Antzerki zuzendaria

Ana Maestrojuan: «Asko gustatzen zaizkit entseguak, eta oso gutxi obren estreinaldiak»

Errealitatea eta fantasia nahastu ditu Maestrojuanek 'Arrain bat bezala' obran. Ikusleek narriadura kognitiboaren inguruan galderak egitea nahi du: «Alzheimerrak duen estigma amaitu nahi nuen».

(ID_13467625) () 2024-01-04, Iruñea. Ana Maestrojuan antzerki zuzendariariak 'Arrain bat bezala' obra zuzendu du
Ana Maestrojuan zuzendaria 'Arrain bat bezala' antzezlanaren kartelarekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Antzokietako gortinen atzean eta besaulkien artean nabigatzen du Ana Maestrojuan antzerki zuzendariak (Iruñea, 1976). Haren obrek errealitatetik edaten dute, baina fantasiarekin ere nahasten dira. Orain, Arrain bat bezala obra estreinatu du, alzheimerraren estigma apurtzeko asmoz. Atarrabian (Nafarroa) antzeztuko dute otsailaren 17an, arratsaldeko seietan.

Zein da antzerkiarekin duzun lehendabiziko oroitzapena?

Oso gogoan dut nire eskolako areto nagusia, eta amak ikuskizun askotara eramaten ninduen Iruñeko Gaiarre antzokira. Gehiago gogoratzen ditut aretoak obrak baino. Ur antzerki taldearen A Midsummer Night’s Dream (Uda gau bateko ametsa) obrak asko markatu ninduen.

Aretoko oihalen atzean lan egin nahi zenuen?

Bai. Oso erantzukizun handia dute aktoreek, etengabe agerian egon beharra. Nire arima azaltzen dut obretan; neure burua erakusten dut, baina ez dut aurpegia ematen. Asko gustatzen zaizkit entseguak, eta oso gutxi obren estreinaldiak. Emanaldia amaitzen denean, publikoarekin geratzen naiz zer iruditu zaien entzuteko.

Zer zurrumurru entzuten dituzun aretoan?

Batzuek ez dute sinesten obra nik idatzi dudanik. Hiru aldiz galdetzen dute obraren idazlea nor den, ezin baitute ulertu oso heldua ez den norbait edo gizon bat ez den norbait obraren idazlea izatea.

«Ongi egiten duzu Iruñekoa izateko» ere entzun duzu?

Gehien errepikatzen den komentarioa da. Jendeak asmo onez esaten du, baina mingarria da: badirudi onak izateko ezin garela Iruñekoak izan. Lore pozoitua da. Iruñean badaude antzerki konpainia oso onak, ez dugu etxekoa babestu nahi?

Nola sortu zen Arrain bat bezala obra idazteko ideia?

Maite dudan pertsona batek narriadura kognitiboa garatu zuen, eta horren inguruan ikertzen hasi nintzen. 

Nolakoa da Martzial, obrako protagonista?

Uretatik kanpo dagoen arrain bat bezala sentitzen da. Dutxan nengoen egun batean, eta esaldi bat etorri zitzaidan burura: «Memoria, arrain bat balitz bezala, eskuen artean irristatzen zait». Hori da obraren oinarria, eta fikzioarekin nahastu nuen. 

Fantasiak errealitatetik edan behar du?

Bai. Errealitatea oso surrealista da. Niretzat, antzerkia giza izaeraz hitz egiteko tresna bat da, eta errealitateak beti gainditzen du fikzioa. Bizitzan gertatzen diren gauza batzuk sinestezinak dira.

Alzheimerra nola nahastu fantasiarekin?

Obra osoa Martzialen buruan gertatzen da, eta atzeko aldean eserita dagoen pertsonaiak bere gaztaroko oroitzapenak irudikatzen ditu, gehien gogoratzen direnak direlako. Alzheimerrak duen estigma amaitu nahi nuen.

Idazketa prozesua indibiduala da?

Bai. Ez diot inori parte hartzen uzten. Nire idazketa prozesua luzea da: buruan sartzen zaidan ideia bat dago, eta ikerketa lana egin eta gero sortzen da. Baina antzezpena prozesu kolektiboa da.

Iruñeko Gaiarre antzokian erakutsi zenuen obra asteazkenean. Nolakoa izan zen erantzuna?

Polita izan zen. Haurrek galderak egiten zituzten, eta horixe nahi dugu. Ez dugu erantzunik eman nahi, interesgarriagoa da obrek elkarrizketa bat sortzea.

Zuzendari berrientzako aholku bat?

Egin dezatela nahi dutena, baina ongi egina. Lanbidea gogorra da, jende guztiak zure lanari buruzko iritzia ematen baitu.

Beste obraren bat baduzu esku artean?

Bai. Aurten egingo dugun obran pentsatzen ari naiz, eta bakarrik margolan barrokoak datozkit burura; hori da abiapuntua. Zerbait kontatu nahi dudala badakit, baina oraindik ez dakit zer den.

LOTSABAKO

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.