Tontorrera iritsi baino 100 metro lehenago, zuhaitz artean harresi baten aztarnak ikus daitezke. Ikertzaileen aburuz, harresia eta gaztelua XII. mendean eraiki zituzten Hernioko igarobideak eta inguruko bailarak zaintzeko helburuarekin. Izan ere, XI. eta XII. mendeetan Hernio inguruak harremanetan jartzen zituen kostaldea eta barnealdea (ipar-hego norabidean) eta ekialdea (Bizkaia).
Harresiaren ondoko belardian gora jarraituta, mendiaren puntara doazen haitzak igo eta zutik mantendu diren gazteluaren paretak ikus daitezke. Horietan sartuz gero, 803 metroko garaiera duen Mendikuteko gailurrera iristen da bisitaria. Gaztelua borobil itxurakoa da, eta egun belarrak zati bat estaltzen duen arren, ikus daiteke harriaren gainean egina dagoela.
Tontorrean dauden harrien artean burdinazko gurutze bat ikus daiteke, baita tontorraren garaiera zein den jakinarazten duen irudia ere. Goitik begiratuta, Hernio mendia eta magalean dituen herriak ikus daitezke. Hortik begiratuta, ulergarria da iraganean bideak kontrolatzeko asmoz bertan gotorlekua ezarri izana.
Gaztelua sortu zutenean gotorleku gisa erabili zuten, eta bat etorri zen XII. mendean Gipuzkoan gizarte antolakuntzan feudalismorantz gertatu zen aldaketarekin. XIV. mendera arte ingurua kontrolatzeko erabili zuten gaztelua, baina XIV. mende hasieran berregituratu eta ez zuten gehiago babestoki gisa erabili.
Gerora gaztelua ez zen gehiago erabilia izan, Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) gertatu zen arte. Zelatariak Mendikuteko gazteluan jartzen ziren, Espainiako errepublikarren aurka matxinatu zirenen hegazkinen etorrera jakinarazteko, eta inguruan lubaki bat egin zuten. Egun ez dago lubaki horren arrastorik, baina inguruan gerra garaiko armak eta balak aurkitu dituzte.
Mendikuteko gazteluaren inguruan hainbat indusketa egin dituzte, bere historia hobeto ezagutzeko balio izan dutenak. XX. mendean hasi zituzten indusketak Mendikuten, eta lehenengoa 1911n izan zen. Isaac Lopez Mendizabal eta Emilio Rotondo ikertzaileek gidatu zuten, eta indusketatik ondorioztatu zuten gaztelua Behe Erdi Arokoa zela -k.o. 1100-1400 urte bitartekoa- .
Hainbat urtez indusketa gehiago egin gabe egon ondoren, 1990eko hamarkadan garbiketei eta ikerketari ekin zioten berriro, lehenengo Miren Aierberen gidaritzapean, eta Iñaki Padillarenean gero. Guztira 2.000 aztarna inguru aurkitu zituzten gazteluaren inguruan. Horien artean, txanpon multzo bat, arrasto militarrak, arropak, tresnak, astialdiko jolasak eta jakien hondakinak.
Gaztelua noizkoa zen zehazteko aurkikuntza baliagarrienetakoatxanponak izan dira. Nafarroako, Gaztelako eta Frantziako Erreinuetan txanpon horiek XI. mendetik XIV. mendera arte erabiltzen ziren. Txanponekin batera, gazteluaren aztarnetan aurkitutako Erdi Aroko daga luzeek eta motzek, ezpatek, lantzek eta geziekMendikute borroka ugariren gune izan zela erakusten dute. Era berean, baieztatzen du Nafarroarentzat, Gaztelarentzat eta Frantziarentzat garrantzi estrategikoa ere bazuela.
Oro har, ikertzaileek indusketekin aurkitutako aztarnekin gaztelua noizkoa den zehaztea lortu dute. Arrastoak ugariak diren arren, gaztelua garai ezberdinetan erabili zutela frogatzeko balio dute, baina oraindik ikerketa gehiago egin beharko dira, hainbat galdera baitaude erantzuteke.
GALTZADA ERROMATARRAK. Oinezkoak, mendia igotzen hastean, belardiak eta banakako harriak konbinatzen dituen paisaia ikusiko du. Autoa Santutxun utzi eta Albizturko kaskora berez edonor ordu erdi batean edo 40 minututan irits daiteke oinez. Kaskora bidean gora egin ahala, harriek erreka baten ondotik aldapan gora doan bidea mugatzen dute. Harbidea erromatarren garaikoa da, eta bertan indusketak egin dituzten adituen iritziz, Mendikute inguruan zituzten meatzeetara joateko erabiltzen zuten erromatarrek galtzada.
Erdi Aroan erromesaldi erlijiosoetan erabili zuten erromatarren harbidea, Done Jakue bidean kostaldera joateko egokia baitzen. Horrez gain, aziendarekin zihoazen baserritarrek ere erabiltzen zuten, animaliak larre egokiagoen bila leku batetik bestera eramateko.
Aro Modernoan, berriz, auzo bide eta herri arteko bide bezala erabili zuten galtzada. Orduan errepiderik ez zegoenez, komunikazioa errazteko helburuarekin harbideak txukundu eta ondo jartzea sustatu zuten udaletxeetan. Horrela, herri bereko auzoetan ibiltzea hobetu zuten, baita herri batetik bestera igarotzea erraztu ere.
XV. eta XVI. mendeetan Gipuzkoako Batzar Nagusi gehienak Bidania-Goiatzeko ibarretan egiten ziren. Bertara joateko lagun askok barnealdea eta kostaldea lotzen zituzten herri arteko hiru bide erabiltzen zituzten. Horiek guztiak Hernio mendiaren inguruetatik igarotzen ziren, eta Mendikuteko galtzadatik pasatzen zen horietako bat.
Mendikuteko gazteluaren inguruan ere galtzada baten aztarnak daude. Bideak 500 eta 1.000 metro bitarteko luzera dauka, eta gaztelutik Intxurbiako baserri ingurura doa. Adituen ustez, harbide hori Erdi Arokoa da, gaztelua gotorleku bezala erabiltzen hasi ziren garaikoa. Haien aburuz, galtzadaren helburuetako bat lekua hobeto komunikatzea zen.
Adituen esanetan, oro har historian jende gutxiago ibili izan da gazteluko galtzadatik erromatarretik baino. Horren arrazoia da gaztelua erabiltzeari utzi ziotenetik lagun asko ez zirela bertatik pasatzen.
Galtzada maldan dago, eta mendiaren beste aldeko lautadara iristen da, sasiz eta garoz betetako bidea igaro ondoren. Gaztelutik lautadara iristeko hogei minutu edo ordu erdi inguru behar dira. Bertan ibili ohi diren mendizaleek jaitsieran gazteluaren ondoko galtzadaren bidea hartzea gomendatzen dute, bestea baino aldapatsuagoa denez, igotzeko galtzada erromatarra baino gogorragoa delako.
Hasieran, gazteluaren hesiaren ondotik igarotzen da galtzada, eta harriak eta belarrak tartekatzen ditu. 70 metro inguru oinez ibili ondoren, larre bat ikus daiteke, aker eta ahuntz batzuekin. Ondoan, antzina animalientzat aska izan zen harrizko laukizuzen bat dago. Hori inguratuta, bidearen erdialdera iristen da ibiltaria. Gainontzeko bide zatia haritzen gerizpean egiteko aukera dago.
Mendikute, beraz, hainbat ezaugarrigatik da mendi berezia. Mendeetan herriarentzat ez ezik bertatik igarotzen ziren bidaiarientzat izan da garrantzitsua. Nahiz eta gazteluaren edo galtzaden jatorriari buruzko informazio gutxi izan, mendia osatzen duten iraganeko elementuek sentipenak eragiten dituzte ibiltariengan: ezer esan gabe hitz egiten dute, eta iraganeko garaietara bueltatzen ari den irudipena sortu.
JAKINGARRIAK
Nola iritsi: Albizturko plazatik abiatuta, haranetik gora joan behar da Nekoralde baserriaren parean errepidea utzi arte. Gaztainondo baten ondotik basoan barrena sartu, eta erreka ondotik pista bat dago. Hori zeharkatu ondoren harri batzuk daude, eta gurdibide bat hartu behar da. Hortik gora jarraituta, harriek harbide bati hasiera ematen diote. Hori da erromatarren galtzada, eta hortik gora Mendikute gaztelua dago.Non lo egin: Segore Etxeberri Ostatua.
Telefonoa: 943-58 09 76.
Nonjan: Elane Jatetxea.
Telefonoa: 943-65 43 51.
Herriko Etxea. Telefonoa: 943-65 25 08.
Segore Etxeberri Jatetxea.
Telefonoa: 943-58 09 76.
Elane Jatetxea. Telefonoa: 943-65 43 51.
Informazio gehiago: Albizturko idazkaritzan turismo informazioa eskaintzen dute. Telefonoa: 943-65 44 26.