ATZEKOZ AURRERA. Eneko Axpe, 'Maisha MC'. Musikaria

«Aspertuta nago Euskal Herrian entzuten den rockaz eta skaz»

Marteko haizea eta euskal musika tresnen soinuak nahastu ditu Axpek bere azken proiektuan. Euskaraz idatzita aurkitu diren lehen bi hitzek eman diote izena diskoari: 'Vmme Sahar'.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Txalapartaren soinuak ematen dio hasiera Eneko Axperen diskoari (Barakaldo, Bizkaia, 1986). Hamar abestirekin osatu du Vmme Sahar izeneko lana, protoeuskararen ikerketa batean oinarrituta. Rap kantaria izateaz gain, NASAko ikertzailea ere bada; horregatik, San Frantziskon bizi da orain (Kalifornia, AEB). Han sortu ditu abesti guztiak, eta, besteak beste, euskal musika tresnak eta Marteko haizeen hotsak nahastu ditu horretarako.

Nondik datorkizu hip-hoparekin daukazun lotura hori?

Nik betidanik egin dut euskarazko rapa: 121 Krew eta Patrol Destroyers taldeetan ibili nintzen. Baina gero kanpoan egon naiz ikasten eta lan egiten, eta azken bi urte hauetan NASAn topatu nuen disko kontzeptual hau sortzeko inspiraziorik handiena. Entzulea gonbidatu nahi dut Euskal Herritik Martera joateko bidaia honetan. Obsesionatu naiz xehetasunekin: asko zaindu ditut.

Euskaraz kantatzeaz gain, euskara hartu duzu gaitzat. Zergatik?

Protoeuskarari buruzko ikerketa bat da Vmme Sahar diskoa; [Jorge] Oteizari eta euskal musika tresnei buruzkoa da. EHUrekin jarri nintzen kontaktuan, eta liburu eta bideo asko aztertu ditut bi urte hauetan. Diskoaren izena ere hortik dator. Euskaraz topaturiko lehenengo hitzak dira, eta anaia nagusi edo ume zahar esan nahi dutela diote.

Zelako soinuak aurkituko ditu entzuleak diskoan?

Alde batetik, euskal kulturari egindako erreferentziak daude: alboka, txalaparta, txistua, irrintzia eta Oteizaren ahotsa; eta, bestetik, trap musika, elektronika eta hip-hop esperimentala daude. Dena nahastuta. Gainera, Marten grabatutako soinu batzuk ere sartu ditut. NASAko robot batekin grabatutako haizeak, hain zuzen.

Kanpoan bizitzeak asko lagundu dizu zure sorkuntza prozesuan? Zer izan da zuretzat esperientzia hori?

Kanpora goazenean, euskaldunok identitate arazo handiak izaten ditugu «where are you from?» galdetzen digutenean. Askok ez dakite zer den Basque Country, eta hitzaldi batekin erantzun behar izan diet askotan. Hala ere, ohiko euskaldunengandik urrun sentitzen naiz ni. Askotan esaten dut ni Marten euskaldun sentituko nintzatekeela baina Euskal Herrian martetar sentitzen naizela.

Lan pertsonala da diskoa?

Ez dut uste lan pertsonala denik. Euskal kulturaren iraultzaile bat izan zen Oteiza, eta euskal kulturaren eboluzioa bilatzen dut nik.Gauza guztiak izan dira hasieran berrizaleak. Aspertuta nago Euskal Herrian entzuten den rock edo ska estiloaz. Zergatik ez hip-hopa? Duela hamar urte zaila izan zen, eta orain ere zaila da.

Nortzuek egiten dute orain euskal musika elektronikoa?

Selektah Kolektiboak eta Nizuri Tazuneri-k lan handia egin dute, baina ez da aintzat hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.