Datorren asteko estreinaldiak

Arzak, iragana eta etorkizuna

Asier Altuna zinemagileak 'Arzak since 1897' dokumentala egin du. Juan Mari Arzak eta Elena Arzak ditu protagonistatzat. Urriaren 9an estreinatuko da Hego Euskal Herrian

Juan Mari Arzak eta Elena Arzak, belaunaldi arteko harremanaren isla diren argazkiak ateratzen, Arzak since 1897 filmean. ARZAK SINCE 1897.
Nagore Arin.
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Mende bat baino gehiago pasatu da Arzak jatetxea sortu zenetik: 1897. urtea zen, eta Donostiako Mirakruzen ireki zuten. Geroztik, milaka pasarte bizi izan dituzte bertan Juan Mari Arzak eta Elena Arzak sukaldariek, eta bilakaera hori erretratatu du Asier Altuna zinemagileak Arzak since 1897 ekoizpenean.

Historian eta ehun urte baino gehiagoko lan prozesuan ez ezik, orainean eta etorkizunean egin du azpimarra dokumentalaren zuzendariak, erreleboan, Juan Mari lehen lerrotik erretiratzear baitago. Horrenbestez, hurrengo belaunaldiaren esku geldituko da jatetxea: Elenaren gidaritzapean, hain zuzen ere.

Erreleboaren argiak eta ilunak jasotzeaz arduratu da Altuna, eta trantsizioaren atzean gordetzen diren galdera ugari erantzuten ere saiatu da. Nola egiten diote aurre aita-alabek belaunaldi erreleboari? Nola hartuko du Juan Marik negozioa alabaren esku uztea? Eta nola hartuko du Elenak sukaldaritzan hain ospe handia duen abizenaren ardura bere gain hartzea?

Ordu bat eta hamar minutuan jaso ditu eduki guztiak: sorreratik hasi eta Arzak jatetxearen lorpen gogoangarriak azaltzeraino. Hiru hamarkadatan hiru Michelin izar jaso ditu; 1972. urtean jaso zuen lehen aitortza, eta 1978an eta 1989an beste biak. Hala ere, 1976. urteak zehaztu zuen jatetxearen joera; izan ere, ordura arte eginiko sukaldaritza irauli eta kontzeptu eta mugimendu berri bat sortu zuten Juan Mari Arzakek eta beste askok.

Ahots gehiago ere bai

Juan Mari eta Elena Arzak aita-alaben ahotsa soilik ez, beste hainbat konplizeren ahotsa ere entzun daiteke dokumentalean. Ahots horien artean dira Pedro Subijana, Karlos Argiñano eta Andoni Luis Aduriz; baita Arzak lantaldeko kide Igor Zalakain, Xabi Gutierrez eta Kontxi Beobide ere. Haiekin batera, ekoizpenean parte hartu dute Ferran Adriak, Joan Rocak eta Dabiz Muñozek.

Hego Euskal Herrian datorren ostiralean estreinatuko den arren, izan da aurrez ikusteko aukera izan duenik, Donostiako Zinemaldian estreinatu baita, Culinary Zinema sailean, hain zuzen; izan ere, sail hori irekitzeaz arduratu da amaitu berri den 68. aldian.

Ez da Asier Altuna Zinemaldian izaten den lehen aldia. 2015ean Sail Ofizialean izan zen, Amama filmarekin; 2011n, Bertsolari lehiaketaz kanpo aurkeztu zuen Zuzendari Berriak sailean; eta Euskal Zinemaren Galan, Aupa, Etxebeste! eta Agur, Etxebeste! aurkeztu zituen, Telmo Esnalekin elkarlanean.

Film luze horiez gain, egin ditu beste zenbait film labur ere, batez ere zinema munduan murgildu eta lehenengo urteetan. Zerrenda luze horretan ageri dira Soroa (2014), Zela Trovke (2013) eta Artalde (2010), ekoitzi dituen azken film laburrak. Gidoilari lanetan ere ibili izan da: film luze batean,Urte berri on, Amona!-n; eta Aupa, Etxebeste! eta Agur, Etxebeste! lanetan bezala, Telmo Esnalekin batera idatzi eta zuzendu zuen, 2011. urtean.

'ARZAK SINCE 1987'
Zuzendaria. Asier Altuna.
Aktoreak. Juan Mari Arzak, Elena Arzak, Ferran Adria, PedroSubijana, Joan Roca, KarlosArguiñano, Andoni Luis Aduriz, Dabiz Muñoz, Igor Zalakain, Xabi Gutierrez eta Kontxi Beobide.
Herrialdea. Euskal Herria.
Urtea. 2020.
Iraupena. 70 minutu.
Generoa. Dokumentala.
Ostiralean estreinatuko daHego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.