nagusia: Errege Egunaren ondorengo igandean. Bihar ospatuko dute egun hori, eta urtero bezala, ekintza andana antolatu dituzte aurtengo aldian ere: Gipuzkoako Asto erakusketa eta lehiaketa, Egiptorako ihesa antzezlana eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalisten bertso saioa, besteak beste.

Eguneko ekitaldi nagusietako bat Egiptorako ihesa antzezlana izango da. Lazkao Txiki Zelaian egingo dute, bihar, 13:00etan. 1652. urtean du jatorria jaiak, Lazkaoko zistertarren komentuaren inguruan: mojek Familia Santuak Egiptora egin zuen ihesa azaltzen zuten zenbait irudi jarri zituzten Elizan, eta, urtetik urtera, ohitura bihurtu zen irudi horiek ikustera joatea.

1980ko hamarkadan, herritar talde batek antzezlan gisa jokatuzituen irudion rolak. Garai horretatik, ohiko ekintza bilakatu da Egiptorako ihesa antzezlana, Zawopi elkartea arduratuko da antolamenduaz eta antzezpena egiteaz. Guztira, ehun herritarrek baino gehiagok parte hartuko dute. Arratsaldean, berriz, bertso saioa egongo da 18:30ean: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak izango dira: Nerea Elustondo, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Ane Labaka Maioz, Agin Laburu, Beñat Lizaso, Jon Maia eta Alaia Martin .

Jarduera horiez gain, izango dira urtez urte egin ohi diren klasiko gehiago; kasurako, Gipuzkoako Asto erakusketa eta lehiaketa. Enkarterri izeneko arrazakoak izango dira astoak, eta epaimahai bat arduratuko da astoak arraza horretakoak direla baieztatzeaz. Erakusketaren eta lehiaketaren XXI. aldia izango da. Ondoren, asto ar eta eme onenak zein diren eta ederrenak zeintzuk diren hautatuko dituzte.

Lazkaon duela 25 urte inguru hasi ziren bertako asto espezie hori leheneratzeko lanean. Hori dela-eta sortu zuten Gipuzkoako Astozale Elkartea, Giasel izenez. Astoak haztea eta babestea da haien helburua; baita ondorengo belaunaldiei animalia horrekiko miresmena transmititzea ere. Lazkaotarra eta astozalea da Joxpi Intxausti, eta astozaletasun hori sustatzea du helburu hark ere. Haren arabera, Astotxo Egunaren harira hasi ziren lanean, astorik ez zegoela eta arraza amaitzen ari zela iritzita. Horrela hasi ziren, eta astoak zaintzen dihardute egun, arraza mantentzeko asmotan.

Astotxo Eguna




Bihar, 10:00etatik aurrera, Lazkaon (Gipuzkoa).

EGITARAUA
10:00. Asto diana, kalean barrena.
11:00. Meza nagusia Zisterraren komentuan. Enkarterriko astoen kalifikazioa, plazan.
12:00. Gipuzkoako XXI. astoen erakusketa eta lehiaketa.
12:30. Astotxo txikia antzezpena.
13:00. Egiptorako ihesa antzerkia.
18:30. 2019. urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalisten bertso saioa, Areria antzokian.


 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.