Bilboko Areatza jaigunez mozorrotzen da Aste Nagusiak dirauen bederatzi egunetan. Egunez haur, heldu eta zaharrentzako ekintzak hartzen ditu, eta, gauez, parrandazalez betetzen da; milaka pertsona, jai giroak erakarrita. Alberto Cueto Ron Bilboko Areatzan bizi da, Aste Nagusiko jaigunean bertan, hain zuzen ere, 2022an su artifizialen ostean piztutako suteak eragindako eraikinetako batean.
Zelakoa da Aste Nagusi bat Areatzan bizi den norbaitentzat?
Abantaila bakarra du, etxera momentu batean igo ahal izatea, komunera edo afaltzera, esate baterako. Beste guztiak eragozpenak direla esango nuke. Ez dago bizitza normala egiterik. Kutsadura akustikoa, zikinkeria eta jendetza izugarriak dira. Ordu askotan, zaila da jende artean etxera iristea, eta pertsona askok portalean egiten dute txiza eta denetarik, baina hori gainontzekoekiko errespetu kontua da. Arazoak izaten ditugu garraioarekin ere, ez dugu autobusik, eta, autoa aparkalekuan baduzu, zenbait ordu tartetan zailtasunak izaten dira sartzeko eta ateratzeko. Eta zarata ez dut aipatu nahi ere, ez dago lo egiterik.
Zer zailtasun duzu lo egiteko?
Bizilagun batzuek lotarako toki alternatiboak bilatzen dituzte. Gure kalean, goizeko bostak arte ez dago lo egiterik zarataren kontrako kristalak ez badituzu, baina horrelako leiho bakoitzak mila euro balio du. Edonola ere, Alde Zaharreko bizilagun gehienek dituzte, bertan bizitzeko ordaindu beharreko tasa bat da. Baina txarrena ez da hori, baizik eta su artifizialak.
Horrek ere zarata sortuko du.
Zarata ez da arazo bakarra. Bonbardaketa bat da, beldurrak jota gaude. Hormek eta kristalek dar-dar egiten dute. Gainera, irauten duen bitartean, nire kaleko bizilagunok ez dugu etxetik irteterik edo bertara sartzerik, eta debekatua dugu arropa eskegita uztea. Pirotekniaren kartutxoak ere erortzen dira, eta haurrek topa ditzakete; ez dituzte batzen, legeak horretara behartzen baditu ere, eta bizilagunok biltzen ditugu. Erabat beldurtuta egoten gara urtero, batez ere, sutea gertatu zenetik.
2022an izan zen, su artifizialen ostean, eta zuen eraikinak su hartu zuen. Zerbait egin du udalak halakorik berriro ez gertatzeko?
Neurri batzuk hartu dituzte. Suak apur bat atzeragotik botatzen dituzte, drone bidez kontrolatzen dute eremua, eta lehen baino suhiltzaile gehiago egoten dira inguruan, baina jarraitzen dute Bilboko Alde Zaharraren gainean suak botatzen. Berrehun urteko eraikin historikoak dira, egurrezkoak, eta, gainera, legeak babestuta daude, interes kulturaleko ondarea direlako. Eta, hala ere, urtero bonbardatzen jarraitzen dute.
Udalak dio sutea eraikineko zirkuitu labur batek eragindakoa izan zela.
Suhiltzaileak ez daude ados, eta epaiketaren zain gaude, baina ez dakigu noiz izango den. Diru asko dago jokoan, aseguru etxeek ordaindu beharrekoa, edo ez.
Zer moduz moldatzen dira etxeko animaliak eta umeak su artifizialekin?
Beste leku batera eramaten dituzte batzuek, senide edo lagunen etxera. Geratzen direnek oso gaizki pasatzen dute. Eraikineko txakur eta katuek antsietate krisiak pairatzen dituzte, ez dute jan, edan edota kalera irten nahi izaten. Bizilagun baten txakurrak su artifizialen ordutegiak ikasiak ditu, eta, Aste Nagusia igarota ere, kosta egiten zaio normaltasunera itzultzea eta erlaxatzea. Haurrekin eta adineko pertsonekin errazagoa izaten da, baina batzuek esan didatenez, izututa egoten dira.
Zure ustez, zein da irtenbidea?
Aste Nagusian asko disfrutatu dut beti, eta Bilboren ondarea da, baina jaigunean bizitzea zaila da. Ondo legoke Aste Nagusia txandakakoa izatea, beste leku batzuetan ere jartzea. Eta hori posible ez balitz, urte osoan Areatzan egiten diren ekintzak beste leku batzuetan jartzea. Garrantzitsuena, edonola ere, su artifizialak beste alde batera eramatea edo kentzea da. Behintzat, adituek aztertu beharko lukete alternatibaren bat. Suak egurrezko etxeen gainean botatzea erokeria bat da.
LOTSaBAKO
Zein da Aste Nagusiaren kolorea?
Bilbo urdin kolorea.Ikusi nahi duzun kontzertu bat?
Baron Rojo Bilboko udal bandarekin.Gustura hartuko zenukeen edari bat?
Jose Cuervo tekila.