Juan Manuel Erasun. Herri kirolari eta alkate ohia

«Askoz diplomatikoagoak gara gaur, baina gaiztakeria gehiago egiteko prest gaude»

Apustua belardian, enborraren gainean eta baita politikan ere. Juan Manuel Erasun hogei urtez aritu zen herri kirolen gailurrean, apusturako grina erregai. Zizurkilgo alkate ere izan zen, «karanbolaz», eta zintzotasuna eskatu du Euskal Herria askatzeko.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Zizurkil
2016ko otsailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Esku handiak dira atentzioa ematen duten lehen gauza. Juan Manuel Erasun (Aia, Gipuzkoa, 1963) segalari eta aizkolari ibili zen hogei urtez, apustuak jokatzen.

Mutiko bat, 9 urtekoa, bera baino handiagoa den sega batekin. Nolatan utzi zizuten guraso- ek tresna arriskutsu hori hartzen?

Aitak gibeleko gaitza harrapatu zuen uda batean. Gaixoak ezin zuen lanik egin, ohean zegoen. Baserrian behiak genituen, eta bi aukera zeuden: amak moztea belarra, edo neuk, mutilik zaharrenak.

Zer sentitu zenuen sega eskuetan lehen aldiz belarra benetan mozten?

Txikitatik ezagutzen nuen tresna hori baserrian. Eguneko erreminta zen, eta nahiz eta niretzat berria izan, ez zitzaidan arraro egin. Noski, ikasi beharra. Egia esan, segituan ikasi nuen, eta gero gustuko lan tresna eta lanbide izan nuen. Berehala gustatu zitzaidan, eta ilusioa egin zidan sega hartzeak. Orduan ez zeuden belarra mozteko makinak, orain bezala, eta segan askoz lan gehiago egiten zen; ez etxean bakarrik, baita auzoan ere. Eskuz moztu, eskuarearekin zabaldu lehortzeko, eta sardearekin itzuli eta jaso. Lan horiek banatu egiten ziren etxekoen artean, eta neuk belarra moztearena hartu nuen. Argi nuen nirea sega zela. Aitak lagundu egiten zidan. Eta baita auzokoek ere sega pikatzen.

Mailuarekin jotzen da segaren ahoa, metalezko xafla berdintzeko, zorroztu arretik. Eta segan bi ordu aritu ondoren, berriz egin behar. Sega pikatzea arte bat da, ezta?

Artea, eta oso fina gainera. Esan daiteke gaur ez dagoela ia inor sega ondo pikatzen eta zorrozten dakiena.

Sumatzen zenuen orduan makinek zer kalte egingo zioten herri kirolari?

Ez. Orduan pentsatzen genuen lan asko kentzen zutela makinok, baina, bestela ere, lan pilo geratzen zela segatzeko, aldapetan eta. Ez genuen pentsatzen segan aldaketa handia etorriko zenik. Gero bai, 24-25 urterekin, ikusi genuen segamakina handiak dena egiten zuela: moztu, eta bilduta utzi. Eboluzioa zela ikusten genuen, baina sega beti erabiliko zela uste genuen.

Lehen apustua 22 urterekin, 1986an. Nola gertatu zen?

Orduan, baserri munduan auzolan asko egiten zen. Lanik zailena belarra moztea zen. Lagun taldeak egiten genituen horretarako. Eta badakizu, halakoetan lehiak sortzen dira, berez: zuk nik baino gutxiago, nik gehiago... Auzoartean halako bat piztu zitzaigun. Bestela nik ez nuen apusturako grinarik. Baina haserrea sortu zen, eta gero eta handiagoa egin zen. Konpondu ezinik genbiltzan, eta nik banuen talde bat atzetik apustua egiteko indarrarekin. Ordurako txapelketek bazuten indarra, baina, batez ere, apustuek. Giro horretan sartu ginen, ilusioarekin.

«Hi baino gehiago nauk» kontua, orduan. Harropuzkeriarengatik haserretu zineten?

Ez zen harropuzkeria. Iritzi ezberdinak zeuden: batzuentzat ni hobea nintzen, eta besteentzat, bestea. Bi lagun kuadrillaren arteko eztabaida bat. Giro horretan garbiena zer da? Elkar neurtzea.

Auzoko haserrea konpontzeko, demarako prestatzeko lehen apustua norekin eta Bizkaiko txapeldunarekin egin zenuen. Zure indarraz horren ziur zeunden?

Euskadiko txapelketan bigarren geratutakoari apustua jokatzeko aukera sortu zen. Oso erronka handia izan zen, baina hark baino lan hobea egin, eta irabazi egin nuen. Handik bi urtera jokatu genuen auzoko haserrearena, 1987an.

Jokatu eta irabazi. Barkatu al dizu geroztik?

Besteak oso lan ona egin zuen. Gaur, harreman normala daukagu, 20 urterekin baino aurrejuzgu gutxiagoko sasoi honetan. Haserreak ez dute betiko izan behar.

Apustuak dirua esan nahi du. Zenbat jokatu zenuten?

Orduan, 500.000 pezeta, gaurko 6.000 euro baino gehiago, ziur asko. Hamar bat lagun ginen, bakoitzak 500 euro-edo jarrita. Ziur ginen irabaziko genuela, baina baita besteak ere, dirua jarri zutelako.

Galtzea baino, ez al da arriskutsuagoa lehen apustuak irabaztea, eta gero eta diru gehiago jokatzea?

Hurrengo urtean, 1988an, ez ziren 6.000 euro izan, baizik eta 12.000, bi milioi pezeta, eta, gainera, sarrerak irabazlearentzat. Hori askoz maila altuagokoa izan zen: Juan Jose Irazusta orduko txapeldun eztabaidaezinarekin. Ordurako Euskadiko hamar txapel irabazita zeuzkan. Historiko bat zen.

Baina apustuetan dena ondo lotuta egoten da, galtzen duenak ere eramateko puska bat. Denak irabazle, azkenean, apustulari eta ikusleen lepotik?

Orduko hartan, besteak exijitu zuen sarrerak ere jokatzea eta galtzailea ezer gabe uztea. Bi bilera egin genituen horretaz, eta ez ginen konpontzen. Baina ikusita ni behetik gora nentorrela eta hura zela orduko segalaritza munduko izar handia, erabaki potoloa hartu genuen gure taldean. Nik 24 urte nituen, hark 40. Kontziente ginen arriskuaz. Baina bi apustu irabazita, poltsa bat ere bagenuen. Erabaki genuen sarreren kontua ez zedila izan oztopo. Nire apusturik ikusgarriena hura izan zen.

Bost urte lehenago, Hamaseigarrenean aidanez eleberria argitaratu zuen Anjel Lertxundik. Horretan, apustuen munduaren gizonkeriaren erretratu beltz eta tremendista egin zuen. Zuk horrela ikusten al duzu?

Gizonkeria eta harrokeria egongo dira, baina nik ez nituzke era negatiboan ikusiko: euskaldunon izateko eraren espresioa da, pilotan edo beste edozein lekutan ateratzen dena. Erronka da. Euskaldunok oso ohikoa izan dugu indarrak neurtzea. Orduan zuzenagoa zen dena, aurrez aurre egiten zen, eta, askotan ekartzen zuen tentsioa igotzea, haserretzea, borrokatzea eta mutur joka ibiltzea. Nik ez nioke, beraz, kutsu negatibo hori emango apustuari, norgehiagokarako sena kiroletara bideratzen duelako. Askoz diplomatikoagoak gara gaur, baina askoz gaiztakeria gehiago egiteko prest gaude. Ordukoa askoz naturalagoa zen.

Dirurik gabe ez dago kirolik?

Ez da bide bakarra. Antolatzen dira txapelketak, baina urtean behin egiten denaz gain ez dago beste aukerarik. Diruak denok lotzen gaitu gehiago. Badira norbere buruarekin erronkan dabiltzanak, mendi maratoian eta halakoetan, diru askorik gabe. Baina ezer ez dagoenean jokoan, motibazio gutxiago dago. Diruak ematen du pizgarri hori.

Apustuak galtzea zer den ere badakizu. Zer sentitzen da lagunei dirua galarazten diezunean?

Olasagastiri 2005ean aizkoran eta segan jokaturikoa irabazi nion, baina hamabost urte lehenago berak irabazi zidan. Batzuetan gehiago ikasten da galtzen. Behetik gora zoazenean, denaren jabe zarela pentsatzen duzu. Galtzearen minarekin hasten zara aztertzen non egin duzun huts. Arriskua norbere gain hartu behar da. Erantzukizun handia da kirolariarentzat lagunen dirua ere jokoan denean, baina kontziente izan behar galtzeko arriskua ere badagoela. Denok puska bat jarrita, galduz gero ere, ez da mundua eroriko. Lehengo hiru apustuak galdu izan banitu, lehenago utziko nion.

Kirola 2005ean utzi zenuen. Bi apustu irabazita esan zenion agur. Zergatik ez jarraitu irabazten?

Adina banuela ikusi nuen orduan: 42 urte. Apustu asko jokatuta nengoela, eta apustu gogorrak. Beste konpromiso batzuk banituen: familia... Neure hoberena emanda nengoela pentsatu nuen, eta erdipurdi ibili beharrean maila onean uztea erabaki nuen. Ez nuen neure burua zigortu nahi; bizi-kalitatearen aldeko apustua egin nuen.

Beste dema bat irabazi zenuen 1998an, hauteskundeetakoa. Zizurkilgo alkatetza eskuratu zenuen. Nolatan aurkeztu zinen?

Herri txikietako paradoxak dira. Polikagintza beti gustatu zait, batez ere Euskal Herriko testuinguruarengatik. Garai zaila izan zen Zizurkilen. Gure hainbat kide atxilotu zituzten, eta, ezker abertzalearen hauteskunde zerrendan nengoenez, karanbolaz gertatu zen ni zerrendaburu izatea. Nire bizitzako aldaketarik handienetako bat izan zen: kirola utzi beharra, inoiz egindako lan batean aritzeko... Esperientzia ezberdina, baina ona. Hiru urte pasa ondoren, berriz kirolari ekin nion. 2003an alkate nengoela jokatu nuen apustua. Eta irabazi.

Antzik ba al du herri kirolen eta apustuen munduak politikagintzarekin?

Ez. Herri kirolaren mundua politikagintza baino askoz nobleagoa da, lehen eztabaidatu ditugun adjektibo horiek kontuan hartuta ere.

Zer ikusi duzu, bada, politikagintzan, hori esateko?

Alderdien arteko liskarrak, tranpak eta ezkutukeriak. Egunerokoan ikusten da, kanpotik ere. Alkatetza utzi nuenean, nekazaritza kooperatiba batean hasi nintzen lanean, eta han jarraitzen dut.

Iñaki Perurena harri-jasotzailea ere herri-jasotzaile ibili zen garai batean, Euskal Herriaren geroaren inguruko gogoetak egiten. Haren eskolakidea zara?

Perurenak harriarekin mundu berri bat deskubritu eta landu zuen. Apustuetara mugatuta zegoen harri-jasotzea, eta hura hortik atera eta markak egiten hasi zen. Beharrarengatik ere: hoberena zen, alde handiarekin, eta ez zuen norekin egin apustua. Modernizatu egin zuen harriaren mundua, eta topiko negatiboak kendu zizkion. Bere jarduera kulturarekin ere lotu zen. Nik ez daukat konponbide majikorik Euskal Herrirako. Baina jende guztiari zintzotasuna eskatuko nioke. Jakina da irizpide desberdinak ditugula, baina euskaldunak bagara, bazter dezagun arerioa zapaltzea. Hori falta zaigu euskaldunoi. Ematen du antagonikoak garela. Ados jarri beharko genuke oinarri batzuen inguruan. Amets egiten dut Euskal Herria nazio gisa ikustearekin. Eta lagun badezaket horretan, lagundu egingo dut.

Jon Erasun 19 urteko semea trebatzen ari zara orain. Berak nahi duelako edo zuk bultzatuta?

Berez hasi zen. Pilota zuen maite etxean: sukaldeko paretan jolasten zen harekin. Berez ekarri du, eta herri kirola ere gertutik bizi izan du nirekin. Segan badaki, eta aizkoran ere ibili izan da, baina pilota nahiago izan du. Pilota eskola sortu genuen Zizurkilen 2008an. Semeak maila txukuna dauka afizionatuetan. Gero profesionaletara salto egitea ez dago norberaren esku, ez da bakarrik maila kontua. Ez dakit profesionaletara helduko den, baina nik horren atarian ikusten dut. Pixka bat hobetu behar du oraindik. Goza dezala pilotaz.

Herri kirolaren unibertsitatea baserria izan dela esan izan duzu. Baserria nora doan ikusita, horrek ez du ematen itxaropen handirik, ezta?

Harri-jasotzaileek badute erraztasun gehiago aritzeko eta ikasteko. Eskola gehiago beharko dira aizkolariak eta segalariak izateko ere. Baina zer gertatzen da? Dirua behar da, dedikazioa... Iaz, Iban Pardo segalariari irakasten ibili nintzen. Gazteak badabiltza, baina ez da garai batekoa. Bizimodua aldatu da: ordu asko sartzen ziren garai batean. Aizkora, sega... tresna bat eskuetan erabiltzea arte bat da, eta, arte guztietan bezala, menperatzea ordu askoko kontua da.

Telebistak egingo luke zaletasuna, pilotan bezala?

Astero herri kirolaren inguruan erreportaje txukun bat egiteak asko lagunduko luke: kirolariak euren teknikak erakusten, prestakuntza nola egiten duten, esaterako. Faltan sumatzen dut gure telebistak geure kirolaren inguruan halakoak egitea. Gure erakundeek futbolari ematen dioten dirutzaren zati txiki bat herri kirolerako erabiliko balute ere, jende gehiago inguratuko litzateke, ikerketa gehiago egingo lirateke. Pena hartzen dut ikustean herri kirola zein baztertuta dagoen.

Segako marka jarri zenuen 1992. urtean, Zelestino Aburuzaren aurka: bi orduan 10.569 kilo belar moztu zenituen. Inork ez du gainditu. Horrekin triste zaude edo harro?

Kirolariok gorabeherak ditugu, baina egun horretan ikaragarrizko sasoialdia izan nuen. Izugarrizko poza hartuko nuke bik edo hiruk gaindituko balute, horrek esan nahiko lukeelako herri kirolean maila altua dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.