Hitzaldia dute elkarrekin, eta elkarrekin iritsi dira idazlea eta itzultzailea. E, petrel! idatzi zuen Julio Vilarrek (Donostia, 1943), eta hura itzuli du Ibon Gaztañazpik (Orio, Gipuzkoa, 1977). Bi bidaia, bidaia berean. Bi miresmen keinu begirada berean. Erriatutako txikota asko airean.
Zer da petrela?
Itsasoko txori bat da, hemen gutxitan ikusten dena. Liburu honen erruz ezagutzen dugu gehienok.
Petrelak hegan, eta liburuak ere hegan egin zuen bere garaian?
Beldurgarria da. Juliok ere [Villar] metafora berbera erabili du: duela 50 urte idatzi zuela eta harrituta dagoela zer-nolako hegaldia egin duen, eta nola jarraitzen duen hegan.
1974an idatzi zuen. Ibon Gaztañazpi jaio gabe zegoen orduan.
Hiru urte geroago jaio nintzen, bai. Mirari bat da gu biok elkartu izana.
1974a urruti dago, ordea. Ez ote du liburuak jada balioa galdu?
Egingo dugu ariketa bat?
Ados.
Liburuko edozein pasarte aukeratuko dut, ausaz [esku artean dauka, eta ireki egin du]. Hauxe, adibidez: «Europarantz nabigatzen ari naiz. Nire ontziaren branka, bera konturatu gabe, zorigaiztokoa begitantzen zaidan jomuga baterantz doa. Ezkutaturiko munstro bat dakusat nire itsasotik, asentatuta, gizakiak berak eraiki, eta ondoren, haren jopu eta zerbitzari bihurturiko jainko baten handiustearekin».
Alegia...
Itxaron, beste bat [beste orrialde bat aukeratu du, ia begiak itxita]: «Aske bizi ondoren, gauzak ez dira modu berean ikusten». Ez, ez dut uste zaharkituta gelditu denik.
Belaunaldi asko markatu zituen.
Frankismoaren ostean, ez zegoen halakorik. Askorentzat, orduko balio tradizional askorekin apurtzeaizan zen. Liburuaren lehen hitzak dira [buruz dakizki]: «Banoa. Erria txikotak. Bizitza nirea da, eta eskutik helduta, bagoaz biok munduan barrena». Dena utzi, alde hemendik. Hori da transmititzen duena.
Gaur egungo gazteentzat balio du liburuak?
Hemen dagoen mezua unibertsala da. Dakarrena da askatasun haize bat. Askatasun haizea baliagarria da gazteentzat? Erabat.
Zuk 17 urterekin irakurri zenuen lehen aldiz. Zer sentitu zenuen?
Neure buruari esan nion: «Hori bizi nahi dut». Motxila, aingura eta zama guztiak arinduta eta askatuta bizitzea zer ote den jakitea.
Bigarren aldiz Hawaiiko hondartza hartan irakurri zenuenean, zama bestelakoa zen...
Zama gehiagorekin irakurri nuen, bai. Kontzienteki hartutako erabaki batzuen ondorioz datoz zama horiek: lan bati eta errutina bati lotuta; aita gazte baten obligazioei lotuta; hipoteka bati lotuta. Hawaiin irakurri nuen, eta bi efektu sortu ziren. Iman efektua: Mistral ontzi horretan munduari bira ematen jarraitu nahi nuelako. Eta ispilu efektua: «Hi, txikia! Baina nora hoa?». Orduan erabaki nuen liburua itzuli behar nuela: giro hori arnasten segitu nahi nuelako.
Zertan ari zinen Hawaiin?
Triatloi txapelketa baten berri ematera joan nintzen, BAT Basque Teamen berriemaile gisa.
Nola izena zuen hondartza hark?
Astebeteko lana zen, baina beste bost egun gelditu nintzen nire kasa, zorroan bi liburu hartuta. Haleiwa izena zuen hondartzak. Han erabaki nuen: «Heldu egingo diot honi».
Eta zein izan da egindako bidea?
Ez nuen argitaratzeko inolako asmorik. Julio afari batean ezagutu nuen, eta esan nion itzultzen ari nintzela. Kito. Handik urte batzuetara, ordea, Tolosako Zumardia elkarteak itsasoari buruzko jardunaldi batzuk egin zituen. E! Petrel antzezlana eman zuten bertan, eta aipatu zioten Juliori: «Ederra litzateke liburua euskaratzea». Hark: «Bada, horretan ari da Orioko mutil bat, arraunlari izandako bat». Zumardiakoak nirekin harremanetan jarri ziren, eta Ramon Olasagastiri pasatu nion neukana. Gustatu egin zitzaion. Liburu hau ez zen argitaratuko Zumardiak egindako akuilu lanarengatik izan ez balitz, eta Albaola elkarteak lagundu ez balu.
Eta itzuli duzu, eta orain?
Ez dakit. Aitortuko dizut badudala sentsazio bat ezagutzen ez nuena: betetasuna.
Aita bazara, liburua idatzi duzu, zuhaitzen bat landatuko zenuen... Esan egia: itsasontzia prestatzen ari zara.
[Barrez]. Zuhaitzarena ez dut egin, eta hipoteka oraindik hor daukat. Baina amets horrek hor jarraitzen du. Lagun bat daukat behin eta berriz esaten didana: «Noiz joan behar duk? Noiz joan behar duk?». Neurri batean, liburua itzuliz lortu dut joatea, eta ohartu naiz zeinen arma ahaltsua den irudimena. Modu batean, nik ere askatu ditut txikotak.
Definitu ezazu Julio Villar.
Askatasuna hitza sartu beharra daukat definizioan, eta zintzotasuna ere bai. Horrek guztiak adorea eskatzen du: barruak agindu dionari edo barruko hots horri jarraituta bizi izan da.
ATZEKOZ AURRERA. Ibon Gaztañazpi. Kazetaria
«Askatasun haizea dakar 'E, petrel'-ek»
Julio Villarren 'E, petrel' liburua euskaratu du Gaztañazpik. 50 urte bete ditu zenbait belaunaldi markatu zituen kaier hark, baina hegan segitzen du. «Nolabait, nik ere askatu ditut txikotak», aitortu du itzultzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu