Identitatea eraikuntza sozial bat da, Lian Monserrateren ustez. Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, 1981ean, baina Bartzelonan urte gehiagoz egon denez eta han trebatu denez, katalana dela dio. Murales Lian izenarekin da ezaguna, eta hainbat mural egin ditu Euskal Herrian. Street Art Cities atariak munduko hirugarren onena izendatu du hark Ondarroan (Bizkaia) egindako murala, saregile baten irudia.
Mural hau Ondarroan egotea ez da kasualitatea. Zer mezu dauka atzean?
Herriko saregile batek duela ez asko esandakoa da: «Konpondu egin behar dira gauzak, duindu». Erreparazioa, aldarrikapena eta memoria kolektiboa dira atzean dituen mezuak. Mendeetan, Ondarroako emakumeek herriko bizitzako jarduerarik garrantzitsuenak kudeatu zituzten. Murala emakume horien omenez egina da.
Lan isildua izan da saregileena, ikusten ez zena; erdigunera ekartzeko ariketa da, orduan?
Iruditeria bat sortu dute, saregile metodiko eta soilarena. Muralgintza genero errebelde bat da, memoriari lotua. Begi hutsez ikusten duguna baino zerbait gehiago ehuntzen dute. Haien sorkuntza nortasun indibiduala eta kolektiboa da. Badakigu nortasun kolektiboa ezinezkoa dela memoriarik gabe. Gogoratzea ikusgai egitea da, erreibindikatzea eta konpontzea.
Nola gelditu zinen zu espraiaren sarean harrapatuta?
Umea nintzela, paretak margotzen aritzen nintzen etxean. Geroago, institutu garaian, irakasle batek xaxatu ninduen, nire sorkuntzak ikusi zituenean, baina, gure etxean, diru eskasia zegoen, eta ez zen giro.
Nire lehen murala zakarrontzitik ateratako bi kontratxapatutan egin nuen, Bostonen [AEB]. Bartzelonan ere ez neukan materiala erosteko beste, baina hiriko hormak hor zeuden. Bartzelonak mihise zuri pila bat jarri zituen nire eskuen aurrean.
Muralgintza eta grafitia estigmatizatuta eta legez jazarrita daude oraindik ere?
1990eko hamarkadan, Bartzelonan, jabetza pribatuaren aurkako mespretxua ezagutzen hasi nintzen; ernatzen ari zen orduan. Ordutik lantzen ari naiz espazio publikoaren gaia, uste baitut aldarrikapen garrantzitsua dela. Kaleko artistek ez ezik, beste askok ere erabiltzen dute: iragarleek, enpresek, politikariek eta herritarrek, esaterako. Hemen kontua da ea kalea norena den eta zertarako erabiltzen dugun. Askotan, baimena eskatzea baino hobeda barkamena eskatzea.
Kaleko artista eta emakumea zara. Nolakoa izan da lekua egitea?
Emakumeentzat ohikoak ez diren espazioak sortu nahi ditut. Jendearekin beste elkarrizketa mota bat sortu nahi dut. Garrantzitsua iruditzen zait etorkinak, errefuxiatuak eta presoak ere hormetara eramatea. Gizartean egun dauden gaiak.
Enkarguz ere lan egin izan duzu. Oso argi duzu, ordea, norentzat ez duzun lan egingo.
Bizirik irauteko onartzen ditut enkarguak. Baina egon badaude inoiz egingo ez ditudan gauza batzuk: adibidez, multinazionalentzat.
Espazio publikoa aldarrikapen politikoetarako hartzen dut, eta lan ordainduekin uztartzen dut hori, bizirik iraun eta jardunarekin segi ahal izateko.
Gizarte mugimenduekin lan asko egiten dut, hormak baitira komunikatzeko modurik onena.
Geroz eta herri gehiagok dauzkate muralak hormetan. Hasi zinenetik hona, garaiak aldatu dira?
Azken urteotan, muralgintzaren adierazpen artistikoa alternatiba bihurtu da, hirietako espazio grisak berreskuratzeko, nolabait, eta, bide batez, identitate soziala indartzeko. Gizartean lotura sendoak ezartzeko tresna izan daiteke herria muralen bidez apaintzea.
ATZEKOZ AURRERA. Lian Monserrate. Muralgilea
«Askotan, baimena eskatzea baino hobe da barkamena eskatzea»
Munduko muralik onenetan hirugarrena Ondarroan dago, Kamiñazpin. Lian Monserrate da egilea, eta gaztetatik ari da gizarte gaiak hormetara eramaten. Memoria ariketa bat egin nahi izan du obra horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu