Aste Nagusia antolatzeko, elkarlana

Bilboko Areatza mekano hodiz, panelez eta arnesez beteko da datozen hamar egunetan, txosnak muntatuko baitituzte Aste Nagusirako. Konpartsakideak lanean hasi dira abuztuaren 17rako, txosnagunea jai herrikoiez gozatzeko esparrua izan dadin.

Aste Nagusiko txosnen muntatze lanen hasierako prentsaurrekoa gaur Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Aste Nagusiko txosnen muntatze lanen hasierako prentsaurrekoa, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
irene baranano
2024ko abuztuaren 7a
17:30
Entzun

Zirimiria dela eta, Bilboko Konpartsek Areatzako aterpeen azpian aurkeztu behar izan dute Aste Nagusirako txosnen muntaketa. Muntaketa hasiera kaskarra izan da gaurkoa, baina muntatze lanek iraungo duten hamar egunetan nahiko ateri eutsiko diola iragarrita dago. Baita bero handiagoa egingo duela ere. Nolanahi ere, federazioa osatzen duten 27 konpartsek abuztuaren 16ra arteko epea, datorren ostiralera bitartekoa, izango dute Areatzako jaigunean txosna bana muntatu, elikagaiez hornitu eta publikoarentzat prestatzeko.

Kaskoak eta arnesak jantzita, txosnak eraikitzeko 110.000 kilo mekano hodi baino gehiago erabiliko dituzte aldamiozko egiturak jartzeko, eta konpartsa bakoitzaren aldarrikapenekin margotutako panelez estaliko dituzte aldamiozko egitura horiek. Txosna guztiak batuta, 1.500 panelek inguruk apainduko dute txosnagunea hilaren 17tik 25era bitartean. Aritz Zabala izan da Bilboko Konpartsen bozeramailea, eta, haren arabera, «konpartsa bakoitzak bere txosnaren apainketa baliatzen du bere kezkak eta aldarrikapenak ezagutarazteko, ironia eta irudimena baliatuz».

Lehia pizteko eta sormena kitzikatzeko, Kanpaia eta Eulia sariak banatzen dituzte urtero Bilboko Konpartsek Aste Nagusian, txosna onenari eta txarrenari, hurrenez hurren. Emaitza epaimahai profesionalaren eta bozketa publikoaren artean erabakitzen da, eta originaltasuna, mezuen kalitatea, diseinua, lana konpartsakideek eurek egindakoa izatea eta elkarlana saritzen dira bereziki.

«Txosnak ezinbestekoak dira aurrerantzean ere jaiak herrikoiak eta parte hartzaileak izan daitezen»

ARITZ ZABALABilboko Konpartsetako kidea

Txosnek, balio estetikoaz gain, balio praktikoa ere badute. Konpartsakideek hezurmamitzen dituzten mugimendu sozialen erakusleiho dira jaietan, baita herriak herriarentzat sortutako jaien babesleku ere. «Txosnak ezinbestekoak dira aurrerantzean ere jaiak herrikoiak eta parte hartzaileak izan daitezen», azaldu du Zabalak. Gaineratu dute, halaber, txosnak eta jaigunea bera seguruak izango direla, eta ez dutela inolako erasorik onartuko, erasoa matxista, arrazista, homofoboa, xenofoboa, lodifoboa zein euskarafoboa izan.

Seiehun ekitaldi baino gehiago

Aste Nagusia bera ere goratu dute. «Gizateriaren ondasun immaterial» gisa jo dute; izan ere, adierazi dutenez, «jarduera ekonomikoa sortzen du, eta irribarreak eta ilusioa eragiten ditu». Poztasun horren atzean, konpartsek eta Federazioak antolatutako programazioa dago, seiehun ekitaldi baino gehiagoz osatua. Horietako batzuk aipatzearren, kontzertuak, kirol txapelketak, umeentzako tailerrak, gaikako musika gauak, xake lehiaketak, bakarrizketak, dantza tailerrak eta bertsolaritza emanaldiak izango dira abuztuaren 17tik 25era bitartean.

Programazio osoa ikusteko, Bilboko Konpartsen web aplikazioan begiratzeko proposatu dute, app.bilbokokonpartsak.eus helbidean. Aplikazio horrek, programazioaz gain, beste hainbat atal biltzen ditu; besteak beste, Astenagusipedia, lehiaketei buruzko informazioa, txosnagunearen mapa eta erasoen aurkako protokoloak.

Txosna berria jaigunean

Mamiki joan zenetik, erreferentziazko konpartsa feminista baten hutsunea nabari zen Bilbon. Aurten, Txinparta konpartsak bere lehen txosna muntatuko du Arriaga antzokiaren aurrean, orain arte Bilboko Konpartsetan egindako lanaren erakusgarri. Gaur Federazioak txinpartek gainontzeko konpartsakideekin «giro onean moldatzeko» erakutsi duten gaitasuna txalotu du, eta deialdia egin dute «borondatezko espiritu parte hartzailea duten pertsonak eta taldeak konpartsetan zein Federazioan parte hartzera animatzeko».

Nolanahi ere, muntatze lanetan laguntzera joango direnek zerura begira egon beharko dute. Izan ere, gaur zirimiria egin du, baina, iragarpenen arabera, osasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeen tenperaturak espero dira; igandean, baliteke termometroak 40 gradura heltzea.

Konpartsakideak, halere, eguzkitan zein lainopean, jo eta ke arituko dira lanean Areatzan abuztuaren 17an suziria entzun arte. Batzuek txosnak muntatzen emango dute oporraldia, eta beste batzuek, berriz, bokatak edo tragoak zerbitzatzeko baliatuko dute. «Kontziente gara esfortzu, lan eta borondate handia behar dela txosnak eta Aste Nagusia antolatzeko, baina esperientzia neketsua bezain polita da», adierazi dute mekano hodi artean egin duten prentsaurrekoan. Egunotan Areatzatik igarotzen direnek, beraz, konpartsakideak izerditan ikusiko dituzte, Aste Nagusian bilbotarrei eta jaigunera joaten diren guztiei jai herrikoiak, parte hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak eskaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.