Jaiak. Bilboko Aste Nagusia

Musikarekin zein musarekin

Euskal Herri osoko eta kanpoko partaideak bildu ditu Hor Dago Abante konpartsaren Aste Nagusiko mus txapelketak. Urtero parte hartzeko lekuak bete egiten dira lehenengo egunean, eta 26. aldi honetan ere hala gertatu da.

Bilboko Aste Nagusiko 26. Mus Txapelketa, atzo, Hor Dago Abante konpartsaren txosnan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko Aste Nagusiko 26. Mus Txapelketa, atzo, Hor Dago Abante konpartsaren txosnan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
irene baranano
Bilbo
2024ko abuztuaren 21a
05:15
Entzun

Bilboko Aste Nagusia dantza, zoramen eta poztasun leherketa izan ohi da esparru askotan eta pertsona askorentzat, baina Hor Dago Abante konpartsak, urtero, ordu batzuetan, 256 pertsona eserita eta kontzentratuta egon daitezen lortzen du mus txapelketarekin. Areago, pertsona asko kanpoan geratzen dira, 128 bikotek soilik eman dezaketelako izena. Partaideak Aste Nagusiko lehen egunean hasten dira izena ematen, eta, urtero, 24 ordu baino arinago betetzen dira parte hartzeko lekuak. Aurten ere gauza bera gertatu da, eta, 15:00etarako, jendetza zaratatsu bat batu da Areatzako Teilape gunean.

Aurtengo Aste Nagusian 26. Mus Txapelketa egin dute. Prestaketa sinplea da: mahaiak eta aulkiak bikote guztientzat, eta karta sortak. Jokalariak arduratzen dira gero karta horiek keinuen artean arin mugitzeaz. Prestaketak ez du esfortzu handirik eskatzen, Iker Calladoren arabera; txapelketaren antolatzailea da 2017tik, baita Hor Dago Abante konpartsako kidea ere. «Gure tradizio bat da», esan du. «Lehen, unibertsitate guztietan jokatzen zen, baina ohitura galtzen ari gara». Kexu da gazte gehienek ez dakitela jokatzen, eta horregatik uste du txapelketa garrantzitsua dela. «Jendearentzat jarduera deigarriak egitea da helburua, Aste Nagusian denok ahalik eta hoberen pasatu ahal izateko. Uste dut mus txapelketan sortzen den giroa halakoa dela orain ere».

Partaideak Euskal Herri osotik etortzen dira: Aste Nagusiko lehen egunean, aurrena, izena ematera; eta, gero, txapelketara. «Bikote asko urtero etortzen dira, eta jada ezagutzen ditugu», azaldu du Calladok. Hunkituta gogoratu du, gainera, 2019ko irabazleak Valladolidetik (Espainia) etorritako bikote gazte bat izan zirela, 30 urte ingurukoak; eta hain ondo pasatu zuten, ezen beren herrian antzeko lehiaketa bat antolatzeko asmoa adierazi zieten.

«Bikote asko urtero etortzen dira, eta jada ezagutzen ditugu»

IKER CALLADOHor Dago Abanteren Mus Txapelketaren antolatzailea

Lehiaketa bazkalostean hasten da Hor Dago Abanteren txosnaren aurrean, eta gauera arte luzatu. 15:00etan, izen ematea lortu ez duten bikoteak prest daude, norbaitek kale egiten badu haren postua hartzeko. Ordu erdi geroago, lehen 64 bikoteak kanporatu dituzte, baina oraindik ere giroa ona da. «Ondo pasatzera etortzen gara», esan du Amparo Lozano jokalariak. «Egongo dira serio jokatzera etortzen diren bikoteak; baina giroa, orokorrean, lagunartekoa da». Juan Jose Kabia ere ondo pasatzera etorri da, baina urte osoan «txapelketa askotan» hartzen du parte. Oso garrantzitsua iruditzen zaio mus txapelketak antolatzen jarraitzea. «Pertsona askok izugarri disfrutatzen dugu».

Muszaleen soslaia

Bikoteez gain, jokalari batzuk kuadrilletan gerturatu dira. Pablo Calderon gaztea da, eta lagunekin etorri da —«horrek engainatu nau etortzeko», esan du, kuadrillako kide bat seinalatuta—. Adierazi du lagun artean askotan jokatzen dutela. Callado antolatzaileak nabarmendu du gero eta pertsona gazte gehiagok ematen dutela izena.

Emakume jokalariak ere gero eta gehiago direla nabarmendu du. Hala ere, aurten, Hor Dago Abante konpartsak sare sozialetan kanpaina bat egin du emakumeak izen ematera animatzeko. Emakumezkoen bikoteak %25era heltzea izan da erronka. Amparo Lozano jokalariaren laugarren aldia da aurtengoa, eta adierazi du inoiz ez duela emakume batekin jokatu. «Ea datorren urtean zortea dudan», esan du lehenengo jokaldia amaitzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.