Askatu beharreko korapiloak

Euskal Herriko kuadrillen oinarriak txikitatik ezartzen dira, eta arau jakin batzuk bete behar dira egitura horren barruan irauteko. Hala ere, bertan sortzen diren dinamikek, botere harremanek eta hierarkiek batez ere Euskal Herrian jaio ez direnen bidea oztopatzen dute.

BERRIA.
itsaso jauregi 2
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
«Gizakia animalia soziala da, eta pertenentziazko sentimendu bat izan beharra du. Askotan irudikatzen dugu gizartetik kanpo bizi ahal garela, baina ez da erreala. Gizarte batean ondo bizitzeko, talde baten parte garela sentitu behar dugu», azaldu du Maider Query Avaristo antropologoak. Kidetasuna sentitu nahian, gizakiak komunitateak sortzeko ohitura du; sozializatzeko esparruak edo taldeak. Komunitate horietako bat nagusitzen da Euskal Herrian, hainbat harik osatzen duten korapiloa: kuadrilla.

Kuadrilla lagun talde bat da, tarteka biltzen dena elkarrekin astialdiaz gozatzeko. Normalean, gaztaroan elkar ezagutu duten kideek osatzen dute, eta konfiantza handiko harremanak sortzeko helburuarekin elkartzen dira. Halako lagun taldeetan sortzen diren dinamikak landu ditu Mikel Abaurrea Iruñeko Harrotuko sexu hezitzaile eta irakasleak, eta kuadrillak bi aurpegi dituela esan du: alde batetik, espazio segurua, zerbait gertatzen bada norbaitengana joateko aukera eskaintzen duena; bestetik, nukleo hori ez badago, sufrimendua eta segurtasunik ezaren sinonimoa.

Xanti Gardeazabalek sufrimenduaren ideia horren aurka egin du. Betidanik «ezegonkorrak» izan diren lagun taldeetan egon da, eta, nahiz eta gaur egun kuadrillarik ez izan, ez du nukleo horren faltarik sumatu: «Nik bertute gisa ikusi dut, eta atsegin hartu dut horretan. Baina hori hausnartzeko betebeharra existitzen da, noski; betidanik jakin dut kuadrillarik ez dudala. Nik ez dut neure burua kritikatu, baina, segur aski, pertsona batzuek gaizki pasatu dute pertenentziazko sentimendua ez izateagatik».

Lagunak aukeratzen den familia direla esan ohi da. Hala ere, kuadrillako kideak hautatzeko askatasuna zalantzan jarri du Avaristok: «Askotan, ez dugu erabakitzen; jaiotzen garen lekuaren arabera eta jaiotzen garen urtearen arabera sortzen dira. Imajinatu gure gurasoek aukeratzen dutela gu beste eskola batera eramatea. Kuadrilla gehienak eskola inguruan sortutako taldeak dira, eta oso zaila da horrekin haustea».

Txikitan sortutako egitura horiekin apurtzea «zaila» dela esan du Gardeazabalek, batez ere segurtasunari lotuta dagoelako: «Normalean gaztetan sartzen zarenez, nahiz eta urteetan zehar aldatu, ziurtasunagatik geratzen zara: kuadrillako kideak ezagutzen dituzu, eta taldea iraunkortasun gisa erabiltzen duzu. Etorkizunean pertsona horiekin egoteko aukera ziurtatzen duzu».

Botere harremanak

Etorkizuneko konpainia ziurtatzeko eta bakardadetik ihes egiteko mantentzen dira kuadrillak, Gardeazabalen arabera: baztertua eta seinalatua izatearen beldur. «Bestea» eta «ezezaguna» izatea mehatxu bat dela ere esan du Avaristok, eta horrek kuadrilla uzteko bidea oztopatzen duela: «Talde bat eraikitzen dugun neurrian, identitate bat ari gara eraikitzen. Orduan bestea, edo bakarrik gelditzearena, ezezagunarena, mehatxu bat da».

Ezezaguna besarkatu ordez jendeak txikitan landatutako zuhaitzaren azpian geratzea nahiago duela esan du Abaurreak; haizerik gabe, berorik eta hotzik gabe, lasai-lasai egoteko. Hala ere, zuhaitz ezagun horrek hainbat arantza izan ditzakeela adierazi du irakasleak: jeloskortasuna, kontrola, lidergoak eta berriarenganako kritikak sor daitezke, besteak beste.

Buruzagia da kuadrillaren jokabidea markatzen duena: liderra ateratzen bada, besteak ere bai;buruzagiak ekintzaren bat proposatzen badu, besteek ere egingo dute. Berez, kuadrillan komentatu ez diren baina ezagunak diren arauak daudela esan du Abaurreak, apurtu ezin diren legeak: «Arau horietatik ateratzen bazara, arriskutsua izan daiteke. Liderra arautik pixka bat ateratzen bada, onartu egiten da, edo kuadrillan botere posizioa duen norbaitek egiten badu. Hala ere, arauak bete behar dituzu; bestela, kuadrillatik botako zaituzte».

Arauak bete ezean eta kuadrillatik kanpo norbaitekin harremana izanez gero kritikak jasotzea normala dela esan du Abaurreak: «Ez zatoz gurekin», «beti bikotekidearekin zaude», «beste batzuekin geratzen zara» eta halako esaldien bitartez, taldeak argi uzten du bere jeloskortasuna, haserrea eta kontrola, menderatu ezin den guztiaren aurka eginez eta kuadrillaren egitura tradizionala babestuz. «Kuadrillaren instituzioa» defendatzeko helburuarekin bakoitzak bere printzipioen aurka ere egiteko arriskua dagoela azaldu du irakasleak, taldearen dinamikek eta egiturek itsututa: «Bortxaketen eta erasoen kasuan ikusten da; nire laguna defendatuko dut, adiskidetasuna gauza guztien gainetik, nahiz eta bera bortxatzailea izan. Gure balioen eta printzipioen aurka egiteko gai gara kuadrillakoen portaera justifikatzeko».

Kuadrilla gizartearen isla dela azaldu du Avaristok, eta, horregatik, gizartean dauden estereotipoak, botere harremanak eta indarkeriak ikus daitezke. Beraz, kuadrilletan, gizartean bezala, hierarkiaren goialdean pribilegio gehien dutenak kokatzen dira antropologoaren arabera; «zisheteropatriarkatuan» leku bat aurkitzen dutenak: «Bertan lekurik aurkitzen ez duten bestelako identitateak, izateko modu disidenteak edo periferian kokatzen direnak kanpoan geratzen dira. Eskoletan ikusten da; alde batetik, normatiboen arteko kuadrillak daude, eta, beste aldetik, hiru edo lau lagun ez daudenak norma horren barruan».

Bereizketa hori amaitzeko sortu dute Arantxa Caminosek eta Irune Ansak Iruñeko Kabia proiektua. Lantxotegi elkarteko kideek ekintzak antolatzen dituzte 18 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko harremana sustatzeko. Zubi lan horretan integrazio hitzak lekurik ez duela azpimarratu du Caminosek: «Integrazio hitzak esan nahi du gure antza izan behar duzula funtzionatzeko. Zure historia ezabatu behar duzu, eta gure portaera imitatu». Hala ere, Kabian parte hartzen dutenen artean imitatzeko joera ikusten dela esan dute antolatzaileek; beren hitz egiteko modua eta ohiturak moldatzen dituzte gizartean onartuak izateko. «Pertsona batek, kuadrillan sartzeko, normalizazio prozesua jasan behar du; bestela, taldetik kanpo gelditzen da», esan du Gardeazabalek.

Hala ere, prozesu horren atzean jarrera arrazistak daudela adierazi du Avaristok: «Marko bat jartzen dizute, eta esaten dizute zure egiteko modua ez dela onartzen. Gizarte arrazista batean bizi gara, eta kanpotik etorritako pertsona horri esaten zaio ez dela gu bezalakoa, ez da gure taldekoa.Zeinek integratu behar du, eta nora integratu behar du? Aldez aurretik ezarrita dagoen marko batera».

Hartu-emana

Kabian elkarbizitza sustatzeko elkartzen dira. Kulturen arteko hartu-emanari esker espazio publikoak okupatu nahi dituzte, eta kuadrilla espazio horietako bat da, besterik ez. Horretarako, Abegi Kuadrillak proiektua sortu dute Nafarroan. Bertan, Nafarroan jaiotako hamabost gazte elkartzen dira, kuadrilla bakoitzeko ordezkariak, eta hamabost pertsona migratzaile. Hortik aurrera, sei hilabeteko prozesua abiatzen da, eta aisialdiko hainbat jarduera egiten dituzte elkarrekin: kanpalekuak, kirolak, kontzertuak eta abar. «Helburua da kuadrillako ordezkariak zubi lana egitea, gaztea gero kuadrillari aurkezteko. Baina talde bat izatearen sentimendua ere sortzen da: Kabiako kuadrilla», azaldu du Caminosek.

Proiektua ahoz aho hedatu da, eta espero ziren baino parte hartzaile gehiago izan dira, Ansaren arabera: «Polita da ikustea jendea bere kuadrillako egitura zalantzan jartzen; sortzen diren dinamikak aldatzeko gogoz». Hala ere, antolatzaileen arabera, oraindik «lan handia» dago egiteko; izan ere, parte hartzaileekin egiten dituzten batzarretan adierazten dute «oso zaila» dela talde batean sartzea: jendea jatorra dela hasieran, baina gero ez duela harremana mantentzen, eta askotan aurreiritziengatik izaten dela. Orokorrean, Euskal Herriko kuadrilletan irmotasuna kritikatu du Caminosek: «Kabia denok gara. Elkar ezagutu nahi dugun jende gaztea gara, eta berdintasunean oinarritutako harreman horizontalak nahi ditugu».

Sare berriak osatzeko dagoen interes faltak kuadrillen egitura tradizionala indartzen du, Gardeazabalen ustez. Hori da kuadrillen korapiloa egituratzen duen hari nagusia: «Txiletar lagun bati atentzioa eman zion kalean lagun batekin topo egiterakoan pertsona ezezaguna kanpoan geratzen dela; lagun horrekin hitz egiten duzu, eta ez dituzu elkar aurkezten. Pertsona kanpoan geratzen da, elkarrizketa amaitu arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.