Iker Iturralderen (Donostia, 1980) bizitza txikitatik egon da lotua Union Artesanarekin. Aita bazkidea zuen, eta, gero, bera egin zen bazkide. Aurten Union Artesanak Agur Asteari egitasmoa antolatu du gaurko, 19:00etan Zuloaga plazan, Aste Nagusiari agur esateko hutsune bat ikusi zuen eta.
Aste Nagusia prestatzeko lan handia izan duzue aurten, Agur Asteari egitasmoa antolatzeko.
Bai, hala da. Aurten, egitasmo berri bat daukagu: Agur Asteari, donostiarrei eskaini nahi dieguna. Aste Nagusiari agur berezi bat egin nahi diogu. Egiten den lehenbiziko aldia da, eta, egia esan, gogotsu gaude. Aste Nagusia agurtzeko hutsune bat zegoela ohartu ginen. Ez zuen bukatzeko merezi duen agur bat. Hasieran, kanoikada dago, eta egitarau oso interesgarria ere bai, baina amaierarik ez zuen. Kanta bat egin dugu ekitaldirako, eta guztiari forma emateko lan asko egin da.
Nola igarotzen dira jaiak elkartean? Tokirik izaten al da?
Elkartean 215 kide gara, baina jaiek aste bat irauten dute, eta denontzako tokia egoten da. Ama Birjinaren egunaren bezperan egiten den afarian izena emateko zerrenda jartzen dugu, bete arte. Normalean, ez dugu arazorik izaten. Aste Nagusian, egunero, 60 pertsona edo ibiliko dira normalean, baina ez dugu overbooking-ik izaten.
Zeintzuk dira egun garrantzitsuenak? Nola antolatzen zarete?
Data ziurrak 14a eta 19a dira, afarian eta bazkarian. Prestaketa, berriz, betiko martxa da. Afari berezietarako sukaldariren bat kontratatzen da, baina, bestela, Aste Nagusian ere betiko martxa eramaten da. Gainera, gustatzen zaigun zerbait da. Ni, adibidez, etxean probak egiten ibiltzen naiz, eta, gero, elkartean praktikan jartzen dut. Patata tortilla oso ona ateratzen omen zait, edo hala diote behintzat, kar-kar-kar.
Pasatzen al zaizu bazkaria edo afaria antolatzeagatik Aste Nagusiko ekintzaren bat galtzea?
Bai, pasatzen zait. Elkartean sartuta denbora oso azkar pasatzen da, orduak hegan joaten zaizkigu. Noiz edo noiz suak oharkabean pasatu izan zaizkigu, adibidez. Konturatzerako, berandu egiten zaigu. Gustura egoten garen seinale.
Gazte jendea ba al dabil elkartean?
Orain dela 10-15 urtetik hona eboluzioa oso ona izan dela iruditzen zait. Bazkide den jende gazte asko dago, baita emakumeak ere. Gainera, oso inplikatuta ikusten zaie. Elkartea ez da zahartzen, eta erreleboa indartsu dator. Gainera, aldea ez da nabaritzen, eskala bat dago, ez dago etenik adin tarteren batean.
Gastronomiari garrantzi handiagoa ematen al diozue Aste Nagusian?
Bai, baina ez guk bakarrik. Oro har, denok ematen diogula esango nuke. Festarekin lotzen bada ere, mahaiaren bueltan elkartzeko joera dugu. Urte guztian izaten du garrantzia.
ATZEKOZ AURRERA. Iker Iturralde. Union Artesanako kidea
«Aste Nagusia agurtzeko hutsune bat zegoen»
Agur Asteari egitasmoa antolatu du Union Artesanak gaurko. Iker Iturralde antolaketa lanetan buru-belarri ibili da. Jaietan, gustura ibiltzen da sukaldean eta mahaiaren bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu