Askatasunez jantziak

Belaunaldi ezberdinetakoak dira Yogurinha Borova eta Albina Stardust trabestiak. Genero estereotipoak hausteko igotzen dira oholtzara. Euskaraz ere aritzen dira; umorez, baina balioekin. 'Drag' arteari balioa aitortzeko eskatu dute.

Yogurinha Borova eta Albina Stardust trabestiak, Bilboko Casilda Iturrizar parkean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iker Tubia.
Bilbo
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun

Bi trabesti Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Kolore biziko kamiseta eta zapatilak, galtza berde dirdiratsuak eta koloredun gandor bat duen kaskoa buruan du batak. Plataforma handiko botak, gona motz-motza, kamiseta beltza eta ile luze morea besteak. Sakelakoarekin bideo bat grabatzeko aprobetxatu dute, Pergolatik ibiltoki inprobisatu bat sortuz. Yogurinha Borova eta Albina Stardust drag artistak dira; Eduardo Gabiña (Laudio, Araba, 1969) eta Eneko Gartzia (Burlata, Nafarroa, 1997). Belaunaldi ezberdinetako bi trabesti hauek azken boladan oholtza asko partekatu dituzte. Kanta bat ere atera dute elkarrekin: Tuli-tuli. Solasaldi luze batean, drag-ari buruzko bizipenak eta gogoetak partekatu dituzte orain.

«Indar handia», «boterea» eta «askatasuna». Drag-ak hori ematen die Yogurinha Borovari eta Albina Stardusti. Drag-ari balioa eman diezaioten nahi dute, eta erakutsi ez dagoela modu bat trabesti izateko. «Izan zaitezke mamarracha bat edota zoragarria eta itzela», esan du lehenbizikoak. «Drag-a ez da bakarrik edertasuna eta ileorde garesti eta politak. Askoz gehiago da», bigarrenak. «Estereotipoak apurtzea», zehaztu du Yogurinha Borovak. «Drag-a jarrera bat da, dena sartzen da hor. Genero rolekin eta estereotipoekin apurtu nahi dugu, eta nahi dugun bezala izan». Albina Stardustek borobildu du azalpena.

Drag-a askatasun iturri izan dute Gartziak eta Gabiñak, baina helmugara ailegatzeko bide ezberdinak ibili dituzte. «Ni trabesti jaio nintzen», atzera begira paratu da Albina Stardust. «Uste dut beti izan naizela Albina Stardust». Gartzia txikiak saioak egiten zituen familiaren aurrean amaren takoiak eta ahizparen gonak jantzita, Lady Gagaren doinuei jarraikiz. Nerabezaroan bazter utzi zuen alde hori, baina unibertsitate garaian itzuli zen grina, Gasteizera joan zenean. 2018an igo zen estreinakoz oholtzara: Yogurinha Borova Iruñeko besta batean aritu zen, eta Donatela Mani drag kideak bultzatuta plazaratu zen Albina Stardust egun hartan.

Bestelakoa izan zen Yogurinha Borovaren agerpena. Gabiña bestelakoa zen. «21 urterekin esan izan bazenit trabesti izaten bukatuko nuela, ez nizuke sinetsiko», kontatu du. «Laudion saiatzen nintzen mutil heteronormatiboa izaten, luma kanpoan utzita, eta kirol asko egiten nuen». Bilbon Las Felini agertu ziren 1996an, eta haien saioetara joaten zen. Garai hartan Spice Girls pop taldea famatu egin zen, eta Bilbon Spice Gays taldea egitea bururatu zitzaien. Gabiñak txandalduna-rena egin zuen. «El Convento tabernan aurkeztu genuen: arrakasta handia izan zuen, eta barre egin genuen. Las Fellinis taldekoek ikusi ninduten, eta esan zidaten proba bat egiteko». Hasieratik dirua irabazi zuen saioekin, eta «gustura» aritzen zen.

Albina Stardust eta Yogurinha Borova, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Yogurinha Borovak dio bera «asko» aldatu dela, baina baita egoera ere. «Gure garaian ez zegoen Internetik. Makillajea egiten ikasteko joaten nintzen diskoteketara, beste drag queen-ek nola egiten zuten ikasteko». Ez hori bakarrik: «Tabernak beti gauez; oso ilunak ziren, nahiz eta gero oso dibertigarria izan, eta beti genbiltzan ezkutuan, familiak jakitearen beldur». Garai horretan Euskal Herriko egoera ere «oso nahasia» zela gogorarazi du. Taberna batzuetan sartzeko txirrina jo behar zela ere aipatu du. «Giroa gogorra zen, baina asko ikasten zenuen».

Beste gauza batzuk ez dira hainbeste aldatu. Biak hasi ziren trabesti beste hiri batean. «Gaur egun errazagoa bada ere, homosexuala izatea oraindik zaila da; bada pentsa drag izatea, eta zure semeak esatea agertokian Lady Gagaren abestiak egin nahi dituela tanga jantzita. Jendeak hori ez du ulertzen. Beraz, kanpora joateak askatasuna ematen du», azaldu du Albina Stardustek. Herrietara begiratuta, Yogurinha Borovak aipatu du landa eremuko LGTB errealitateak ikusarazteko «lan handia» egiten ari dela. Tafallan (Nafarroa) landa eremuko harrotasun eguna egin dute aurten, esaterako. «Nire garaian zaila zen, baina espero dugu drag-ak agertzea hiri handietan eta herri txikietan. Babestuko ditugu».

Politikoa da drag-a. Hala uste dute biek. «Horrela janztea bera borroka da», esan du Yogurinha Borovak. «Mamarracha batzuk gara, horrela janzten gara, baina mezu bat dugu; hau aktibismo hutsa da», gaineratu du Albina Stardustek. «Kalera ateratzen garenean jendearengan zerbait pizten dugu, kolokan jartzen dizkiegu ideia batzuk. Munduari erakutsi nahi diogu bakoitza nahi duen bezalakoa izan daitekeela». Drag-a esperimentatzea da, haren aburuz. «Modu batean edo bestean denek egiten dugu drag-a». Yogurinha Borovak alde terapeutikoa nabarmendu du: «Nik psikologoetan izugarri aurreztu dut honi esker».

Trabesti euskaldunak

Euskara da bi trabesti hauek komunean duten beste afera bat. Ez dira asko euskarazko drag saioak, baina hori ere aldatzen hasia da. «Egia da gutxiago garela, gizartean bezala, baina indartsu gatoz», esan du Albina Stardustek. «Euskara erabiltzen hasi nintzen irudi baitu drag-a hiri handietako kontua dela: Madril eta Bartzelona, Rupol eta AEBak. Eta ez, Euskal Herrian ere bagara, eta euskaraz egiten dugu. Drag-a askori hurbiltzeko modu bat da euskara». Are, ate batzuk ere ireki dizkie: txosna batzorde askok deitu diete euskarazko drag saioak eskatuz.

Txosnetan geroz eta gehiago, eta herrietan ere geroz eta ikusle gehiago dituzte; hala sumatu dute. Yogurinha Borovak atzera begiratu du: «Hemen erreferente gutxi zeuden: Otsoa, Asier Bilbao, Rafa Pantoja... Garai hartan El Titiren Liberate kanta Bilboko txosnetan kantatu zuen Otsoak. Berak bide bat zabaldu zuen».

'Tuli-tuli' kanta kaleratu dute Yogurinha Borovak eta Albina Stardustek. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ezkontza aurreko agur festak atzean utzi, eta bestelako saioak egiten dituzte orain: musika, haurrentzako ikuskizunak, telebista... Baina ez da eboluzio orokor bat: gaueko saioak eta umore arrunta beste aukera bat dira. Edo biak uztartzea. Saioa dena delakoa izanda ere, drag arteari balioa emateko eskatu dute: soinu probak, aldagelak, soldata duinak eta egiten dutenari begirunea. Erronketako bat hori da Albina Stardustentzat: «Arte hau geroz eta serioago hartzea eta kontuan har gaitzaten programazioetan».

Euskal Herriko oholtzetan aniztasuna aldarrikatu du: «Aluraino nago ohiko lau gizon heteroen taldeez. Agertokietan nahi ditugu emakumeak, trabestiak, queer artistak...». Yogurinha Borovak beste kezka bat agertu du: «Drag Race bezalakoek ikusgarritasun handia ematen diote, baina kaltegarri ere izan daitezke. Zer motatako artistak erakutsi nahi dituzte?». Askotariko drag-a nahiago du, berak: «Drag king-ek ere ikusgarri izan behar dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.