Diseinatzaile grafikoa

Beñat Etxebarria: «Askatzailea eta gizartearen askapenerako tresna izan behar du arteak»

Kera markaren diseinatzaile eta sortzailea da Etxebarria, eta gutxinaka bere arrastoa uzten ari da diseinu grafikoan. Sormena eta benetakotasuna uztartzen ditu bere lanetan, eta arteak antolakuntza behar duela uste du.

Beñat Etxebarria diseinatzailea, herenegun, Legution, Araban. UNAI ETXENAUSIA
Beñat Etxebarria diseinatzailea, herenegun, Legution, Araban. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
2024ko urriaren 3a
05:00
Entzun

Modaren eta diseinu grafikoaren munduan Kera markarekin nabarmendu da Beñat Etxebarria euskal diseinatzailea (Legutio, Araba, 2000). Hastapenetatik, estetika garaikidea ukitu pertsonal batekin konbinatzen duen nortasun propioa eratzen jakin du, eta aitortza lortu du bere arropa markagatik eta musika talde eta jaialdiekin egindako kolaborazioengatik. Benetakotasuna eta sormena islatzen dituen estiloaren bidez, Etxebarriak Kera Euskal Herriko kultura alternatiboko erreferentziazko marka bihurtzea lortu du.

Arteak baditu zenbait ertz. Zurea diseinua da, marka bat sortzea, alegia.

Artea, era batera edo bestera, beti egon da presente nire bizitzan, eta garapen baten emaitza da orain egiten dudana. Jendearekin gauzak egiten hasi, eta konturatu orduko sare bat eraikitzea lortu dut.

Beraz, talde identitate hori garrantzitsua da zuretzat?

Artista indibidualarena da egungo artista eredu nagusia. Mundua bere erara ulertzen duena, eta horren arabera jokatzen duena beti: bera da bere justifikazioa, eta bere ideiak baliozkoak dira edozer justifikatzeko. Hori haustea garrantzitsua dela uste dut.

Nola atera arautik?

Artearen analisi sakona egin behar dela uste dut. Ez soilik artea ekoizteko eran, baizik eta arteak betetzen dituen funtzioei dagokienez. Artea antolatu beharra dago, gizartea eraldatu dezakeen kultura baten barnean, noski. Borondate kolektiboa behar da horretarako, eta hor ez dut ikusten tokirik artista indibidualentzat.

«Proiektu batzuetan sartzen ditut marrazkiak, baina argazkiari eta tipografiari ematen diet garrantzirik handiena»

Argazkiak, marrazkiak eta beste nahasten dituzu zure diseinuetan...

Artxiboa begiratuta, uste dut argazkietatik abiatzen ditudala nire diseinurik gehienak. Ez dakit esaten zein den nire estiloa, baina bai uste dut nahiko zuzena, figuratiboa eta esplizitua izaten saiatzen naizela. Proiektu batzuetan sartzen ditut marrazkiak, baina argazkiari eta tipografiari ematen diet garrantzirik handiena.

Zer desberdintasun daude zure sormen prozesuan musika taldeekin edo zure marka pertsonalarekin lanean ari zarenean?

Orokorrean, nahiko desordenatua da prozesua. Kera markari dagokionez, proiektu luzeak definitzen saiatzen naiz, beti funtzio bati lotuta. Bestalde, kanpora begira, berehalako lanak izaten dira normalean; hor egiten dudan lanketa ez da hain sakona izaten.

Nola aukeratzen dituzu artistak edo taldeak, eta zer alderdi iruditzen zaizkizu garrantzitsuak diseinuak haien estiloa isla dezan?

Askotan nabaritu dut egungo kultur dekadentzian zaila dela asmo bat duen edo benetako ekarpena egin nahi duen jendea zein taldeak aurkitzea. Adibidez, aurreko asteetan aritu ginen Julien Bizirik proiektuarekin; Euskal Herrira zabalduko den proiektu bat da. Teaser bat ekoiztea eskatu ziguten, eta plazera izan zen guretzat; izan ere, faxismoaren aurkako ekinaldi bat da. Bestalde, Ekinez jaialdiko proiektua ere bada musika arloko lan esanguratsu bat. Horrelako beste hainbeste daude...

Nola orekatzen duzu zure sormen ikuspegia merkatuaren eskaerekin?

Edozein artistak egin behar du nolabaiteko enpresa proposamen bat proiektua aurrera atera ahal izateko. Horrek, ondorioz, artelan askok baliorik ez izatea dakar; batez ere, merkatuaren interesen baitan dagoelako. Merkatuak markatzen du askotan artistak nola jokatu behar duen, eta horrek ekarri du artearen dekadentzia. Hori gainditu behar da: askatzailea eta gizartearen askapenerako tresna izan behar du arteak.

lotsabako

Diseinatzaile bat?
Guaglio. Madrildarrak dira.

Egin duzun proiektu bereziena?
Brigade Loco eta Azione Diretta taldeen split-a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.