Artzain Eguna egingo dute bihar Uharte Arakilen (Nafarroa). Lehiaketa egiten duten 48. urtea izango da. Hainbat txapelketa egingo dituzte goizean, eta bazkariarekin amaituko dute eguna.
«Artzain txakur lehiaketarekin hasi ginen, eta, pixkanaka, artzainekin eta ardiekin zerikusia duten bestelako ekitaldiak sartu genituen egitarauan, latxarekin diren arazoak kalera ateratzeko», azaldu du Jose Mari Ustarrozek, antolatzaileetako batek. Artzainak omentzeaz gain, «promozioa» egin nahi diete.
Epaimahaiaren hautaketarekin eta aurreskuarekin ekingo diote egunari, 10:00etan. Jarraian, Nafarroako ardi latxaren esne gordinaz egindako gaztaren txapelketa egingo dute. Ordu berean —10:30ean— hasiko dira, batetik, Nafarroako ardi latxaren erakusketa eta esne ekoizpen lehiaketa eta, bestetik, Latxa jatorriko abere arrazaren lehiaketa, «txapelketa guztien artean, garrantzitsuena».
11:30ean, artaldea herritik igarotzen ikusteko aukera izango da, Aralarretik Andiara aldatzen direla. Era berean, 11:00etatik 13:00etara, Nafarroako ile mozte mekanikoaren txapelketa egingo dute. Txakurren txanda 11:00etatik 12:00etara bitartean izango da: euskal artzain txakurren, Pirinioetako artzain txakurren eta galzorian dauden arrazen erakusketa egingo dute.
Artzain Eguneko parte hartzaileei omenaldia egingo diete 12:00etan. Ardiki gisatuaren txapelketa eta Nafarroako ardoen dastatzea egingo dituzte gero. Enkantean jarriko dute goizean saritutako gaztaren erdia, 13:30ean —iazkoa 4.350 euroan saldu zen—. Bazkaria frontoi estalian izango da, 14:30ean.
Ustarrozen arabera, artzainak gustuko dituenak «egun ederra igarotzeko aukera» izango du: «Igande osoan izango da zer jan, edan eta ikusia».
Artzain Eguna 2015
Bihar, Uharte Arakilen (Nafarroa), 10:00etan.
Artzaintza, gertutik
Artzain Eguna ospatuko dute bihar Uharte Arakilen (Nafarroa).Ardi latxaren lehiaketaz gain, beste hainbat lehiaketa ere izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu