Artzainen harrobia

Artzain berriak trebatzeko eta profesionalak gidatzeko helburuarekin sortu zen Oñatiko Gomiztegi Artzain Eskola, 1997an. Hogei urte igaro dira lehen ikasturtea egin zutenetik. Urte hauetan guztietan, ia 260 ikasle igaro dira eskolatik; Maider Martinez eta Aitor Mantxola dira azken ikasturtean izan diren ikasleetako bi.

Nagore Etxeberria.
2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

Otsailaren amaieran egin zuten ikasturte amaierako ekitaldia Arantzazuko Gomiztegi Artzain Eskolan, Oñatin (Gipuzkoa). Hamalau ikasleri artzain makilak banatuta, amaitutzat eman zuten ikasturtea. Ikasleen artean ziren Maider Martinez eta Aitor Mantxola. Hogeigarren ikasturtea izan da. Hogei urte hauetan, 259 ikasle pasatu dira eskolatik; gehienak, gizonezkoak (202) eta 21 eta 30 urte artekoak (136 ikasle). Ikastaroa egin dutenetatik 144 ikaslek artaldearekin lan egiten dute.

1997an eman zituzten artzainentzako lehen eskola orduak. 1950. urtean, Arantzazuko frantziskotarrek erosi zuten Gomiztegi, santutegian ziren 300 fraideentzako jatekoa ekoizteko. 1980ko hamarkadan, apenas geratzen zen ikaslerik, eta lursail haiekin zer egin erabaki behar izan zuten. Ardi batzuk hartzea erabaki zuten Nikolas Segurolak, Jose Manuel Goikoetxeak eta Eduardo Urartek. Laster bihurtu ziren ardi haiek Artzain Eskolako artalde.

Batis Otaegi Artzain Eskolako koordinatzaileak aitortu du gauzak «asko» aldatu direla, baina funtsa bera dela oraindik: «Artzaintza munduari irtenbidea ematea, eta, beraz, artzainak trebatzea eta lanbidea ezagutaraztea da eskolaren egitekoa». Horrela, «ardi latxarekin lan egiteko sistema tradizionalak erakusten saiatzen gara, baina artzaintza tradizionala pixka bat eguneratuz. Alegia, gure baserria, arraza eta mendiei eutsiz eta artzaintzaren kultura indartuz, berrikuntzak sartzen ditugu. Tradizioari traizio egin gabe, pixka bat berrituz joan behar da, lanbideak bizirik iraungo badu». Otaegiren ustez, azken urteetan esplotazio ugari desagertzen ari ziren «ez bokaziorik ez zegoelako, ekonomia duin bat sortzeko gaitasunik ez zegoelako baizik». Hala, bideragarritasun ekonomikoa lortzeko, artzaintzak eguneratzeko beharra duela uste du.

Urtero, irailean hasten dute ikasturtea, eta otsailean amaitu. Sei hilabete horietan, «artzaintzaren ikuspegi orokor bat lantzen da», eta denetarik jorratzen dute: elikadura, gaixotasunen prebentzioa, erreprodukzioa, lanak errazteko teknologia berriak eta sistema berritzaileak, gazta egiteko prozesua, kudeaketa teknikoak eta ekonomikoak, eta abar.

Praktikatuz ikasi

Gomiztegin diren bitartean, saio teorikoak eta praktikoak txandakatzen dituzte: formakuntza teorikoa eskaintzen zaie ikasleei, eta hango artaldearekin praktikatzen dute. Artzain profesionalen etxeetan ere egiten dituzte praktikak. Izan ere, Otaegiren hitzetan, «ongi dago teorizatzea, alde zientifikoa eta teoria garrantzitsua baita gauzen zergatia jakiteko. Eta haiek jakitea ezinbestekoa da gero zer eta nola egin jakiteko. Baina, gauzak ondo ikasteko, ukitu, landu eta ekin egin behar da. Praktikan jarrita ikasten da gehien».

Urte erdia, baina, «labur» geratzen da eskolako koordinatzailearen hitzetan, lanbidearen alderdi guztiak ezagutu ahal izateko, gutxienez, ikasturteak urte osokoa izan beharko lukeelako. Azken batean, artzaintzaren «hilabeterik gogorrenak» ezagutzen dituzte ikastaroan. Arkumeak jaiotzen ez direnean eta ardiek esnea ematen ez dutenean, ordea, «askoz lasaiagoa da lan erritmoa». Hala ere, Otaegiren aburuz, ez urte erdian ezta osoan ere ez da lanbidea ikasten.

Beste artzain etxe batean trebatzen jarraitzeko bekak eskaintzen ditu eskolak. Eta badute programa bat ere: Gaztenek. Horren bidez, tutore bat jartzen zaio ikasleari. Bi urtez jaso dezake ikasleak aholkularitza teknikoa, ekonomikoa eta produktuaren ingurukoa. Hori guztia, artzainen lanbideak luzaroan iraun dezan.
 

Maider Martinez.

«Gaztandegia nire espazio pertsonala izango da»



Maider Martinezek (Kanaria uharteak, 1978) prest du Arabako Foru Aldundian aurkeztu beharreko proiektuaren txostena. Legutioko (Araba) Kotxera baserrian gaztandegi bat eraikitzea du helburu, eta, horretarako, beharrezko baimenak eskatu behar ditu. Datorren astea du epemuga paperak aurkezteko.

Orain arte, haurrekin lanean aritu da. Ingeles filologiako ikasketak egin zituen, eta, unibertsitate garaitik, ingeles eskolak ematen ditu akademietan eta eskolaz kanpoko orduetan. Senarra, berriz, betidanik baserrian bizi izandakoa da, eta ganaduzalea da; behiak ditu. Senarrari lagundu izan dio behiekin, baina ez da oso garaia, eta haiek maneiatzea ardiekin ibiltzea baino «zailagoa» egiten zaio: «Hobeto moldatzen naiz artalde batekin». Aitortu du behiek «errespetua» ematen diotela.

Noiz edo noiz, senarraren gurasoen baserrian ere lagundu izan du: bildotsei biberoia ematen, lastoa banatzen, baratzean eta beste zereginetan. Baserrian zenbat eta gehiago aritu, are eta maiteago zuen ingurua. Hala, lan gehiegi zuela eta, senarrak esan zionean ardiak kendu behar zituela, «pena izugarria» hartu zuen. Buruari pare bat buelta eman, eta hordagoa bota zion: «Ardiak kendu ordez, zergatik ez ditugu gehiago hartzen? Gaztandegi txiki bat egingo dugu, eta baserriari beste irtenbide bat emango diogu».

Esan, eta egin. Artzain Eskolan izena eman, sei hilabetez artaldeari eta artzaintzari buruzko kontuak ikasi, eta ikasitakoa praktikan jarri du. Oraindik ere, Oletako (Aramaio, Araba) Kerexara baserrira joaten da, Felix eta Martin Ajuariaren gidaritzapean «martxa eta eskarmentua hartzera». Bitartean, ingelesa irakasten jarraitzen du, eta bere ametsetako gaztandegia irudikatzen ari da.

«Baserria badut, baina gaztandegia goitik behera eraiki behar da. Hormak hor daude, baina dena diseinatu eta eraiki behar da». Lan asko du egiteko.

Ur sakonetan sartu da Martinez, baina «ilusioz beterik» dago: «Oso pozik nago. Lanbide honetan aritzeko aukera izatea eta askatasun guztiarekin lan egiteko modua izatea oso garrantzitsua eta polita da niretzat. Azken batean, gaztandegia nire espazio pertsonala izango da; gauzak nire erara egiteko lekua».

«Oso gustura» aritu da, eta «gauza pila bat» ikasi ditu Gomiztegin. «Gauza batzuk banekizkien, baserrian ibilitakoa naizelako; baina beti ikasten da zerbait. Leku bakoitzean gauzak modu batera egiten dira, eta denetatik ikasten da: zer egin, eta zer ez egin». Aukeran, baina, ikasketak «oso labur» geratzen direla uste du: «Sei hilabeteko ikastaro trinkoa da, eta informazio pila ematen da, baina ez da nahikoa. Urte osokoa izan behar luke, ardi baten ziklo osoa ikusteko eta ikasteko».

Uste du urte erdi horretan ezinezkoa dela dena ikastea: «Azken batean, erabaki asko hartu behar dira, eta sei hilabetean ez duzu ikasten erabakiak hartzen». Hori dela eta, argi du hasieran hanka sartuko duela, eta denborarekin joango dela gauzak ikasiz. Baina animotsu dago.

150 buruko artalde batekin hasiko da lanean. «Txikiak gara, eta txiki izaten jarraitu nahi dugu», dio. Ardiak gobernatu, gazta egin eta gazta saldu. Horiek dira etorkizun hurbileko bere asmoak. Eta eskolako haurrentzako bisitak antolatzea ere badu buruan. Urte amaierarako, bildotsak jaiotzen direnerako, bere ametsa martxan izatea espero du Martinezek.

 

Aitor Mantxola.

«Negozioa bideragarria ez bada, alferrik da»



Lan finkoa zuen Aitor Mantxolak (Legazpi, Gipuzkoa, 1981) Oñatiko Ulma kooperatiban; bazkidea zen. Hamalau urtez aritu da bulegoan lanean, diseinatzen. Hala ere, laneko jantzia eskegi, eta egurrezko makila eskuan hartzea erabaki zuen: artzain lanetan hastea.

Emaztearen gurasoen baserrian hasi zen lanean, Legazpiko Makatza baserrian. Pedro Gabiria aitaginarreba aldakatik operatzekoak ziren, eta baserrian norbaitek hartu behar zuen aginte makila. Ulman eszedentzia eskatu, eta artaldea zaintzen hastea erabaki zuen Mantxolak. Lehendik ere laguntzen zion Gabiriari, lan asko izaten zuten garaietan; baina, 2015eko azaroaz geroztik, artzain lanak dira Mantxolaren ogibidea.

Baserrikoa izanagatik, ezer gutxi zekien ardiei buruz. «Gure baserrian behiak genituen. Eta ardiak eta behiak ez dira gauza bera, inondik ere». Horrenbestez, Arantzazuko Artzain Eskolara joatea erabaki zuen, lanbidea ikastera. «Kanpotik ikusita, uste da artzainaren lana artaldea zaintzea eta gazta egitea dela, baina askoz gauza gehiago ere egin behar izaten ditu. Paper kontu asko daude, esaterako. Azken batean, kontua gazta saltzea da. Gazta saltzea lortzen ez bada, alferrik dira aurrez egindako lan guztiak. Negozioa bideragarria dela ikusten ez bada, alfer-alferrik da».

Eta bideragarria den edo ez jakiteko, ezagutza jakin batzuk izan behar dira. Ezagutza horiek eta gehiago jaso ditu Gomiztegin, iazko irailetik otsailera. Artzaintzaren alderdi guztiak jorratzeko aukera izan du Artzain Eskolan: artzaintzaren historia, artaldearen zainketa, gazta egiteko prozesua, komertzializazioa, kudeaketa tekniko eta ekonomikoak, eta abar.

Arlo teorikoa lantzeaz gain, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ere izan du Gomiztegin eta beste hainbat baserritan. Praktikak han eta hemen egiteko aukera izateari erabat «aberasgarria» deritzo: «Baserri batetik bestera, lan egiteko eta funtzionatzeko moduak asko aldatzen dira, eta horiek ikustea interesgarria da. Azken batean, erakutsi zioten modura egiten ditu gauzak artzain bakoitzak, baina horrek ez du zertan izan modu egokiena eta onena. Beste tokietan gauzak zer eta nola egiten diren jakitea ona da, ideiak hartzeko. Hain zuzen, hori ikustea eta ikastea zen nire asmoa».

Aitortu du «asko» ikasi duela Artzain Eskolan, baina sei hilabete gutxiegi direla, «ez duelako asti handirik ematen gaiak sakontzeko». Hala bada, lanbidea pixkanaka-pixkanaka ikasiz joango dela dio: «Ofizio orotan gertatu ohi den modura, lanean ikasten da lanbidea, gauzak praktikan jarriz, lan eginez eta hanka sartuz». Eguneroko jardunarekin eta hanka sartzeekin joango da, beraz, trebatuz.

Oraingoz, artaldea erosia du, eta azpiegiturak errentan hartuak ditu. Berrehundik gora ardiko artaldearen kargu da Mantxola, eta egun osoa lotua izaten du; «baserrian beti dago zeregina». Hala ere, «oso-oso gustura» dago. «Lan guztiek dute bere alde ona eta bere alde txarra. Garrantzitsuena da gustura egotea. Ez da epe laburrerako kontua; beraz, gustura lan egitea ezinbestekoa da».

Oraintxe luzatu du eszedentzia beste urtebeterako. Hemendik urte batzuetara non izango den ez daki ziur, baina, oraingoz, ez da damutzen egindako hautuaz: artzain lanetan jarraituko du denboraldi batez.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.