Donostiako Aste Nagusia

Aste Nagusia, auzoetan ere bai?

Donostiako Aste Nagusiko azken eguna da jada. Adin guztietarako hainbat ekintza antolatu dituzte egun hauetan, horietako asko hiriaren erdigunean. Hiriko hainbat eragilek jaia auzoetara iristeko asmoz lan egiten dute, baina, hala ere, ez da txoko guztietara iristen.

4. Partaideak. Bizikletak, kofradietako txalekoak era piraten zapiak hartuta joan zen jendea Bizifestara. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Lasai daude Loiolako Erriberako kaleak. Isiltasuna nagusi, anbulantzia baten sirenak isiltasun hori hautsi duen arte. Jende gutxi dabil kalean, batzuk terrazaren batean eserita daude; hori bai, itzaletan. Beste batzuk etxeko freskotasunean daudela dirudi.

Aste Nagusian murgilduta dabil Donostia egunotan, eta azken txanpan sartu da jada, gaur izango baitu azken eguna. Kontzertuak, lehiaketak, txarangak, puzgarriak, su festak... askotarikoak izan dira jaietako ekintzak, baina hiriko auzoetara ere iristen al da festa giroa?

Luz Caballero txakurrarekin dabil, auzoan haientzat dagoen parkean. Ez ditu jende pilaketak atsegin, eta, horregatik, nahiago du auzoan lasai geratu. «Egia esan, ni bezalako jendearentzat ondo dago festa auzoraino ez iristea», aipatu du.

Loiolako Erriberatik Amarara gerturatu ahala, jende apur bat gehiago dago kalean. Autobus geltokietan ilarak daude autobus horiek erdialdea dute helmuga. Amara Berriko Aitzol parkean karpa txikiak daude, bata bestearen ondoan jarrita. Karpen azpian, jendea janariz betetako kutxak eta orgak husten ari da. Arkume menestra lehiaketa antolatu dute, Aste Nagusiaren barruan.

Ez da auzoan jaietan antolatu duten ekintza bakarra. Hori posible izateko, Amara Berriko Auzo Elkarteak, udalarekin elkarlanean, urtez urte lan egin behar izan du. Iñaki Olasagasti elkarteko lehendakariak azaldu du 2012an hasi zirela ekintza gutxi batzuk antolatzen, eta 2017tik aurrera Aste Nagusiko egun batean baino gehiagotan izaten dituztela jarduerak.

Donostia Festak-ekin biltzen da Olasagasti horretarako. Aste Nagusia baino hilabete batzuk lehenago biltzen dira, haien proposamena jasotzeko. Gero, proposamen hori elkartean aztertzen dute, eta kasu batzuetan, beste ideia batzuk jartzen dituzte mahai gainean. «Elkartean saiatzen gara jendeak ez dezan izan ateratzeko beharra disfrutatu ahal izateko», kontatu du.

Lehiaketa hasteko oraindik apur bat geratzen den arren, parte hartzaileak pixkanaka dena prestatzen ari dira. Daniel Nagore da horietako bat. Lezoarra da, baina Intxaurrondon bizi da duela duela 40 bat urtetik. «Intxaurrondora ez da Aste Nagusia iristen; Egiara eta Altzara apur bat iristen da, baina gure auzoan ez dago ezer».

Mari Jose Erraizabal pozik dago Amara Berrin egiten diren ekintzekin, baina uste du gehiago egin litekeela: «Ni asko egoten naiz nire bilobekin, eta haurrekin zerbait egin bahi baduzu, erdialdera edo beste auzo batzuetara joan behar duzu, bertan egoten direlako puzgarriak eta ikuskizunak».

Auzoz auzo

Giroa bestelakoa da Antiguan; jendea kalean gora eta behera dabil, mugimendua nabari da. Bada bizikletan dabilen jendea ere. Koloretako txalekoak eta piraten zapi beltza dituzte soinean batzuek. Ez dira eguraldi onaren aitzakian bizikletan buelta bat ematera atera, Txantxarreka gaztetxera doaz. Handik aterako da Donostiako Piratek antolatutako Bizifesta, Txantxarreka eta Intxaurrondoko Letaman gaztetxea batuko dituen ibilbidea.

Aingura kofradiak sortu zuen —desagertuta dago jada—, hiriko gaztetxeen artean ibilbide bat egiteko asmoz. Sara Larrea eta bere kuadrilla bizikletatik jaitsita oinez ari dira Txantxarrekarantz doan aldapa igotzen. Antiguakoak dira, eta aurten auzoan ekintzak antolatu direla azaldu dute.

«Piraten mugimenduaren hasierako urteetako helburua kaia gure gune bihurtzea izan zen. Behin hori lortuta, ekintzak auzoetara eraman nahi genituen», aipatu du Beñat Aranak, Donostiako Piratetako kideak. Horretarako sortu ziren kofradiak, auzoetan jarduerak antolatzeko. Halere, badaude auzoekin loturarik ez duten kofradiak ere. Adibidez, Sardinerak kofradia feminista, eta Bihurriak haurren kofradia.

Aranak kontatu du Donostiako Piratek jendea auzo desberdinetara eraman nahi dutela, kofradiek antolatzen dituzten egitarauen bidez. «Aurten ez gara asko mugitu, baina beste urte batzuetan asko joan gara Ubarroiek Grosen eta Traganarruek Intxaurrondon antolatutako gauzetara», kontatu du Larreak. Gaur egun Antiguak ez du kofradiarik, desagertu egin baitzen.

«Auzo bakoitzak bere jendea, bere mugimendua, bere eragileak eta bere tabernak ditu, eta, gure ustez, eskertzen dute festa haiengana eramatea», gehitu du Aranak. Hala ere, uste du «oso polita» izango litzatekeela Flamenka guneaz gain, beste guneren bat izatea beste auzoren batean. «Ditugun baliabideekin, eta gaur egun auzoetan dagoen egoerarekin, ordea, ez da erraza».

Irten baino lehen, Txantxarrekan egindako ekitaldiaren ondoren, bizikletak hartu eta kairantz abiatu dira parte hartzaileak. Bidean jendea batu zaie, eta Gros auzoan egin dute bigarren geldialdia. Bidean musika lagun dutela, Letaman gaztetxea izan da helmuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.