«Berbaxerka edo Egunean Behin?». Euskaldun askok egin dute galdera hori azken asteetan, baina orain arte ezin izan da bi jokoetara batera jokatu. Horri, ordea, datorren astelehenetik aurrera jarriko dio konponbidea CodeSyntaxek: bueltan da Egunean Behin. Bederatzigarren denboraldian hiru urte beteko ditu aplikazioak, eta ez da erronka makala izango aurreko denboraldiko emaitzak gainditzea: 60.000 lagunek baino gehiagok jokatu zuten egunero-egunero.
Hori ospatzeko, hainbat berrikuntza iragarri dituzte garatzaileek. Hasteko, galderetan: «Jakintza, trebezia, matematika… eta euskal gaiak beti herri ikuspegitik». Hamar asteko denboraldian sailkapen orokor bat izango da lehen aldiz, EITBk babestuta (hura da denboraldi berriaren babesle nagusia). Eta sasoiaren amaieran final bat ere egingo dute, «pandemiaren egoerara egokituta»: «Aurrerago jakingo dugu nolakoa izango den», azaldu dute.
Gaur 8, gauerdiarekin, #EguneanBehin itzuliko da. Nahi duzue pista on bat galdera berrietara prestatzeko? treba zaitezte Wordle (https://t.co/4vWpwVBGKi) eta Berbaxerka (https://t.co/YnRrag2AvC) jokatzen pic.twitter.com/rbHbwEyEAN
— Egunean Behin (@eguneanbehin) January 23, 2022
Ohiko asteroko sariez gain, denboraldiko sailkapenak ere sariak izango ditu: Samsung LED telebista adimentsu bat, Vivo Y70 telefono bat, eta Xiaomi Redmi Note 8 telefono bat. Horiez gain, zozketaz, bi Chromecast banatuko ditu Egunean Behinek.
Esan bezala, EITB izango da denboraldiaren babesle nagusia (bi aste ere babestuko ditu), baina beste zortzi babesle ere izango ditu aplikazioak, aste bakoitzean bat. Tartean da BERRIA. Hauek dira gainontzekoak: Mondragon Unibertsitatea, Kaixo Maitia harremanetarako gunea, Eika sukalderako gailu elektronikoak, Mubil mugikortasun berriaren zentroa, Ekolurra kontseilua, 22. Korrika eta Euskaber arrautzak.