ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Lesakan historia eta artea, batera

Jorge Oteizak Aita Donostiaren omenez egindako eskultura, 36ko gerra garaiko lubaki bat eta historiaurreko harrespilak dira Agina mendiak dituen altxorrak.

2008ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Garai ezberdinak ederki bateratzen dituen txokoa da Lesakako Agina mendia (Nafarroa): harmonian daude historiaurreko elementuak eta XX. mendekoak. 650 metroko garaieran dago Agina, eta basoz betetako eremu berdea da ia bere osotasunean: gainaldean sei baserri ditu, eta gainontzekoa historiaurreko aztarnezosatutako eremu babestua da.Hor daude Lesaka iraganeanburdingintzarekin erlazionatuta egon dela frogatzen duten aztarnak.

Aginaren goialdeko altxorrak ikusteko hiru bide nagusi daude: Burdin bidea, Historiaurrera bidea eta Bide arkeologikoa. Gehienek Bide arkeologikoa deritzona hautatzen dute: Lesaka herritik atera eta errepide hestu eta bihurgune ugariko batetik gora zortzi kilometro inguru igo, eta mendi puntara iristen da. Espainiako gerra garaian (1936-1939) frankistek atxilotuak zituzten preso errepublikanoek egin zuten errepide hori, eta ondo mantendua dago. Horregatik, egokia da autoz edo bizikletaz igotzeko.

Errepide horretan hainbat lehiaketa egin ohi dituzte, bizikletarekin eta autoekin zerikusia dutenak: urtean bi aldiz Aginako Igoera izeneko automobil rallyak antolatzen dituzte, eta handik igarotzen da Euskal Herriko Bizikleta lasterketa ere.

Oinez ibili nahi duenak badu horretarako aukera: errepidetik bertatik edo inguruan seinaleak jarriak dituen mendi bidetik igo daiteke Aginako kaskora. Oinezko mendi bideak betidanik hor egon diren arren, iazko urrian moldatu zituzten eta egoki seinaleztatu, edonork galtzeko arriskurik gabe bidea egin ahal izateko.

Aginaren goiko aldera iritsita, autoa zelaigunean utzi eta oinez 100 metro ibili ondoren lubaki bat ageri da, belar artean erdi ezkutatua. Ate txiki batetik sartuta, 50 metro inguruko iraganbide bat dauka, mendiaren beste aldeko aldapa batera doana. Aginara doan errepidearen antzera, lubakia ere 36ko gerran preso errepublikanoek egin zuten, frankistek leku gordea eta estrategikoa izan zezaten etsaien aurka borrokatzeko.

Lubakia albo batean utzi eta bizpahiru minutu oinez jarraituz ikus daiteke Aginako kaskoa. Inguruko isiltasunak eta bertako hil-muinoak eta harrespilak lekuari izaera mistikoa ematen diote, eta hausnarketa egitera bideratzen dute. Harrespilei jentil-baratza ere esaten zaie. Historiaurrean hildakoentzat larrean jartzen zituzten harriak dira. Harriekin borobil bat egiten zuten, eta hildakoak lurperatzen zituzten borobilaren barruan.

Aginan dauden harrespil gehienak Neolito garaikoak dira, duela 4.500 urte inguruko harri borobil handiak. Baina txiki batzuk ere badaude, handiak baino berriagoak direnak: duela 2.600 urte ingurukoak dira. Harrespil handiek bezala, borobil forma dute, bainasortzen duten borobilaren barruan gorputzak lurperatu ordez, hildakoak erre eta haien errautsak botatzen zituzten harrespil barrura.

Historiaurreko hil-muinoen artean dago Jorge Oteiza eskultore oriotarrak 1959an egindako eskultura. Aita Donostiaren (Jose Zulaika Arregi 1886-1956) omenez egin zuen, Aranzadi Elkarteak hala eskatuta. Adituen hitzetan, harri beltzean egindako eskulturarekin Oteizak gerora 1970 eta 1980 urteetan zabaldu zen land-art -paisaiarekin bat egiten duen artea- mugimenduan lehen urratsak egin zituen. Oteizak historiaurreko artea berraurkitzen du, espazio ireki baina mugatua irudikatuta. Izan ere, Aita Donostiaren omenez egindako eskulturaren bitartez, harrespilek duten barneko espazio ireki baina mugatua irudikatzen baitu.

Oteizaren eskulturaren ondoan harrizko kapera bat dago, lesakarrek Aita Donostiaren omenez egin zutena. Bertatik begiratuta, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan dauden hainbat mendi ikusten dira, Agina mendebaldetik inguratu eta babesten dutenak: Aiako Harria, Aritxulegi, Errenga, Bianditz, Burnaiztegi, Elutsa eta Pagolleta.



SEKUOIA HANDIENA.Aginako kaskoan aurrera jarraituta, aldapa jaitsi eta Domiko urtegira doan bidea dago. Ordu erdi bat inguru behar da oinez jaisteko. Zati bat asfaltatua dago, eta bestea harriz eta belarrez osatutako bideak osatzen du. Urtegia berez Irungo Udalarena da, XX. mende hasieran Lesakari erosi zizkion lurretan egina baitago. Besteak beste, hor ikus daitekeinguruko sekuoia zuhaitz handiena: lau lagunek batera heldu behar dute enbor osoa hartzeko, zortzi metro inguruko zabalera baitu. Garaierari dagokionez, 40 metro ingurukoa da. Ondoan dituen gainontzeko arbolak bezala, gizakiak landatutakoa da, lur horietan zuhaitzak ez baitira berez sortzen. Lesakako nekazari batek azaldu duenez, urtegia normalean baino maila baxuagoan dago, eta hori da sekuoia normalean baino gehiago ikustearen arrazoia.

Domiko urtegiaren inguruan ere badago ibilaldia egiteko aukera. Izan ere, urtegia inguratzen duen bide bat dago, sekuoiaz gain gorostien, pinuen eta beste hainbat landare motaren artean dagoena. Horiez gain, pottokak, ardiak eta basoan bizi diren beste animalia batzuk ikusteko bidea ematen du ibilaldiak, eta oinez lau bat ordu dira.

Urtegiko aldapan gora joanda, eskuin aldean Ikatzuloko atsedenlekua dago. Askaria eramanez gero, hori da jateko leku egokietako bat: iturria eta egurrezko mahaiak eta aulkiak ditu. Oinez joandakoek bi aukera dituzte Lesakara itzultzeko: aldapa igo eta aurreko bide bera hartzea, edo Ikatzulotik seinaleei jarraitu eta zuzenean Lesakara joatea. Bi ordu inguru behar dira horretarako.



JAKINGARRIAK

Nola iritsi Aginara. Autoz Lesakara joateko N-121 errepidea hartu, eta Lesakara iritsita, aurrera jarraitu eta herritik irten Oiartzunera doan NA-400 errepidea hartuta. Errepide horretan gora igo, 8 kilometro inguru, Aginako kaskora iritsi arte.

Non lo egin.

Agina etxea: Agina mendiaren erdialdean dago. Bizikletak alokairuan dituzte. Xehetasunak: 948-38 70 57

Non jan.

Kasino Ostatua: Lesakako PlazaZaharrean dago. Xehetasunak: 948-63 72 87

Linddurenborda Sagardotegia: Nabaz auzoan dago, Linddurenborda baserrian. Xehetasunak: 948-63 72 12
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.