Eguna 10:00etan hasiko dute, epaimahaiaren aurkezpenarekin, eta gazta eta abereen lehiaketak izango dira hurrena. Eguerdian, 12:15ean, ardiki gisatuaren lehiaketa egingo dute, eta lehiakideek egindako platerez gozatzeko aukera izango dute tokira bildutakoek.
Bazkalostean, eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa ospatuko da: Nafarroako artzain-txakurren lehiaketa ofiziala, hain zuzen ere. Bederatzi txakur inguru ariko dira lehian, eta irabazlea Euskal Herriko eta herrialde arteko txapelketetarako sailkagarria izango da.
Lehiaketak baino gehiago
Lehiaketez gain, eskaintza zabala izango da Artzain Egunean: goizerako, gazta eta eskuz egindako produktuen erakusketa antolatu dute, eta eskulanen erakusketa ere egingo dute: zeramika, kaikuak, ardazlariak, taloak... Gainera, goiz osoan, gazta era tradizionalean nola egiten zen erakutsiko du artzain batek. Eguna girotzeko, euskal dantza, musika taldeak eta joaldunak izango dira.
Urtero egin bezala, Artzain Eguneko partaideei omenaldia egingo diete. Goizean, Benigno Mendia sukaldaria eta Patxi Uriz Goia sariduna omenduko dituzte; arratsaldean, berriz, Pilar Elizalde izango da omendua, eguneko lehiaketetan parte hartu duen emakume bakarra.