ATZEKOZ AURRERA. Txaro Buñuel. Iruña Antitaurina taldeko ordezkaria

«Asko dira zezenketez paso egiten duten peñakideak»

Animalien aurkako tratu txarrak sanferminetatik erauzi nahi ditu Iruña Antitaurina taldeak. Hori aldarrikatzeko, kalejira eginen dute gaur iluntzean.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Sanferminzale porrokatua da Txaro Buñuel (Tutera, Nafarroa, 1962). Horrek, baina, ez du esan nahi arratsaldero Iruñeko zezen plazan gertatzen dena gustuko duenik: «Sarraski krudel bat da». Festa eredua aldatzeko ari da lanean.

Protesta eginen duzue gaur iluntzean, zezen plazan sei animalia hiltzen dituzten une berean...

Bai, horixe azaleratu nahi izan dugu. Zezen plazan dagoen jendetzak hilketa bat txalotzen duen bitartean, gu dibertitu eginen gara. Horregatik, festa giroan eginen dugu kalejira, Udaletxe plazatik Errekoleten plazara: Zaldieroak diseinatutako pankarta atera, eta elektrotxarangaren erritmora dantza eginen dugu. Deialdia erraza da, jendeak gogoan izan dezan: 7-7-7, zazpigarren hilabetearen zazpigarren egunean, 19:00etan.

Zezenketak debekatu nahi dituzue, baina entzierroez ez duzue ezer esan. Zergatik?

Lehentasun kontua da. Krudelkeria handieneko jardueretan jarri dugu indarrik handiena. Entzierroetan ere tratu txarra jasotzen dute animaliek, jakina, baina ez da gauza bera: Zezen plazakoa sarraski bat da. Erromatar Inperioaren garaiko koliseoa dirudi. Halako ikuskizun bat anakronikoa da gaur egun. Entzierroak, berriz, eztabaida propioa eskatzen du, eta helduko da hori ere, baina gure lehentasuna da zezenketak bukatzea.

Baina animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunak oso errotuta daude Iruñean. Urrun ikusten duzue helburua?

Ez hainbeste, ez. Azken batean, gure leloan argi diogu: Iruñea ez da zezenketazalea, festazalea baizik. Jende asko dago zezenketen aurka, entzierroen kontrakoak hainbeste ez badira ere. Ostalaritzaren, merkataritzaren eta turismoaren sektoreek ere argi dute hori: Iruñean, hobekien saltzen dena entzierroa da. Zezenketen joera, aldiz, beheranzkoa da. Dekadentzia betean dago. Peñek ere kontraesan ugari dituzte: askok ez dituzte zezenketak maite, baina plazara joaten dira merendua egitera, mozkortzera eta abestera. Noiz arte jarraituko dute kontraesan horiei eusten? Ez dakit, baina ez dirudi luze joko duenik. Lizarrako La Bota peña, adibidez, aitzindaria izan da hango jaietan, zezenketei uko eginda.

Iruñeko peñekin hitz egin duzue, zuen aldarrikapenak azaltzeko?

Bai, bilerak egin ditugu, eta txosten bat helarazi genien. Peñaz peña auzia azaltzen joateko aukera ere eman ziguten. Hortaz, jarrera ona erakutsi dute. Peñetako arduradunek onartu digute, orain edo gero, heldu beharko diotela eztabaida horri, gero eta gehiago direlako peñakide antitaurinoak. Asko dira zezenketez paso egiten duten peñakideak. Aurreko batean, peña bateko presidenteak kontatu zigun 450 bazkide direla, eta horietatik 60 besterik ez doazela zezenketak ikustera.

Festaren eredua berriz planteatu behar dela uste duzue?

Erabat. Torturak eta tratu txarrek ezin dute ezein jaialdiren oinarrian egon, eta horrek eskatzen du planteamendua berritzea, egitarauari dagokionez, alternatibak planteatuz, bai eta eredu ekonomikoari dagokionez ere. Azken urteetan, turismoak behera egin du nabarmen, eta agentzia batzuk hasiak dira sanferminei boikota egiten, animalen aurkako krudelkeriagatik. Horri guztiari buruz gogoeta egin beharko du hiriak, sanferminak hondoratzerik nahi ez badu.

Orain arte, antitaurinoei egiten zitzaien kritika zen «kanpotarrak» zirela. Azken urteetan sortutako taldeek frogatu duzue hori gezurra dela, ezta?

Bai. Aspaldi, atzerriko ekintzaileak etortzen ziren animalien aurkako tratu txarren kontra protesta egitera, eta askok horri esker ireki genituen begiak. Hemengo jende asko konturatu zen zerbait egin beharra zegoela eta batera lan egin behar genuela. Iruñean, hainbat talde sortu dira azken urteetan, eta ikuspegi propioa eman diote borroka horri. Hori ezinbestekoa da tokiko jendearekin konektatzeko. Zezenketei eta entzierroari buruzko eztabaidak desberdintzea, adibidez, lorpen handia izan da. Askok eskertu digute auzia horrela planteatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.