Aste Nagusiak baditu pregoilaria eta txupinera
BILBO. Bilboko Aste Nagusian pregoilari eta txupinera lanetan ibiliko diren bi emakumeak aurkeztu zituzten atzo Bilboko Udaletxean. Itziar Lazkano Setien aktorea izango da pregoilaria. Haren hitzek emango diote hasiera Aste Nagusiari abuztuaren 20an, 19:00 aldera. Aste Nagusia hiriarekin batera hazi dela nabarmendu du Portugaleteko (Bizkaia) aktoreak: «Niretzat ohore bat da pregoilari izatea». Txupineraren lanaren arduraduna, bestalde, Iratxe Palacios Gana izango da, Deustuko Tintigorri konpartsako kidea. «Euskaldunberria naiz, eta gustatuko litzaidake jaiak euskaraz eta gazteleraz izatea», adierazi du. Biek errespetuz beteriko jai batzuen alde egin dute, eta edozein motatako erasoak arbuiatu dituzte. Palaciosek, gainera, herritarrak gonbidatu ditu Aste Nagusira joatera, eta adierazi du Bilboko konpartsetan erasoen aurka egiteko prest daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu