Aste Santu bete ekitaldi

Pandemiaren ondorioz bi urteko geldialdia egin ondoren, bueltan dira Pazko egunetako jaialdi, txango eta egitarauak. Besteak beste, Bilbon Basquefest, Luzaiden bolantak, Gotaine-Irabarnen Xiru jaialdia, Baionan eta Gasteizen azokak, eta Irunen eta Donostian bisitak eta txangoak.

Bolant Eguna. Luzaideko (Nafarroa) bolantak Arretxe pilotalekuan dantzan aritu ziren azken aldia. JON URBE / @FOKU.
Iker Tubia.
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Poliki-poliki COVID-19aren pandemia aurreko jaialdi, azoka eta bestak antolatzen hasiak dira han eta hemen. Aste Santuko egunetan ohikoak ziren halako ekitaldiak, eta aurten bueltan dira gehienak. Bihartik aurrera oporretan direnek izanen dute zer gozatu Euskal Herritik ateratzeko beharrik gabe, baita kanpotik bisitan heldu den jendeak ere: kultur ekitaldi anitz, baita azoka franko ere. Hauek dira hurrengo egunetarako proposamen batzuk.

BIZKAIA
Basquefest jaialdia

Noiz:Gaurtik igandera bitarte.
Non:Bilboko zenbait txokotan.
Informazio gehiago: https://basquefest.bilbao.eus/eu

Bueltan da Basquefest, Bilboko Udalak Aste Santuan antolatzen duen euskal kulturaren jaialdia. Gaurtik igandera arte, 200 jarduera baino gehiago eskainiko dituzte Bizkaiko hiriburuko zenbait txokotan; gehienak, dohainik. Gastronomiaz, musikaz, herri kirolez eta zinemaz gozatzeko parada izanen dute egun hauek Bilbon eginen dituztenek. Ohiko lekuez gain, aurten lau oholtza berri izanen ditu jaialdiak: Kasilda Iturrizar parkean ihes joko bat izanen da; Etxebarria parkean, artzain txapelketa; Erreprodukzioen Museoan, perkusio tailerra, eta Club Deportivoko pilotalekuan Euskal sustrai gaua ikuskizuna. Hori Basquefest jaialdiak prestatutako ikuskizuna da.

Musika eskaintza zabala izanen da. Besteak beste, Demode Quartet, Aire Ahizpak, Still River eta Basabi taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, eta Kafe Antzokian rock taldeak ariko dira gauero. Gainera, Areatzan herri kirolak izanen dira.

NAFARROA
Bolant Eguna

Noiz:Igandean, egun osoz.
Non:Luzaideko karriketan eta Arretxe pilotalekuan.

Koloretako bandak airean dantzan paratzeko eguna dute igandean Luzaiden. Egun osoko besta da Bolant Eguna, eta dantzak hartzen du toki nagusia. Goizean goiz gosaria hartuta, karrika inguruan ariko dira dantzariak eta musikariak. 10:00ak inguruan bisitatuko dituzte Pekotxeta eta Benta auzoak, eta eguerdian hitzordu berezia izanen da Santiago plazan, han zenbait dantza eskainiko baitituzte. Zaldizkoak, zapurrak, ziganteak, banderariak, gorriak, makilariak, neskatoak eta bolantak elkartuko dira plazan.

Ekitaldi nagusia 17:00etan eginen dute, Arretxe pilotalekuan, dantzez gainera, Atxe eta Tupinaren jokoa eginen dute. Herri afaria eta Holako Deluxe taldearen kontzertuarekin borobilduko dute eguna.

LAPURDI
Xingar azoka

Noiz:Bihartik igandera.
Non: Errobi ibaiaren bi aldeetan.

Baionako xingar egileak karrikara aterako dira bi urtez Xingar azokarik egin gabe gelditu ondotik. 559. aldia izanen du azokak aurten, eta Baionako xingarra ekoizten duten 30 txerriki egilek hartuko dituzte Errobi ibaiaren bi aldeak. Bihar 10:30ean eginen dute inaugurazio ekitaldi ofiziala, baina aurretik abiatuko dute eguna, Baionako xingarrik onenaren lehiaketarekin. Ebaketa, tenperatura eta usaina izanen dira xingarrik onena aukeratzeko irizpideak. Sari banaketa eguerdian eginen dute, Roland-Barthes zelaian.

Leku hartan izanen da ere Pig Festival delakoa. Egunero eginen dute, eguerditik aurrera: abesbatzak ariko dira lehenbizi, eta swing jazz kontzertuak ondotik. Baionako Xingarraren Kofradiak bilkura eginen du larunbatean eta igandean, eta desfilea ere bai horren ondotik. Larunbat goizean ere xingar arrautzopil txapelketa eginen dute merkatuan. Azokak irauten duen egunetan ekoizleekin hitz egiteko eta haien lana bertatik bertara ikusteko parada izanen da.

ZUBEROA
Xiru festibala

Noiz: Ostiraletik igandera.
Non: Gotaine-Irabarnen eta Ligin.
Informazio gehiago: http://hebentik.blogspot.com/p/xiru-abotia.html

Duela 50 urte Etxamendi Larralde, Pantxoa eta Peio, Guk, Etxahun Iruri eta abar aritu ziren Gotaineko gela berri batean kantuan. Denbora iragan da, eta etorri dira ahots berriak, baita gela berri bat ere. Kontzertu hura gogoratuko dute igandean Gotainen: 1972-2022 kantaldia. Oholtza gainean Maika eta Mixel Etxekopar, Kattalin Arrayet, Beñat Axiari, Maddi Oihenart, Mathieu Mendizabal, Xiberoots eta Xiberotarrak taldea ariko dira. Xiru festibala da, eta ostiraletik igandera bitarte musika saio anitz eskainiko ditu Ligi-Atherein eta Gotaine-Irabarnen.

Ostiralean Euskal Barrokensemble ariko da Ligiko elizan. Larunbatean, Irabarneko Gatelugaine mendian, Miren Zeberio eta Enrike Solinis ariko dira, eta iluntzean Aztarnak proiektua aurkeztuko dute Gotaineko antzoki berrituan. Igandean kantaldia izanen da karrikan, goiz eta arratsaldez. Argazki eta margo erakusketak ere izanen dira, baita karrikako musika, pilota partida eta dantza jauziak ere.

GIPUZKOA
Jarduerak Urgullen

Noiz:Apirilaren 24ra arte.
Non:Donostiako Urgullen.
Informazio gehiago:https://www.cristinaenea.eus

Aisialdia, kultura eta ingurumena uztartuko ditu Donostiako Urgullen Aste Santurako prestatu duten eskaintzak. Liburutegia, Natur Txokoa eta Historiaren Etxea; Urgull mendiko hiru zentroak irekita egonen dira egunero, hilaren 24ra arte, eta egunero haurrentzako jarduera bat eskainiko dute hiru tokietako batean, 17:00etan. Jarduerak dohainik dira, eta Historiaren Etxekoetan aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da.

Historiaren Etxean Donostiari begira erakusketa ikusgai izanen da egunero, 10:00etatik 17:30ak arte, eta igandeetan Urgull mendia eta kanoiak ezagutzeko bisita gidatuak eginen dituzte. Liburutegian ipuin kontalariak ariko dira astelehen eta ostegunetan, eta Natur Txokoan naturarekiko errespetua sustatzeko jarduera bereziak eskainiko dituzte astearte eta asteazkenean.

Oiasso Erromatar Museoaren jarduerak
Noiz:
Bihartik apirilaren 24ra.
Non:Irunen.
Informazio gehiago: https://www.oiasso.com/eu/

Aste Santuko jarduerak heldu den asteko igandera arte luzatuko dituzte Irunen. Oiasso Erromatar Museoak jarduera anitz antolatu ditu egun horietarako: bisitak, txangoak eta tailerrak. Horien bidez, erromatarren garaira hurbiltzeko parada izanen dute parte hartzaileek.

Txangoen artean, Irunen TIR aplikazioarekin egin daitekeen ibilbide bat dago, Ama Xantalengo ermitako nekropoli erromatarrean bukatzen dena. Irugurutzetako labeak eta meatzea ikusteko irteera ere antolatu dute, eta Oiasso museoko bisita gidatua. Tailerrei dagokienez, arkeologia, mosaikoa eta zinema landuko dituzte Aste Santuko egunetan. Bi joko ere prestatu dituzte: alde batetik, sakelakorako aplikazio baten bidez jokatu behar dena: Herkulesen hamabi probak. Beste jokoan Oiasso Museoan ezkutatutako objektuen irudiak bilatu beharko dituzte jokalariek.

Jarduera guziak goizez dira, ordaindu beharra dago, eta aldez aurretik izena eman behar da museora deituta edo posta elektronikoz idatzita.

ARABA
Lan-berri 2022
Noiz:
Astelehenera arte; 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara.
Non:
Gasteizko Urrezko Zeledonen plazan.

Aste Santuko egunetan Gasteizen egonen direnek Lan-Berri 2022 udaberriko artisautza azokatik pasatzeko aukera izanen dute. Bosgarren aldia du azoka horrek, eta Urrezko Zeledonen plazan egonen da egunero zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Astelehena izanen da azkenengo eguna, eta egun horretan soilik goizez irekiko dute. Arabako hiriburuko «eskaintza kultural eta turistikoa zabaldu» nahi dutela azaldu du Arabako Artisau Elkarteak, «kalitatezko produktu jasangarriak» eskainiz.

Azokan hamalau artisauk parte hartuko dute. Euskal Herrikoak dira haietako zortzi —sei arabar, eta bizkaitar eta nafar bana—, baina kanpotik ere heldu dira: Espainiako lau eskulangilek eta Galiziako bik paratuko dute postua Urrezko Zeledonen plazan. Zurgintza, ehungintza, bitxigintza, kosmetika eta larrukigintza bilduko ditu azokak. Tailerrak eta musika kontzertuak ere eskainiko dituzte.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.