Askatasun pedalkadak

Idiazabalen entrenatzen ari dira hilabeteotan Eritreako bost txirrindulari, Ner Group - Marco Polo Cycling Team taldean. Errefuxiatu politikoak dira bostak; sorterriko diktaduratik ihes egin zuten Europara, libre izateko, eta haien ametsa bete nahi dute orain: txirrindulari profesional bihurtzea.

Iñaki Lasa Etura.
Idiazabal
2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Pedalkadaz pedalkada egiten dute bidea txirrindulariek; maldan gora, behera edo ordekan. Pedalkadaz pedalkada, izan uda izan negua, eguzkipean edo txingorpean. Etenik gabe, pedalkadaz pedalkada. Kirol sufritua da txirrindularitza, sakrifizio handikoa.

Pedalkada gogorrenak, baina, bizikletatik jaitsita eman dituzte Ner Group - Marco Polo Cycling Team taldeko txirrindulariek. Eritreako errefuxiatu politikoak dira, eta Europan bizi dira: Herbehereetan eta Suedian. Bizitzaren malda gogorrenak gainditu ostean, Idiazabalen dira (Gipuzkoa), txirrindulari profesional bilakatzeko ametsa bete ahal izateko pedalkadak ematen.

Bi proiektu uztartzearen emaitza da taldea, Aratz Imaz proiektuko kolaboratzaileak azaldu duenez: batetik, Euskal Herriko Ner Group kooperatiba taldearen nahia, eta, bestetik, Herbehereetako Marco Polo txirrindularitza taldearena. Bi proiektuak bateragarriak zirela ikusita, lanean hasi ziren, eta Idiazabalera iritsi dira Eritreako txirrindulariak: Yohanna Tesfay, Webed Fikadu, Nahom Desale, Abel Gebrehiwet eta Awet Gebremedin. Euskal Herrira etortzekoa da beste txirrindulari bat, Firas Wardeh siriarra, baina Herbehereetan da egunotan, errefuxiatu estatusa eskuratzeko paperak betetzen.

Duela hilabete inguru iritsi ziren Euskal Herrira, eta maiatz hasierara arte egongo dira. Idiazabalgo Udalak utzitako etxebizitza batean bizi dira, Marco Polo taldeko begirale batekin. Entrenamendua prestatzen die hark, eta teknikari eta mekaniko lanak ere egiten ditu. Gustura dira Idiazabalen txirrindulariak, gogoko dute Euskal Herriko klima eta orografia; Herbehereetako hotzarekin alderatuz gero, bereziki.

Haien gorpuzkeragatik, eskalatzaileak dira, eta laua da haiek hartu dituen herrialdea. Ondorioz, nahiago dute Idiazabal inguruko mendateetan entrenatzea. Sorterria ekartzen die gogora; izan ere, menditsua da Eritrea. «Hemengo mendietan ardiak eta behiak ikusten ditudanean, Eritreaz gogoratzen naiz; antzekotasunak dituzte bi herrialdeek», azaldu du Tesfayk. Hori bai, garaiagoak dira hango mendateak, 2.000 metrokoak, eta oxigeno gutxiago dute, ondorioz.

Nolanahi ere, Ner Group - Marco Polo Cycling Team ez da ohiko txirrindulari talde bat, askoz gehiago da, Imazek azaldu duenez: «Akademia bat gara. Zergatik akademia? Kozinatzen irakasten diegulako, etxea gobernatzen —garbitzen, erosketak egiten...—, ingelesa eta espainiera irakasten diegu... Bizitzari begirako jarraibide batzuk ematen dizkiegu, autonomia izan dezaten».

Haren hitzetan, helburua «txirrindularitzaren bitartez errefuxiatuen bizitza aldatzea da, baina horrek ez du esan nahi profesionalak bihurtu behar dutenik; profesionaletara iristen badira, denontzat hobe, baina badakigu oso zaila dela, eta ez ditugu engainatu behar». Eritreako txirrindulariek, baina, oso argi dute haien helburua eta ametsa zein den: profesional bihurtzea, hori izan baitaiteke Europan geratzeko modu bakarra. «Zer naiz ni? Zein da nire ogibidea? Txirrindularia naiz, eta, ametsa zaila bada ere, borrokan jarraitu behar dut», azaldu du Desalek. Antzera mintzo da Gebremedin: «Txirrindulari profesional bihurtzea da nire ametsa, eta badakit gogor lan egin beharko dudala horretarako».

Askatasunaren bila

Gizon umilak eta oso esker onekoak dira bostak, irribarrez daude beti, eta behin eta berriz errepikatzen dute eskerrik asko hitza. Ner Groupentzako, Marco Polorentzako, boluntarioentzako eta gainontzeko babesleentzako esker oneko hitzak baino ez dituzte. «Harrigarriak dira, zoragarriak», azaldu du Imazek: «Daukaten apurra emateko prest daude, oso pertsona onak dira». Benetan egoera gogorrak bizi izan badituzte ere —errefuxiatu eremuetan bizi dira gehienak—, «zorteduntzat» dute beren burua, Marco Polok eta Ner Groupek eskainitako aukeraga dela eta. Hori aprobetxatzearen alde mintzo da Fikadu: «Zortea dut aukera honengatik, baina ez da erraza izango; gogor lan egin dut beti, eta honek nire bizitza alda dezake». Iritzi berekoa da Tesfay: «Gogor lan egingo dut nire ametsa betetzeko; ez ditut behin ere ahaztuko hemen emandako egunak, eta eskerrak eman nahi dizkiet Ner Groupi eta Euskal Herriari».

Txirrindulari bakoitzaren kasua desberdina den arren, antzekotasun asko antzeman daitezke haien hitzetan. Desalek laburbildu du gainontzekoek pentsatzen dutena: «Uler dezala jendeak zergatik iritsi ginen Europara. Ez ginen etorri txirrindulari izateko; libre izateko utzi genuen gure herrialdea». Isaias Afeworkiren diktadurapean bizi dira Eritrean, eta, ofizialki Etiopiarekin gerran ez badaude ere, egunero daude hildakoak bi herrialdeetan. Egoera hori dela eta, ihes egin beste aukerarik ez dute.

Pertsona irekiak dira, baina kosta egiten zaie gaiaz hitz egitea; haien familiak Eritrean daude, eta erregimenaren errepresioaren beldur dira. Ez zaie erraza egiten ezta ere sorterritik Europara egindako bidaiaz mintzatzea. Ez dute horri buruz hitz egiten gehienek. Desalek hegazkina hartu zuen Sudandik. Gebremedinek 2013an egin zuen ihes, Italiatik, Florentziako Munduko Txapelketan parte hartzen ari zela. Han, besteak beste, Fabio Aruren ondoan lehiatu zen.

Gogorragoa da Gebrewimeten testigantza. Hura da gaiaz hitz egin nahi duen bakarretakoa. Ordura arte irribarrez egon bada ere, ahots urratuarekin hitz egin du ihesaz: «Oso arriskutsua izan zen. Askotan etortzen zait gogora ohean nagoenean edo gaiaz hitz egiten dudanean, eta urduri jartzen naiz. Benetako arriskua da: Saharako basamortua zeharkatuta iritsi nintzen Libiara, bost egun ezer jan gabe. Libiara iristean, hiru egun eman nituen edan gabe kontainer batean. 300 bat pertsona ginen Italiarako itsasontzian. Zer egin behar nuen? Ez nuen beste aukerarik. Ihes egin behar nuen, hemen dago nire askatasuna. Edozer lor daiteke Jainkoaren laguntzarekin».

Profesionalen ispilua

Txirrindulariak ziren bostak jaioterrian, lasterketetan parte hartzen zuten, eta «herrialdeko onenetakoak» ziren, Imazek azaldu duenez. Europara ihes egin zutenetik, baina, ezin izan dira lehiatu, nekez hartu ahal izan dute bizikleta. Horrek zuzenean eragin du haien egoera fisikoan, eta nabari dute bizikletara igotzean: ez daude sasoirik onenean. Horren inguruan galdetuta, bere buruarekin zorrotz agertu da Desale. «Batzuetan lotsa sentitzen dut; taldekide ohi batzuek Frantziako Tourra korritu dute, haraino iritsi dira, eta ni, ez. Lehiatzen jarraitu izan banu, maila horretara iritsi behar nukeen. Amateur mailan korritzen dut, badakit, baina nire burua profesionaletan dago».

Badute nora begiratu, Eritreako bospasei profesional baitaude txirrindularitzan. «Guretzako ispilua dira», azaldu du Gebrehewitek. Merhawi Kudus eta Daniel Teklehaymanot dira bi ezagunenak. Mendiko elastikoa jantzi zuen Teklehaymanotek iazko Frantziako Tourrean, eta 84. amaitu zuen Kudusek. Azken horrekin lehiatutakoak dira Desale eta Gebrehiwet. «Eritrean nengoenean, nire maila berean lehiatzen zen Kudus, taldekidea nuen [World Tour mailako Dimension Datako bigarren taldea], laguna, eta ez zen ni baino gehiago, batera genbiltzan mendateetan; orain, ordea, profesionala da», azaldu du Gebrehiwetek.

Desale Hegoafrikan aritu zen Kudusekin: «2012an Afrikako Munduko Txirrindularitza Zentroan ginen biak, elkarrekin lehiatu ginen Ruandan eta Hegoafrikan, eta Suitzara joan zen gero [Suitzan du egoitza nagusia Munduko Txirrindularitza Zentroak]». Eritreako Txapelketan Teklehaymanotekin lehiatu zen.

Euskal Herrian daudenetik zenbait lasterketetan parte hartu dute, 23 urtez azpiko eta elite mailan. Orain dela bi igande lortu zuten emaitzarik onena: bostek amaitu zuten lasterketa Astilleron (Espainia), eta hemeretzigarren postuan ailegatu zen Gebremedin. Emaitza hori hobetzeko aukera izango dute gaur, Aitor Bugalloren oroimenezkoan, Durangon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.