Amamaren bizitza da abiapuntua, baina bidean beste gauza asko topatu ditu Alaitz Melgar Agirrek (Barakaldo, Bizkaia, 1984). Tene Mujika beka irabazi zuen iaz, eta egitasmo bat zena liburu mardul bat da orain: Josefa, neskame. Amamaren eta amaren arrastoei erreparatuz bere burua ere aurkitu du idazleak.
Nor zen Josefa?
Gure amama: Josefa Agirre Etxeberria. 1927an Azpeitiko [Gipuzkoa] baserri batean jaiotakoa eta 12 urte bete orduko neskame lanetan aritu zena. Gasteizera joan zen, eta gero leku batetik bestera ibili zen. Espainiako dukesa borboi baten etxean ere egin zuen lan, Donostian. Bizitza konplikatua eta nortasun konplexua izatera eraman zuen horrek denak. Familian ezkutuan egon den istorioa izan da. Amak eta biok solasaldi asko izan ditugu etxeko sukaldean. Eta amak galdera asko zituen.
Galderak erantzutera datorren liburua da, hortaz.
Bai. Familian zeuden korapiloak askatu nahi nituen. Bidean konturatu naiz nire bizitzako gertakizunak ez direla ausaz gertatu. Nire aurretik jaio ziren emakumeek markatu zuten nire bidea, eta, hori guztia aztertu eta gero, neure benetako identitatea deskubritu dudala uste dut. Beti pentsatu izan dut eleberri bat idatzi behar nuela istorio horrekin. Erronka handia izan da. Amama 2020an hil zen, 93 urterekin, eta gurekin bizi izan bazen ere, inoiz ez zuen ezer kontatu. Misterio bat zen dena.
Liburuaren azalean dagoen zuri-beltzeko argazkikoa al da?
Bai. Gasteizen ateratako argazkia da. Erdian eserita dago, 12 urte zituela, gutxi gorabehera. Bere alboan agertzen diren bi haurrak bere ilobak dira. Emilia ahizpaordearen seme-alabak zaintzen ibili zen. Hori izan zen bere lehenengo lana.
Ez da samurra izan, ezta?
Oso konplikatua izan da. Oso datu gutxi genituen, eta ikerketa egiten hasi nintzenean konturatu nintzen ez zela inon agertzen: erroldan ere ez. Ez zegoen haren inguruko informaziorik dokumentu ofizialetan, baina nik ez nuen fikzioa egin nahi, ez nuen gezurrik kontatu nahi. Obsesionatuta nengoen dokumentu ofizialetan zerbait topatzearekin, historiarekiko zorroztasunarekin. Etsita nengoen.
Harik eta...
Bi historialarirekin hitz egin nuen arte. Nerea Arestik eta Miren Llonak esan zidaten oso normala zela ezer ez topatzea, eta aholkatu zidaten beste ikuspuntu batetik idaztea, beste metodologia batetik. Froga enpiriko desiratu horiekin ahaztu nintzenean hasi nintzen aurrera egiten. Itziar Goikolea Amianoren artikulu bat pasatu zidaten, oso interesgarria, oso lagungarria. Historia espekulatibo eta fikzionatu horren bidetik jo nuen, betiere, datuetan eta ahozko testigantzetan oinarrituta, eta paraleloan nire ikerketa bidaia eta bidean izan ditudan zalantzak kontatzen joan naiz. Saiakera bat da.
Ahotsik ez zuten neskameen ahotsa ere jaso duzu.
Bai. Asko gerturatzen ari dira esatera euren sendian ere neskame bat izan dutela, isilpean geratzen diren istorioak dira. «Nik etxean antzeko istorio bat daukat», halaxe esaten didate. Ona da urteetan tiraderan egon dena ateratzea zauriak sendatzeko. Oso bidaia emozionala izan da. Liburuaren ostean baketu naiz amamaz nuen irudiarekin. Oso argia zen, baina oso itxia.
Amona ibili zen lekuetan ere ibili zara zu.
Bai. Inkontzientea izan da. Gasteizera joan nintzen ikastera. Zarautzen [Gipuzkoa] eta Ingalaterran bizi izan naiz, amona bezala. Ez zitzaidan ingelesa gustatzen, baina Ingeles Filologia ikasi nuen. Amona Ingalaterran geratu zen haurdun; ama han jaio zen, 1955ean. Ez zen inoiz ezkondu, eta herrira itzuli zenean gai hori tabua zen, bekatu mortala. Frankismoaren garaiak ziren. Aita nor zen ere argitu nahi nuen, eta sorpresa asko izan ditut.
LOTSABAKO
Idazle bat?
Jane Austen.Liburu bat?
Sandra Cisnerosen The House on Mango Street (Mangoa dagoen kaleko etxea).Erreferente bat?
Ama.Leku bat?
Etxea.