Ikastolan zebilela, 14 urte zituela erosi zituen lehen ardiak, bere kasa aurreztutako diru apurrarekin. Betidanik izan du argi Xabier Azurmendik (Zegama, 1985) artzain izan nahi zuela. Familiatik datorkio bokazioa, aitonarengandik, baina aitari ez zitzaion ideia ona iruditzen. Temati jarraitzen zuen berean, ordea, Azurmendik. Ikasketak amaitu, eta lantegian hasi zen, eta edozein une baliatzen zuen ardiak zaintzera joateko. Zortzi urtez. «Lantegia itxi zutenean esan nion aitari: orain bai. Ardi gehiago erosi eta artzain izango naiz». Gomiztegi artzain eskolan (Oñati, Gipuzkoa) ikasturtea amaitu berri du Azurmendik. Harekin batera beste zortzi ikaslek bukatu dituzte ikasketak. Atzo egin zuten ikasturte amaierako ekitaldia eta artzain makilak banatu zizkieten. Norbere artaldea izan, eta negozioa aurrera eramatearekin amesten dute, orain, ikasleek.
Lana eta ikasi biak batera egin dituzte askok. Zegaman (Gipuzkoa) du baserria Azurmendik. 240 ardiko artaldea du, eta pixkanaka handituz joateko asmoa du. «Nahiko lan izan dut. Goizean, baserriko lanak eginda etorri naiz hona egunero, eta, arratsaldean, klaseak amaituta, berriz ere etxeko lanak egitera joan naiz Zegamara».
Antton Iturriaga (Areatza, 1994) abeltzain familia batean jaio zen, Areatzan (Bizkaia). Behiak zituzten garai batean, baina haiek kendu egin zituzten gurasoek. Jaunartzea egindakoan oparitu zizkioten lehen ardiak Iturriagari, eta ahuntzak erosi zituen urte batzuk geroago. Basoan eta igeltsero lanean ibilitakoa da, baina animalien artean da zoriontsu Iturriaga. Azaldu du hirian baino askoz hobeto sentitzen dela basoan ardiekin. Lasaitasuna ematendiote. Zaletasun gisa eduki izan ditu orain arte, baina lanbide bilakatzeko erabakia hartu du. «Krisiarekin ez dago arlo horietan lan askorik, eta pausoa ematea erabaki dut. Bideragarria izan daiteke, eta soldatatxo bat lortu. Gustukoa dut. Merezi du ordu asko lan egitea, gustura bazaude». Artaldea osatu nahi du, eta esnetarako ahuntzak erosteko asmoa du. Gazte ekintzaileentzat dauden diru laguntzak lortzea espero du horretarako. Ingurukoek, hala ere, zoratuta dagoela esaten diote askotan. «Ez zaie kasurik egin behar horiei».
Genma Serra (Katalunia, 1976) kataluniarra da, baina badira bost urte Gipuzkoan, Bidanian-Goiatzen, bizi dela. Abeltzain familia du Serrak ere, baina belaunaldi bateko hutsunea egon da haren gurasoak hirira joan baitziren lanera. Lagun asko zituen Euskal Herrian, eta hona etortzea erabaki zuen. «Lur askorik ez daukat hemengo baserrian, eta, horregatik, dibertsifikatzea erabaki dut».
Harriel Dominguez (Aragoi, 1982) Aragoitik (Espainia) joan da Artzain eskolara. «Pribilegiatu» bat sentitzen dela adierazi du, Aragoin ez dagoelako halako eskolarik. Gurasoekin batera gaztandegi bat ireki zuen duela zazpi urte, Pirinioetako herri batean. 80 ardi zituzten hasieran, baina krisiak harrapatu zituen, eta negozioa kolokan utzi zien.
Ikastaro labur bat egiteko asmoz deitu zuen Gomiztegira Dominguezek, eta ikasturte osoa egiten amaitu du. Luxu handi bat izan dela dio, behin eta berriz. «Katalunian ere ez dago horrelakorik. Lanbide heziketa oso ona eskaintzen du. Gabeziak baditu, eta hobetu beharreko gauzak ere bai, baina profesionalizatu nahi duenarentzat oso ongi egokituta daude ikasketak».
«Ikasketa baliagarriak»
Ados daude beste hirurak ere. Ikasketak oso baliagarriak izan zaizkie. Irailean hasi zuten ikasturtea, eta atzo amaitu zuten sei hilabeteren ondoren. Hamabost egunez klase teorikoak jaso dituzte, eta beste hamabost egunez praktikak egin dituzte. Hainbat gairen inguruan hitz egitera adituak joan zaizkie: elikadura, ugalketa, hobekuntza genetikoa, gaztagintza, marketina... Eta praktikak egin dituzte hainbat ustiapenetan, lan egiteko modu berriak ikasiz.
Bokazioa da guztien ahotan dabilen hitza. Ordu asko eskatzen ditu artzaintzak. 06:30 aldera joaten dira ardiak jeztera. «Lanbide gogorra al den? Gustuko lekuan, aldaparik ez. Hemendik ez dago aberasterik, baina lanean gustura aritzeak ere asko balio du», dio Azurmendik. Bere artaldeko ardi guztiak ezberdinak direla dio. «Pertsona guztiak ezberdinak gara, eta ardiak ere bai. Egunero hamabost ordu haiekin pasatzen ditut, eta ederki ezagutzen ditut».
Oporrik gabeko lana, artzaintza atseden egunik gabekoa dela dio Serrak. Jendeak hori esaten duela behintzat. «Baina proiektu pertsonal bat duen edonork egunero egiten du lan. Izan okindegi bat edo izan beste zerbait. Egunero ari da proiektu horrekin pentsatzen». Gaineratu du, soldata handi bat espero duenak hobe duela artzaintzan ez sartzea. «2.500 euro irabazi nahi badituzu hilean, ahaztu».
Hala ere, baserritarrek bizitza duin bat izateko eskubidea dutela aldarrikatu du. «Egunero hamabi ordu baserrian pasatu, eta asteburuetan tabernara lanera joan behar izaten dut nik, orain. Negozioa haziz joango zaidan heinean hori aldatzea espero dut». Kontatu du Gipuzkoan 40-50 ardi dituzten artzain askok lantegira joan behar izaten dutela lanera. «Lantegian atseden hartzen egoten dira zortzi orduz, eta gero baserrira joaten dira lanera. Txantxa modura esamolde hori erabiltzen da».
Guztiek aipatu dute artzaintza tradizioari lotuta egon dela orain gutxira arte, baina belaunaldi berrien etorrerarekin asko modernizatu dela. Teknologiarekin gauzak asko hobetu direla diote. Aurrera egin nahi bada, hori da bidea. «Nire aita ere izan zen artzain, baina utzi egin zuen, eta lantegian hasi zen. Garai hartako artzaintza oso prekarioa zen; euritan aterkiarekin ibili behar izaten zen ardien alboan», dio Azurmendik. Aita orain oso gustura omen dago. «Beldurra zuen. Baina orain ez da ukuilutik ateratzen!».
Herriko bizimoduarekin lotura du artzaintzak Dominguezen kasuan. Historia ikasketak ditu eginak, baina herrian geratzea aukeratu zuen. «Oso argi nuen gauza bat dela bokazio akademikoa, eta bestea bizitza profesionala. Herrian bizitzeko landa ekonomian hutsune bat aurkitu behar nuela ikusi nuen». Asko lan egin behar dela dio, baina merkaturatzea behar bezala zainduz gero, bizitza duina eraman litekeela. «Eta oporrei eta bizitza sozialari lekua utzi behar zaie, bestela beti lanean egon zaitezke».
Euskal Herrian hobeto
Nolanahi ere, Euskal Herriko egoera Aragoikoa baino hobea dela dio Dominguezek. «Gizarteak eta erakundeek maitasun handiarekin tratatzen dute baserriko ekoizpena hemen». Aragoin baserria iraganeko kontu gisa hartzen dela dio. Eta beste ikasleek eta irakasleek izandako pazientzia eskertu du, gazteleraz hitz egin behar izan dutelako harekin.
Ikasturte amaierako proiektuarekin amaitu dituzte ikasketak Artzain eskolan. Bakoitzak proiektu bat diseinatu du, eta Aldundiko langileek bideragarria den edo ez esan diete. «Nire proiektua paperean bideragarria dela atera zait, baina gero praktikan ez dakit zer gertatuko den!», dio Iturriagak.
Teknologiako azken berrikuntzak ikasteko eskolak asko lagundu diola azaldu du Serrak. Baita lege kontuei aurre egiteko ere. «Artzaina eta enpresaria zara, aldi berean. Orain, eskolatik pasatu ondoren, badakigu nora joan aholkularitza eske».
Eskolara sartutakoan zeuzkan ideiak aldatu zaizkio sei hilabete hauetan Serrari. «Artalde bat osatzeko asmoz etorri nintzen». Ardi batzuk bazeuzkan, baina informazio gehiago behar zuen aurrera egiteko. Ardi gutxi batzuekin geratzea erabaki du. Artzain txakurrak entrenatu eta arrautza ekologikoak ekoizten jarraituko du. Alpeetako ahuntzak erosiko ditu gazta egiteko. «Kontsumo talde eta merkatuetan zuzenean saltzeko asmoa dut».
Artzainen belaunaldi berria
Bederatzi ikaslek amaitu dituzte Oñatiko Gomiztegi artzain eskolan ikasketak, aurten. Artzain makilak banatuta eman diote amaiera ikasturteari. Azken urteetan sektorea modernizatu egin dela diote, eta euren artaldea izan eta negozioa aurrera ateratzeko asmo sendoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu