Antzinako lanbidea da artzainena, eta hari esker lortu izan dira —eta lortzen dira oraindik ere— giza elikadurarako ezinbestekoak diren elikagai asko eta asko. Lanbidea omentzeko helburuz sortu zen Uharte Arakilgo (Nafarroa) Artzain Eguna, 1968. urtean, eta halaxe egiten dute urtez urte, abuztuko azken igandean. Hortaz, artzainen uharte eta topaleku bilakatuko da gaur Sakanako herria.
2012. urtean Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatu zuten jaia, eta, geroztik, lehen sektorea bultzatzeko, omentzeko eta sustatzeko ospakizuna bilakatu da. «Funtsezko sektorea da, gure etxeetara iritsiko diren elikagaien ekoizpenaz arduratzen baitira, eta, aldi berean, osasuntsu mantentzen laguntzen digute gure bailara, eskualdeko eta herrietako bizitza mantentzen laguntzeaz gain». Hala adierazi du Roberto Jaca Aralar Mendi Elkarteko lehendakariak, Artzain Eguna iragartzeko agurrean.
Eta gehitu du gaur egungo bizi maila eta baldintzak, besteak beste, artzaintzari esker lortu direla: «Jaten ditugun produktuen kalitatearen sinonimo dira. Ezinbestekoak dira, eta garrantzi hori azpimarratu behar dugu». Izan ere, elikagaiak ekoiztetik harago doa artzainen lana, ingurumena zaintzen eta babesten ere laguntzen dutelako. «Ezagutzen dugun landa paisaiaren bermatzaile dira, eta, horregatik, kontserbazio berme dira, beren eguneroko jardueraren fruituaren ondorioz». Hain zuzen, datozen belaunaldiek ere errealitate hori bizi izan dezan, «arduraz jokatzeko» dei egin du lehendakariak, bai eta sektoreari babesa emateko ere.
Eguneko egitaraua
10:00etan hasiko da egun osoko festa, eta handik ordu erdira ekingo diete eguneko lehen lehiaketei. Bat: Nafarroako ardi latxen esne gordinarekin egindako gaztarik onenarena. Bi: esne gordinaren lehiaketa. Eta hiru: ardi latxen lehiaketa —Espainia mailakoa—. Artile moztaileen txapelketa, berriz, 11:00etan hasiko da.
Lehiaketez gain, artzaintzarekin lotutako hainbat jarduera ezagutzeko aukera izango da: besteak beste, artisau gazta egitearen prozesu osoa, kaikuak egitea, larrua eta artilea lantzea, eta zintzarriak eta txilarra erratzetan jartzea. Erakustaldi horiez gain, artaldeak ere garrantzi handia izango du, herriaren erditik igaroko baita, 11:30ean. Eta, bazkalordura arte, gazta eta artisautza azokak bisitatzeko eta ardiki eta gazta freskoa dastatzeko aukera izango da.
13:30ean egingo dute lehiaketaren sari banaketa, eta segidan izango da gazta sarituaren enkantea. Aldiz, arratsaldean jokatuko dute eguneko azken lehiaketa: Nafarroako artzain txakurren lehiaketa 17:00etan izango da. Bertan, Oñatiko (Gipuzkoa) Nazioarteko Txapelketarako zein Euskal Herriko Txapelketarako sailkatu ahal izango dira.