Joxe Juan Ugalde

«Asko hitz egiten dugunok ere maite dugu, tarteka, isilik egotea»

Euskaldun ugariren iratzargailua; albisteen bueltan, goizero mikrofonotik berri onak zein txarrak ematen. Estudiotik ateratzean, motoa hartu eta Euskal Herriko txokoez gozatzen du, edo Jaizkibelen gora galduz, edota garagardo fresko batekin disfrutatuz.

Iñaki Lasa Etura.
2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Nahitaezko gautxori. Irratian goizero 07:00etan eguneko albisteen berri emateko gauez egin behar baitu lana Joxe Juan Ugaldek (Lezo, Gipuzkoa, 1960). Euskadi Irratiko Albiste Faktoria saioa du ogibide, baina behin mikrofonoa amatatuta, orduan hasten baita zurrunbiloa, albisteen osteko faktoria.

Egunero 07:00etarako irratian ahots garbiarekin egoteko, bitamina eta indar dezente beharko duzu. Ondo gosalduta joango zara lanari ondo ekiteko.

Zereal, gurin, marmelada eta gisakoek osatutako gosaria erantzutea espero baduzu, horrelakorik ez. Beti esaten dut gosalduta jaikitzen naizela. Trago luze samarra jogurt likidoari, arroz-esnea arrapaladan… eta kito! Goizaldeko dutxa da nire gosaririk onena. Ondoren, irratiko makinako ebakiak.

Albistegietako berri ezkor guztiak kontuan hartuta, nagitasuna emango du askotan ohetik altxatzeak, ezta?

Denean bezala, ohitu egiten zara. Baina bai, atmosfera ekonomiko negargarri honetan behin eta berriz esan beharrekoak errepikatzea, zenbaitetan, ez da batere erraza izaten. Halere, bada bestelako albisterik ere.

Denbora honetan eman dituzun albiste guztien artean, ba al duzu kuttunen bat?

Inolako zalantzarik gabe, Aieteko Adierazpenaren iragarpena eta plazaratzea, ETAk indarkeria utzia zuela iragarri zuenekoa edota Pasaiako zentral termikoaren itxiera.

Lagunarteko solasaldietan gehien informatuta dagoena izango zara!

Behin baino gehiagotan isilik geratu behar izaten dut aurreko solaskidea ni baino jantziagoa eta informatuagoa dagoelako. Guk dena ukitzen dugu, baina ez sakonegi. Aspaldi entzun nion eskarmentu handiko kazetari bati kazetariok jakintza ozeanoak garela, baina, zentimetro batekoak sakonean.

Euskaldun askoren iratzargailu izanik, zu zeu nola itzartzen zara?

02:30ean esnatzea deusaren planetan lurreratzea bezala da. Bi iratzargailu ditut borrero. Esnatu orduko, programako solaskideak, elkarrizketan izango dudan gonbidatua edota bezperako berri nagusiak datozkit gogora. Esnatu orduko hasten da zurrunbiloa.

Irratian eztarriko kordeei eragiteaz gain,teklei ere gogoz ematen diezu.

Urte asko daramat eskualdeko egunkari eta aldizkarietan zutabeak eta artikuluak idazten. Orain Itsasgora izeneko tartea dut OarsoBidasoko Hitza-n. Liburuei dagokienez, hiru: IRRATIA ESKOLAN, OINARRIZKO ORIENTABIDEAK; Lezo dantzari, Murixka eta aurrekoak eta Polentzi Gezala. Dena dela, baratze hori lehor daukat azkenaldian.

Beste kazetari bat Twitterren. Zalea?

Ez bereziki. Twitter plaza sano, aske eta demokratikoa iruditzen zait. Batzuk mozorrorik gabe, beste batzuk ezkutuan… Iritzia da plaza horretan benetan balio duena. Informazio iturri gisa ere erabiltzen dut.

Maite ditut maite gure bazterrak... motoan zeharkatzen dituzunean?

Ahal dela, larunbatero egiten dut moto buelta; hilean pare bat aldiz, Zela lagun eta lankidearekin, 300 bat kilometrokoa, Euskal Herriko bazterrez gozatzeko. Gure herria mugagabea da. Txundituta nauka. Gero eta gehiago.

Honda Deauville 650. Ez da kaskarra!

Sartu berria naiz zilindro edukiera horietan. Tamainako motoa da. Euri handirik ez bada, egunero erabiltzen dut lanerako, asteburuetan bueltatxoa emateko eta oporretan kanpora joateko.

Jaizkibelen ibiltzeko, nola nahiago? Motor gainean ala pasieran lasai-lasai?

Orain urte batzuk korrika eta mendi-bizikletan ere bai. Jaizkibel zerua da lezoarrontzat. Paisaia eta zapore asko ditu: baserri aldea, kosta…

Gidatzearekin nahastu gabe ahal dela, baina, garagardo zalea ere ba omen zara. Baten bat gomendatuko al zeniguke?

Hartuko al dugu oraintxe bertan garizko Erdinger, Paulaner edo Maisel's Weisse bat? Edo… Guinness pinta apartsu bat? Edo… etxeko Pagoa bat?

Konpainia onean garagardo guztiak onak.

Konpainia eta une bakoitzari garagardo mota bat doakio.

Konpainia ona ere dantzarako behar izaten da. Hor ere primerako konpainia eduki zenuen; hiru urtez jarraian irabazi zenuen Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa.

Hogei urtetik gora egin nituen dantza askatuan, Lurdes Esnaola bikotekidearekin. Dantzari totala zen. Harenak dira merituen erdiak baino gehiago. Harekin irabazitako Segurako txapelketak garaikur bereziak dira nire dantzari ibilbidean. Horrez gain, 28 urte egin genituen Lezoko Allerru dantza taldean eta Lezoko Folklore Taldean.

Mikelazulo poesia taldearekin emanaldiren batean aritutakoa zara. Albisteetan al duzu inspirazioa?

Albisteek ez dute samur idazteko sosegurik ematen. Jaizkibelgo ibilaldiek ematen didate inspirazioa. Dozenaka poesia ditut ordenagailuko karpetan lo. Akaso horixe dute, oraingoz, tokirik egokiena; asko hitz egiten dugunok ere maite dugu, tarteka, isilik egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.