Aurretik pentsatua zuen, baina egun horretan ausartu zen bere gogoa betetzera. Lagun bati gona bat eskatu, eta hura jantzita agertu zen institutuan. Mikel Gomez bilbotarrak hala janzteko gogoa zuen. Sare sozialetan azaldu zuen gertatutakoa: «Gaizki begiratu naute, nitaz hitz egin dute, baina hirugarren orduan matematikako azalpena eten du irakasleak eta psikologoarengana bidali nau». Psikologoak behin eta berriro galdetu omen zion ea neska «sentitzen» ote zen. Berak ezetz, ez lukeela generoaren kutxatxoa markatuko, baina, derrigorrezkoa balitz, ba mutilarena aukeratuko lukeela. Gero gona kentzeko eskatu zioten, «hotza egiten duelako». Neskei ez zieten eskatu.
Soka luzea ekarri du Bilboko gertakari horrek, eta institutu eta eskola askotan gona jantzita joan ziren egun batez neska-mutil batzuk, norberak nahi duen bezala jantzi daitekeela aldarrikatzeko. Hala ere, ez da ohikoena mutilak edo gizonak gona edo soinekoak jantzita ikustea. Gizarteak argi bereizten ditu jantziak generoaren arabera, eta araua betetzen ez duenak epaia eta zigorra jasotzen du.
Iban Albizu Alvarez haur hezitzailea da, eta Steilas sindikatuko LGTBIQ+ lantaldeko kidea. Argi esan du: «Norma da mutilek ezin dugula gona jantzi, eta norma apurtzeak dakar zigorra». Gizontasuna zehazten duen norma, hain zuzen: «Maskulinitatearen erroak zalantzan jartzen ditu, eta hemen zalantzan jarri ezin daitekeena maskulinitatea da». Horregatik, errazago onartu liteke emakume bat maskulinotzat hartzen den horretara gerturatzea, alderantziz baino.
Horrelakoetan, norma apurtzen duen horietan ez, norma betetzen dutenetan jarri beharko litzateke fokua Albizuren aburuz; alegia, norma bera auzitan jarri. «Zer dut nire buruan barruraino sartuta oihal zati bat, gona bat, halako pareta handi bihurtzeko. Mikelek janzten badu, nik ere egin dezaket, baina ez naiz gai, orduan, zer egiten dut? Norma apurtzen duena zalantzan jarri edo gutxietsi, nirea salbatzeko». Egoera horren aurrean, Steilas sindikatuak planteatu du hezkidetza kontzeptua gainditu eta pedagogia feministak martxan jartzea, gaizki edo erdizka ulertutako berdintasunean ez erortzeko.
Bilboko institutuko kasuan, hautsak harrotu zituen irakaslearen eta psikologoaren jarrerak. «Gizartearen parte dira, eta uste dute gona janztea gaizki dagoela. Pedagogia asko falta da», esan du Albizuk. Eskola barnean, baina, irakasle asko ari dira norma hori gainditzeko saiakerak egiten. Horietako bat da Jon Lizarribar Lasarte. Lehen Hezkuntzan genero estereotipoen gaia lantzen hasi zen, tartean, itxura eta janzkera. «Hasieran hitz egiten dute mutilez edo neskez janzteaz, baina, landu ondoren, teorian badakigu norberak nahi duena jantzi dezakeela», azaldu du irakasleak. Horren ondoren, proposamen bat egiten die: normalki neskek erabiltzen dituzten jantziak mutilek janztea, eta alderantziz. «Lehen erantzuna baietz da, baina, orain arte ez dut lortu mutilak gonarekin janzterik. Ariketa neskek eta nik egiten dugu».
Inguruaren eraginari erreparatu dio irakasleak: «Etxean mutilek diotenean neskak bezala jantzi nahi dutela, uzkurtasuna sumatzen dute: 'Beharrezkoa da? Zertarako?'. Neskei inork ez die ezer esaten». Eskolan, inor ez da ohartzen neskek ariketa egiten dutenik, Lizarribarren gonak hartzen du arreta guztia. Egun horretan inoiz baino guraso gehiago joaten dira haurren eske. Berak ikusi du haurrek barneratuta dutela nahi duten bezala jantzi daitezkeela, baina ideia hori ez dela praktikara eramaten.
Zergatik?
Hori izaten da gona janzten duen gizonari egin ohi zaion galdera: Zergatik? «Berdin azazkalak margotuz gero: zergatik? Beti helburu bat izan behar du, ezin du gustu kontu hutsa izan», esan du Lizarribarrek. Noski, guraso askok galdera hori egiten zieten haurrei etxean: «Zergatik mozorrotu da Jon?» edo «Zergatik jantzi da neskaz?». Ez zen mozorroa, aitzitik. Jantzia zen.
Aski ongi ezagutzen dute galdera hori egunerokoan edo nahi dutenean kalera gona jantzita ateratzen diren gizonek. Haien armairuan gonak edo soinekoak dituzte Aritz Arrondo Mujikak, Igor Zabalza Gazteluk eta Iñaki Perez Fernandezek. Oso ezberdinak badira ere, bizipen batzuk partekatzen dituzte.
25 urterekin jantzi zuen lehenbiziko pareoa Arrondok, baina 30 urterekin Indiara bidaiatu ondoren, eta han gizonek pareoa janztea ohikoa zela ikusirik hasi zen pareoa normaltasunez janzten. Gero gonak erabiltzen hasi zen, eta, azkenean, soinekoak. Lehenbizikoa, Berlinen erosia. «Azkenean oihal zati bat da, eroso egiten zaidana. Soinekoak ere zabalak eta erosoak dira; tira, badut bat estua festarako». Askoren begiak iltzatu egiten dira bere gonetan. «Batzuetan zentzu onean, beste batzuetan tortikolisa eta halakoak sortzen dituzu. Batzuetan barre ere egiten dute». Hala, batzuetan erabaki izan du gonarik ez eramatea, ez duelako gogorik halakoei erantzun behar izateko.
Zabalzak tarteka jantzi izan du gona; gustuko duen arropa da, baina ez du eguneroko jantzitzat: «Hasieran harrotasun egunean eramaten nuen, egun horretan babestuago sentitzen nintzelako, eta gero udan eramaten hasi nintzen, jaialdiren batean edo seguruago sentitzen naizen toki batean». Bestela, kalean, gutxitan. «Atentzioa ematen dizu. Nik ez dut arazorik izan, baina lagun batzuek, bai». Gogoaren arabera izaten da. Zabalzak berak egindako gonak erabiltzen ditu, bere estiloko jantzia eramateko. Gonaren alde egin du: «Eramateko orduan, askatasun handia ematen du, eta oso erosoa da».
Perezek hiru urte darama gona erabiltzen. Hasieran, lotsa ematen ziola aitortu du, baina maite du gona. Orain, arazoak ditu berak maite duen diseinua aurkitzeko. Gona ez da oharkabean pasatzen: «Janzten dudanetan ia beti badago komentarioren bat. Lanean adibidez, komentario onak dira, baina, hori ere bada presio moduko bat, gona eramateagatik ez dudalako laudoriorik jaso behar». Gaztetxoekin lan egiten du ere, eta haiek errazago azaleratzen dituzte aurreiritziak: galdetzen diote ea homosexuala den. «Ez dut gona jartzen transgenero kontuengatik: mutila naiz eta heterosexuala», azaldu du.
Gonak dena hausten du gizonen gerriaren bueltan jantzita badago, eta, horrek, epaia eta zigorra ekartzen du askotan. Eneko Oroz Ormazabalek, zoritxarrez, utzi dio gona janzteari. Ez du indarrik: «Gauza traumatikoa izan da, guztiz gurutzatu du nire bizitza. Jazarpen sistematikoa jasan nuen, eta horrek suntsitu ninduenetik, beste pertsona bat naiz». Bizipen gogorrak izan ditu jendeak ez ziolako onartzen nahi zuen bezala janzteko aukera.
Lagun baten janzkera imitatuta hasi zen gona janzten. Hasieran, minigona galtzen gainetik, geroago bestelakoak, soinekoak ere bai. «Erosoa egiten zait, eta sentitzen nuen mutilentzako ulertzen zen arropa askoz ere mugatuagoa zela. Fantasiak erakartzen nau, eta ahalik eta gauza gehien janztea gustatzen zait».
Ingurukoekin babesturik sentitzen zen, onarpena zuen. Baina, burbuila horretatik ateratzea latza izaten zen; are, bortitza. «Porrot egin nuen eskolan, mila aldiz errepikatu dut, eta urte askoan jende berria sartzen zen nire bizitzan. Beti nintzen moldatzen ez zena eta arraroa». Jende berriak berari buruzko aurreiritziak izaten zituen: aurretik eginda zegoen epaia. «Nire inguruan, oso eroso eta gustura nengoen, baina kanpoan, aurkakotasuna nuen beti». Harreman sozialak mugatzea ekarri dio horrek.
Ez epaitu
Bere gustuko gauzak egiteko, batzuetan bakarrik joaten zen tokietara. «Hori traumatikoa izan da. Egun batean hiru aldiz jo ninduten, eta uste nuen hor hilko nintzela. Askotan pentsatu dut: 'Hau da azken eguna, bakarrik noalako eta horiek gaizki begiratzen ari zaizkit'». Epaiketa etengabekoa izan zen. Gero etorri ziren: «Hara, normala zara» edo «hara, jatorra zara». Paradoxikoki, gona janzteari utzi zionean galdetzen zioten ea zergatik ez zuen janzten. «Aizu, ni ez naiz zirku bat. Egiten dut gogoa dudanean eta gogoa dudalako».
Horregatik, eskari argia egin du: «Ez epaitu eta babestu. Norbaitek gauza batengatik epaitzen duen bezala, norbait hori beste konturen batengatik epaitu dezakete eta gaizki pasatuko du. Normatik koma bat mugitzeagatik epaitzea oso ohikoa da, eta ez du inolako onurarik». Azken finean, gona bat jantzi bat baino ez luke izan beharko. Perezek pentsatu izan du gizonentzako gonak saltzen hastea, ez baitago halakorik dendetan: «Espero dut geroz eta gizonentzako gona gehiago ikusten bada eta gehiago egiten badituzte jende gehiago animatzea, zaila baita bat-batean beltzetik zurira pasatzea».
Komunikabideetan jarri du arreta Arrondok: «Telebistan edo irratian ez dago normaltasunez gona eramaten duen gizonik, eta dagoenean, askotan irri egiteko hartzen du jendeak». Eta, noski, urratsa egitera ausartzen ez diren gizonentzako mezua: «Bat gehi bat gehi bat multzoa sortzen da, eta multzoak normaltasunera garamatza».
Askatasunez jantziak
Gizonentzako jantzia ere izan liteke gona edo soinekoa. Bilbon mutil batek arazoak izan ditu ikaskideekin eta irakasle batzuekin institutura gona jantzita joateagatik. Norberak nahi duen bezala janzteko muga izaten da gizartearen begirada zorrotza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu