Osasuna. Elikadura

Asetasuna eta elikadura

Hainbat elementuk osatzen dituzte gosea eta asetasuna erregulatzen duten prozesu neuronalak: elementu mekanikoek eta hormonalek.

Gehiago asetzeko, komeni da lekaleak osorik jatea, ez pure eginda. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Cristina Perez.
2014ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Pertsona baten gorputzak jateari uzteko pertzepzioa duen gaitasunari asetasuna deitzen zaio; organismoak duen erantzun homeostatikoa da. Erantzun hori gorputzak behar dituen nutrienteak eta energia erregulatzeko mekanismoa da. Prozesu neuronal konplexua da, eta eragina dauka jateko jarreran; hau da, jateari noiz utzi behar zaion jakiteko prozesu neuronala da.

Gosea eta asetasuna erregulatzen dituzten prozesuak

Hainbat elementuk osatzen dituzte gosea eta asetasuna erregulatzen dituzten prozesu neuronalak, eta elkarren artean harremana dute. Hauek dira:

Mekanikoak: digestio aparatuaren distentsioa. Elikagaia urdailera ailegatzen denean, dilatatu egiten da, eta bertan dauden hartzaileek nerbio seinaleak bidaltzen dizkiote burmuinari, beterik gaudela eta jateari utzi behar zaiola esateko.

Hormonalak: janaria deigarria egin edo gosea kentzen dute. Endorfinak eta dopaminak, duten beste funtzioaz aparte, jaten denean plazer sentsazioa sortzen dute; beraz, eragin handia daukate jateko jarreran, eta jateko gogoa sortzen dute.

Leptina eta intsulinak, bestetik, endorfinak eta dopaminak sortzen duten plazer sentsazioa txikitzen dute; hori dela eta, janaria ez da hain deigarri bihurtzen, eta jateari uztea eragiten digute.

Nutrienteen metabolismoak asetasun mekanismoan duen eragina

Azukre finduek eta gantza daukaten elikagaiek dopamina eta endorfina gehiegi sorrarazten dute. Beraz, leptinak eta intsulinak ezin dituzte indargabetu hormona horiek sortzen dituzten efektuak, eta gorputzak leptina eta intsulinaren sintesia igotzen du. Leptina eta intsulina gehiegi egoteak gorputzari tolerantzia txikiagoa edukitzea eragiten dio; horregatik, gosea kentzen duten hormona horiek ez dute hainbesteko efekturik. Hau da, azukre eta gantz gehiegi duten elikagaiek gutxiago asetzen dute, eta zenbat eta gehiago jan, orduan eta gehiago behar dira asetasun eta plazer sentsazioa lortzeko.

Zuntza eta ura duten elikagaiak urdailaren dilatazioa luzatzen dute; horrela, asetasun sentsazioa handiagoa da nutriente horiek hartzen badira.

Kilokaloria gehiegi jateak ere eragina dauka asetasun prozesuan. Horrek gehiegizko pisua eta gantz ehuna altua izatea dakar. Leptina gantz ehunean ekoizten denez, gizentasuna edo gehiegizko pisua duten pertsonek leptina gehiago produzitzen dute. Hori dela eta, gehiegizko pisua dutenek janari gehiago behar dute gehiegizko pisurik ez duten pertsonen asetasun sentsazioa lortu ahal izateko.

Gehiago asetzen duten elikagaiak

Dieta osasuntsu bati jarraitzeak ez du esan nahi gosea pasatu behar denik; alderantziz, asetzen duten elikagai gehienek gutxiago gizentzen dute. Hori horrela, gehiago asetzen duten elikagaiak ez dira gantz eta azukre gehiago dauzkatenak (pastelak, opilak eta gailetak, esaterako), baizik eta proteina, zuntza, ura, bitaminak eta mineralak dituztenak: adibidez, barazkiak, lekaleak, gantzik gabeko haragia, zereal integralak (pasta integrala, arroz integrala, ogi integrala...).

Beste datu interesgarri bat da elikagai beroek elikagai hotzek baino gehiago asetzen dutela. Halaber, osorik kontsumitzen diren elikagaiek gehiago asetzen dute; hau da, barazki edo lekale pureak ez gaitu osorik jatean bezainbeste asetzen. Murtxikatu egin behar denez, denbora gehiago igarotzen du digestio aparatuan, eta, horregatik, geroago gosetzen gara.

Bestetik, eguneko otorduak errespetatzea oso garrantzitsua da asetzeko; era horretan, glukosa konstante mantentzen da, eta intsulina ondo erregulatu. Kontuan izan behar da barau egiteak hiperfagia adaptatiboa sorrarazten duela.

Beraz, gozo eta gantz gehiegi jaten badugu, edo orekarik gabe jaten dugunean, gose sentsazioa handiagoa izaten da; era berean, pisu handia duten pertsonek asetzeko gaitasun txikiagoa daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.