Historian bidaiatzearekin batera, artzaintzaren inguruko ertz guztiak aztertu eta biltzeko urratsa egin dute Alvaro Bermejo idazleak eta Joseba Urretabizkaiak argazkilariak. Hala, Aralar artzain eta jentilak liburua ondu dute bien artean. «Azken artzain belaunaldiaren bizimodua jasotzea izan da asmoa. Haien pentsakera, bizitzeko modua... hori guztia liburu batean jaso nahi izan dugu. Bizimodu eta datuen lekukotasuna bildu dugu», argitu du Urretabizkaiak.
Artzainekin osatutako azalpenak, bizipenak eta istorioak ditu oinarri liburuak, eta bi urteko sortze prozesu baten ondorio izan da. Ideia nola otu zitzaion azaldu du: «Harreman estua dut Araitz ibarrarekin. Kulturalki oso indartsua den ibar bat da. Zerbait egin nahi nuen. Bertan, Aralarren txabola duten hamahiru artzain bizi dira, eta haien historia liburu batera eramateko aukera planteatu genuen. Idazleari komentatu nion, artzain batzuekin elkartu ginen, eta istorioak bildu eta datu guztiak jasoz joan gara apurka».
JOSEBA URRETABIZKAIA
Urretabizkaiak argitu du artzainei egindako omenaldi bat ere badela liburua. Belaunaldi aldaketa bat egon dela dio, eta beharrezkoa ikusi du lehengo artzainen bizimodua gogoraraztea: «Lehengo artzainen bizimodua berreskuratu nahi izan dugu, idatzita utzi, behintzat. Gazteek, orain, beste modu batera funtzionatzen dute. Oso ondo dago. Teknologia berria sartu da. Bizitzeko beste era bat da, baina beharrezkoa da jakitea nondik gatozen, eta arrasto hori ez galtzea». Liburu historikoa izanda ere, etorkizunera begiratzea «garrantzitsua» da, haren ustez.
Aldaketa nabarmena egon dela azaldu du, eta artzain sena desagertzen ari delakoan dago. «Balio asko galdu ditugu bidean». Artzaintzaren esparruan ere eragin du teknologia berriaren erabilerak. Aurrerapen ugari egon dira, eta erosoagoa da lan egitea. Hala ere, Urretabizkaiaren aburuz, asko dago ikasteko lan ohitura zaharren inguruan: «Aurrerapen asko egon dira. Baina, era berean, aztarna edo marka kultural hori ere izan behar dugu. Jende honek asko ematen du. Ikasi behar da nola hitz egiten duten, nola begiratu, nola ibiltzen diren. Naturarekin harreman berezia dute. Hori guztia galdu egingo da, eta hutsune bat geldituko da. Lehengo artzainek ez zuten gauza askorik, baina ez zuten gehiago behar».
JOSEBA URRETABIZKAIA
Kultur ondarea
Testuinguruan kokatzeko xehetasun eta deskripzio zehatzez osatuta daude testuak. Artzaintzaren bizimoduan garrantzi berezia du eremuak, inguruak. Hala, denbora eta espazioa lotuta, begirada geografiko eta historiko bat landu dute Aralarren bueltan; bertako elementuak eta historia sakon aztertu dute. Paisaiaren erretratu bat ere bada liburua: «Paisaia garrantzitsua da. Mailoak daude, malkarreko mendiak dira, eta asko esaten du jende horren izaeraren inguruan».
Urretabizkaiak egindako argazkiekin osatuta dago liburua. «Ez da liburu fotografiko bat. Testuak eta irudiak osagarriak dira. Irudiek lagundu egiten diete testuei, eta alderantziz». Zuri-beltzean daude irudi guztiak, baina ez da zoriz egindako hautua: «Zuri-beltzean egin ohi dut lan; erosoagoa egiten zait. Espresatu nahi dudana adierazteko gehiago menperatzen dut. Koloreek, askotan, enbarazu egiten didate. Zuri-beltzeko formak, testurak eta aurpegiak tarteko, askoz hobeto adierazten da nire gaia».
Euskal kulturaren ondare oparotzat definitzen du liburua: «Kultura aldetik, izugarria da, altxor handi bat. Etorkizunari begira garrantzitsua da horrelako gauzak erakustea».
Artzaintzaren historia eta istorioak
'Aralar artzain eta jentilak' liburua osatu dute Alvaro Bermejok eta Joseba Urretabizkaiak. Denboran atzera egin dute, eta Aralarren eta artzaintzaren bueltan bidaiatu. Belaunaldi aldaketa egon dela azaldu du argazkilariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu