Bainugela arrosa bateko bainuontzi arrosa baten barruan, bi mutil gazte porru bat partekatzen ari dira Jone Arriolaren (Elgoibar, Gipuzkoa, 1998) Dena asmatuta dago film laburrean. Haien harremana izendatzeko eta definitzeko moduaz hausnartzen ari dira, «saihesten diren» elkarrizketa deseroso horietako batean. Zinebin eta Elgoibarko antzokian aurkeztu dute, eta, orain, jaialdietan aurkezten jarraitzea da haien asmoa.
Nola bururatu zitzaizun ideia?
Nire inguruan ikusten nuen egoera bat izan zen arrazoietako bat: geroz eta ohikoagoak ziren izenik gabeko harremanak, eta, era berean, komunikazioa normalizatuz edo garrantzia hartuz joan da, edozein esparrutan. Orduan, ideia ona iruditu zitzaidan izenik gabeko bikote harreman bati buruz berba egitea, eta gatazka izatea harreman horri izen bat jarri behar izatea. Izan ere, izena jarri behar horrek bultzatzen du elkar komunikatzea.
Harremanak izendatzearen ideia horretatik dator Dena asmatuta dago izena?
Bai, beti esaten baita dena dagoela asmatuta, eta, zerbait asmatu berri badago ere, izendatu egiten baita lehenbizi. Oso ideia ona iruditu zitzaidan harremanak izenik ez edukitzea, eta hausnartzea ea beharrezkoa den hori. Kontatu nahi nuen batzuetan askoz ere garrantzitsuagoa dela komunikazio on bat edukitzea eta gauzak argi izatea, izen bat jartzea eta harremana zer den argi ez izatea baino.
Dena asmatuta dago. Baina dena ez dago kontatuta?
Ezkutuan geratzen diren elkarrizketa horiek azaleratzea ere bazen asmoa, ezkutuan egiten ditugun gauzei ikusgaitasuna emateko. Batez ere, elkarrizketa deserosoak edukitzearen garrantzia nabarmendu nahi nuen, horiek saihestu egiten baititugu, ez dugulako gauza horiei buruz berba egin nahi izaten. Baina askotan elkarrizketa deserosoek ekartzen dute erosotasuna.
Hautu estetikoa nabarmena da: komun eta bainuontzi arrosa. Zergatik?
Kontrasteak sortu nahi nituen istorioan. Komun batean gertatzearen arrazoia zen toki intimo bat nahi nuela, biluzten garen toki bat, ezkutuan gelditzeko leku bat. Eta arrosa da estetika zaharkituago bat bilatzen genuelako, gure aitona-amonen etxean zegoen komun baten estetika. Eta, bat-batean, bi mutil gazte porru bat erretzen erakustea komun horretan.
Nola filmatu duzue?
Ibilbide luzea izan da: orain ikusi dugu duela bi urte sortutako ideiaren emaitza, finantzaketa lortu nahi genuelako, eta gauzak ondo eta duin egin nahi genituelako. Baina poliki joate horrek frustrazio handia sortzen du. Egia da emaitzarekin oso gustura geratu garela denok, eta sentitzen dugu merezi izan duela bi urte horiek itxarotea. Jendeak ikusi berri du, eta oso sentipen onak ditugu, jendeari gustatzen ari baitzaio.
Azpeitiko Dinamoaren sormen beka jaso zenuten. Erraza da zinemagintzan lehen urratsak egitea?
Sortzaile berriontzat ez da oso erraza proiektuak aurrera eramatea. Horrelako laguntzak, nahiz eta diru gutxikoak izan, izugarrizko bultzada dira, egoteko toki bat ematen baitizute. Horren hutsunea nabaritzen dut askotan: ez daukagu lantaldearekin geratzeko tokirik. Adibidez, sormen bekari esker, hautaproba egin ahal izan genuen Azpeitiko Dinamoan, entseguak ere han egin genituen...
Baina ari zara bidea egiten: Larrugorritan, Dena asmatuta dago... Aurrera begira, baduzu ezer esku artean?
Gustatuko litzaidake oraingoz film laburrekin jarraitzea; etorkizunean film bat egiteko aukera edukiko banu, niretzat kristoren ametsa izango litzateke. Oraindik urruti ikusten dut hori, asko daukadalako ikasteko, baina nire helburuetako bat da istorio gehiago idaztea eta kontatzea irudien bidez.
LOTSABAKO
Film labur bat?
Cuerdas.Zinemagile bat?
Wong Kar-Way; film laburrerako erreferentzietako bat izan da.