ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Donostiaren historia eta urguilua

Urgull magalean eta haren babespean sortu eta hazi den hiria ezagutzeko, merezi du mendia bera ezagutzea, merezi du baita bertako txoko eta bazterretan galtzea ere.

Irune Lasa.
2008ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Historia eta istorioak kontatzen dituzte harriek. Mendiaren magalean herrixka bat hiri nola bihurtu den ikusi dute. Soldaduak hiltzen... Haurren lehen bihurrikeriak, gazteen lehen laztanak, edadetuen paseo eta berriketaldiak... eta, nola ez, estropadak!

Urgull mendia eta haren bidezidorrak maitatzeko modu bat da eguneroko ibiltariena eta badira beste moduak. Oroitzapenetan oinarritutakoak, adibidez. Haurtzaroan hara egindako txangoak gogoratuko dituzte hainbatek. Edo mendiaren txoko bat maitatuko duten bereziki, noizbait sosegu bila topatutakoa. Era batera edo bestera, eguraldi on edo ez hain onarekin, maitagarria da Urgull. Lehen bisitaldi batean, gune interesgarri gehienak ezagutzeko moduko ibilaldia egin daiteke bizpahiru ordutan. Dena den, presaka ibili gabe eta ikusmira gozatzeko eserita, denborak ihes egiten du.

Denbora izan zen, olatuen eta haizeteekin elkarlanean, 20 metroko lodierako hare mihia osatu eta Urgull lurrarekin elkartu zuena, irla mendi bihurtuz. Mendiaren oin horretan sortuko zen geroago hiri bihurtuko zen herrixka. Nafarroako Erresumaren itsasportua izango zen Donostia, eta Antso XVI.a Jakitunak sorrera agiria 1180. urtean eman zion. Agirian mendiko gazteluaren aipamenik ez badago ere, jada gotorlekua bazegoela pentsatzen da, eta Nafarroan ohikoa zen egitura baten aztarnak ere topatu dira.

Portuak merkatari eta armadore gaskoiak erakarri zituen, eta haiek eman zioten izena mendiari: Urgull (urguilu). Dirudienez, badira izen bereko beste hainbat mendi Bretainiako kostaldean eta Mantxako Kanalean. Jerseyko irlan dago, esaterako, Orgueil mendia. Gaskoi izenekoak dira ere Donostiako beste hainbat leku izen: Aiete, Txofre, Ulia, Polloe, Miramon, Mompas, Narrika...

Bai portuaren jarduerak hartutako garrantziak bai herriaren kokalekuak (Frantziarako giltza deitzen zioten Espainian) mendia gotortzea eskatuko zuten behin eta berriz urteen joan etorrian. Herria bera ere murruek babestu zuten 1863. urtera arte.



ARKITEKTURA MILITARRA. Mendeak eta gatazkak pilatzen joan ahala, bata bestearen gainean nahastu ziren gotorleku, talaia eta biltegiak. Gailurreko gazteluak ere hainbatetan aldatu zuen itxura. Parke bilakatu den arren, gaur egun, bisitariak garai zehazgabe bateko gerratokian dagoela sentituko du.

Ibilaldia nondik hasi aukeratu behar da. Zuloaga plazako sarrera itxita dago gaur egun, San Telmoko museoaren obrengatik. Pasealeku Berrikoaz eta Aquariumekoaz gain, Alde Zaharrean daude beste sarrerak: Portuko harresia, Trinitate plazakoa eta Gazteluko igoera. Ordutegia 08:00etatik 18:00ak artekoa da neguan eta 20:00ak artekoa udan.

Kaiaren gainean eskaileretan gora eginda, atetxo bat igaro eta mendiaren mendebaldera zabaltzen dira bi bide. Azpikoa, Apaizen Pasealekua, portuaren gainean doa, haren ikusmira bikaina eskainiz, baita Injentean kaletik Urgullen barneratzen den harresi zatiarena. Errege Katolikoen garaitik Donostian inguratzen zuen harresitik gelditzen den zati bakarra da,eta portuko ate zena defenditzea zuen xede.

Gaineko bideak Damen Bateriaraino darama bisitaria. Aquariumaren gainean eta Santa Klara irlaren parean dago. Kanoiak, paisaia ikusgarria, eta talaia ezin hobea Donostiako Badia eta portua zaintzeko. Eraikinetako bat liburutegi eta Natur Txoko bihurtu dute. Udan bakarrik egoten da zabalik eta batez ere haurrentzako dago egokituta.

eskaileretan gora, eta zeinbat pasabide igaro hartu eta gaztelura bidean Santa Klara gotorlekura iritsiko gara. Eguraldi onarekin taberna zabaltzen dute bertan, garai batean bolborategia zegoen eraikinean; tokia eta paisaia, apartak biak.

Gora egin eta Santiago bateriara iristean, ahoa bete hortzekin gelditzeko moduko ikusmirak harrapatzen du bisitaria. Kontxako Badia azpian, hiria parean eta mendiak, Adarra esaterako, urrutira. Kanoitokiaren zabalgunea, leku bikaina da atseden hartzeko.Santiagoko gotorlekua (mendebaldean), Gobernadorearena (hegoaldean), Bardokaskoa (iparraldean) eta Begiratokiko gotorlekua (ekialdean). Berwickeko dukeak 1719an 20.000 soldadu frantsesekin gaztelua hartu ondoren, babes hobeago baten bila jasotako eraikin finkoak dira.

Bidean gora, gailurrera, Motako gaztelura, iritsiko gara. Murruen konponketa eta garbiketa lanak egiten ari diren arren ez dago oztopo handirik gaztelua ikusteko. Barrura sartuta, duela gutxi zabaldutako Hiriaren Historiaren Etxean sartuta Donostiari Begira erakusketa dotorea goza daiteke. Gainera, orain arte gehienetan itxita egoten zen terrazara irteera dauka eta, zalantzarik gabe, hango begiratokiak bisita merezi du. Ulia, Zurriola, Badia eta hiria atzean Aiako Harriak dituela. Ikusgarria. Hantxe da go Jesusen Bihotz Guztiz Santuaren estatua erraldoia 1950. urtean eraikia herri ekimen bat tarteko.



INGELESEN HILERRIA. Gaztelua utzita, Ingelesen Hilerria ikusi gabe ezin joan.Gobernadorearen gotorlekua eskuinean utzi eta iparraldera jaitsi behar da. Erromantikotasuna dario hilerriak ondoan duen itsasoko olatuen erritmoaren bakea katuen mugimenduak soilik hausten duela.

Lehen Karlistadara ( XIX. mendeko lehen erdian) Erresuma Batutik etorritako militarrak daude bertan ehortzita. 1813an Napoleonen tropak garaitu zituzten soldadu ingeles eta portugaldarren aldeko monumentu bat ere bada, 1913koa. Kasinoan jarri zuten, baina donostiarreki ez zitzaien gustatu, eta Ingelesen hilerrian amaitu zuen. Aukeran dago orain Pasealeku Berrira jaistea, Bardokasko gotorlekuan behera edo Alde Zaharrera itzultzea Begiratokiko Bateriatik. Donostiako hainbat tokitatik ikusten den ikurrina bertan esekitzen dute.

Guardetxea hain zuzen Gazteluko Igoeraren ate parean dago. Hainbat urtetan artearekin eta batez ere musikarekin lotutako hainbat ekintza hartu dituen eraikina noiz konponduko duten zain dago, erre egin baitzen. Aldapan behera egin eta Alde Zaharrean gaude atzera, Donostiaren historia eta urguilua ezagututa.



Kanoi hotsen oihartzuna

Soldadu espainiarrek frantsesek, ingelesek, portugesek eta bestek ezagutu dute gotorlekua.
I.L.

Donostia

Eskaileratan gora, ibiltariak une batez soldadu baten kolkoan ikus dezake bere burua Urgullen. Izan ere, kanoikada, sute eta setioak nozitzera behartua izan da mendia mendeetan zehar. Gotorleku izateko kokapen ezin egokiagoan, hainbat armadatako soldaduek egin diote eraso, eta beste hainbestek zaindu dute.

Erasoak eraso, 1719ra arte ez zuen inork lortu gaztelua hartzea. Orduan Aliantza Laukoitzaren izenean Berwick Duke James Stuart Fitz Jamesek gidatutako soldadu frantsesak izan ziren sartu zirenak. Hiria setiatu zuten 30 kanoi eta 16 morteropean. Abuztuaren Lehenean sartu ziren harresia eraitsita, Espainiako eta Gipuzkoako soldaduez osatutako goarnizioa Gaztelura erretiratu zen. 17 egunen buruan errendituko ziren.

Dena den, eraso odoltsuena 1813. urtekoa izan zen. Napoleonen soldaduak erretiratzen ari zirela Donostiako hirian gotortu ziren Emmanuel Rey jeneralaren agindupean, 3.200 soldadurekin. 58 kanoi zituzten, horietatik 13 Urgullen ezarriak eta beste hainbeste edonon ezartzeko prest.

Ingelesen lehen erasoak porrot egin zuen uztailaren 25ean, harresiak Zurriolan duen zuloa gainditzen saiatu eta 2.000 bajatik gora izan zituztenean,70 soldadu galdu dituzten frantsesen supean. Graham jeneralak su-etena eskatuko du zaurituak itsasoa igo aurretik jaso ahal izateko.

Ingalaterratik artilleria gehiago jaso arte itxarotea erabaki zuen orduan Grahamek eta bitartean setioari eutsi zion. Abuztuaren 22an berriz ekin zion arte. Ingelesek eta portugaldarrek osatutako armadak 67 artilleria pieza zituen orduan zortzi bateriatan.

Abuztuaren 31ko erasoak arrakasta izan zuen eta Wellingtonen armadako soldaduak hirian sartu ziren. Frantsesak 280 zauritu atzean utzita, Urgullera erretiratuko dira. Handik ikusiko dute, donostiarrek txaloz hartu dituzten soldaduek nola txikitzen duten hiria, sei egun eta erdi odoltsuetan. Rey irailaren 8an errendituko da, 2.000 soldadu galdu ondoren; beste bandoan hildakoak 3.200 dira. Eta tartean donostiarrak. Erasoaren aurretik 5.500 biztanle zituen hiriak; ondoren, 2.600.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.