Artzain ola nola dabila?

Artzain-olak euskal mendi osoan hedatuak dira, garai bateko bizimoduaren marka. Alta, oraingo beharrak aldatu dira. Olek ez dute abiadura bera segitu: anitz lurrera barreiatuak dira eta beraien kudeaketak badu berriztu beharra. Gutxi batzuk mendizaleen unean uneko aterpe dira.

Esnaurreta txabola. Joseba Intxausti artzainak baliatzen du, Zaldibiako lurretatik hurbil, Enirio-Aralarren. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Ainize Madariaga
Altzai
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Artzain etxola, txabola, etxola, borda edo ola. Euskal mendiaren paisaiak berezkoa duena eta iraganak orainaldiari ainguratu dion lekukoa da. Mendiaren basak inguratzen duen artzainaren aizolbea da. Alta, norenak dira? Nork ditu kudeatzen? Eta, nork erabiltzen?

«Kasu! Guretzat, bordak etxaldearen zati bat dira; beraz, pribatuak dira. Alta, artzain olek jabetza partekatua dute Zuberoan eta; ezin salduak eta ezin banatuak dira», zehaztu du hasieratik Allande Sokarros Bortükariak elkarteko sortzaileetatik batek.

Gizakia bere baitan sartzen den lez, ola ere jendearen oroitzapenetan laketzen da. Hainbertzeraino, non Xalbador zenak kopla zenbait historian zizelkaturik utzi baitzizkion; bere garrantziaren salatari: «Ate apal batetarik du zutarako sarrera/ leiho bakarra begira daukazula sorkaldera/ pausu erdian joan daike ganbaratik sukaldera/ halere etzintuzket utziko jauregi baten aldera/ [...] Gaur elurrak hurtu ditu, zabaldu da primadera/ artaldea ere berriz igan da mendi gainera/ ahal bezain maiz sartuko naiz, etxola, zure barnera/ nehoiz ukatu ez derautazun bake hortaz gozatzera».

Oraingoz, ezin da jakin euskal mendiek zenbat ola dituzten. Baina, Ipar Euskal Herriko lau mendi sindikatuek badute haiek kartografiatzeko proiektua heldu den urterako, baina daborduko, guti gorabeherako kopurua badakite: «Garazin 120 baliatzen dituzte, Zuberoan 46, Oztibarren 6; eta Baigorrin 48 daude egoera onean», erran du Nathalie Jaury misio kargudunak, horiek oraingo beharrei egokitu zaizkie.

Gipuzkoako Aralarren, «1990eko hamarkadako plan orokorraz geroztik, 40 txabola sendotuta daude artzaintzarako, beste bost dauzkagu mendi elkarteek erabiltzen dituztenak eta 12-15 dira erorita», argitu du Jose Antonio Irastorza Enirio-Aralarreko basozainak. Azkenik, Nafarroa Garaiko Aralarren, hemezortzi bat dira erabiltzeko prest: «Txabolak hemezortzi bat dira, artzainak ere beste horrenbeste, batzuk hutsik dira edo gutxi erabilita, eta bospasei artzain dira benetan sasoi osoan baliatzen dituztenak, erretiratuak dira», argitu du Jabier Otamendi bertako basozainak.

Lehentasuna abeltzainek

Eskualdearen arabera, olen jabegoa eta kudeaketa arras desberdinak dira, alta, Coralie Artano lau mendi sindikatuetako misio kargudunaren laburpenak Euskal Herri osorako balio lezake: «Badakigu mendia husten ari dela, ola batzuk libre direla, haien erabiltzeko eskaera badela eta nahi dugula mendia ireki: erantzun baikorrak eman nahi dizkiegu. Horretarako, lekuaren egoera akta egitea da mendi sindikatuen lana, eta arau zaharrak egoeraren beharrei egokitzeari buruz gogoetatzea». Oinarriak ere bat egiten du denetan: olen baliatzeko lehentasun osoa abeltzainek dute, balizko espekulazioaz babestuz.

Hala, Santa Grazi salbu, Zuberoako mendi lurrak mendi sindikatuarenak dira, baina olak ez: jabetza partekatua dute; pribatuak dira. Sandra Ott antropologoak tesia burutu zuen Santa Graziko artzainen sistemaz, eta hala definitu du: «Batetik elkartea bera adierazten du eta, bestetik, maiatzaren erdialdetik irailaren amaierarte elkarteko kideek batera erabiltzen dituzten txabolak. (...) olako kide izateak bi gauza adierazten ditu: ustiapeneko zati baten edo zatiaren zatiaren jabea dela (parte bat duela) eta herrian etxe bateko partaide dela». Horiek horrela, egoera ez da hain sinplea. Olak berritu nahi izanez gero, adibidez, jabe guzien baimena behar da, alta, oraingo egunean, franko dira partea dutenak baina ez dutenak gehiago kabalarik, edo ez direnak gehiago etxaldean bizi. Ola bakoitzak, batez bertze, hamar parte ditu, zeintzuek ardi unitate edo txotx bera baitute. Ondorioz, etxalde batek ez badu parte oso bat hartzeko kabala aski, txotxaren erdia edo laurdena eskura dezake bertze etxalde batekin osatuz. Parte horiek, ontsalaz, ez dira sekulan saltzen, etxaldeari lotuak baitira. «Gizonezkoek baino osatzen ez duten gizartea da, eta bere oinarriak elkarlana, auzolana eta kideak elkarrekin ongi konpontzea dira», izkiriatu zuen Ottek.

Gisa berean, artzain sistema horren horizontaltasuna azpimarratu du Anne Marie Lagarde antropologoak bere tesian: «Artzain bakoitzak olan dagoen bitartean astero zazpi funtzio betetzen ditu bata bestearen ondotik, xumeenetik nobleenera. (...) Aldizka sistemak boterearen bertsio ez-patriarkala ematen du, ordena zirkularra ezarriz bertikala beharrean».

Belozkarre bizi-ekarle

Bostmendietaren babespean, hor datza Belozkarre ola: lepoaren isurki batetik Larrañe, eta bertzetik, Lakarri duela. Ahanzturaren erresumak irentsi gabe, Bortükariak elkarteak bizirik atera zuen.

Hala, eraberritze lanek nornahirendako gerizalekua irekitzeaz gain, artzaina eta ardiak ere berriz ekarri dituzte, oraingo maneran, bertan sasoi guzian egon gabe, joan-jinak egunero autoz eginez; «abandonaturik zuzun eta beste ola batean ninduzun Iratin, baina han ez nizun txotxik. Hango artzainen artean istorioak hasi zirelarik honat jin ninduzun, hemen txotxa bainuen. Izugarri ontsa nauzu! Moda zaharrekoa duzu, baina izugarri eder», adierazi du Marc Urruti Idiart artzainak. Oroitzen da 10 urte zituelarik oren erdiz ibili beharra zela uraren eskuratzeko.

Oraingo eguneko hobekuntzei esker, Belozkarrek badu bere iturria. Mendiaren altzoan den eraikuntza xumeak hegatza akazia-oholez du, zola lur arrasekoa, mahai luzea erdian, aska leiho bakarraren altzoan eta kamaina alde batean: luxu handia mendiak bere lanjerren atzaparrak erakusten uzten dituelarik. Udan mendizalerik ez da kasik hortik pasatzen, hain zuzen ere artzainendako poxelu ez izateko, baina hortik kanpo bada mugimendu handia: «Ibilzale paketa iragaten duzu eta ez dizugu batere arrangurarik ukan sekulan nehorekin. Izugarri goxoki gaituzu», azpimarratu du Idiartek.

Oztibarreko olek ere Zuberoako ber ibilmoldea dute, salbu, parteek 99 urteko ahozko erabilpen-kontratua dutela. Garazin, ola eta lurrak mendi sindikatuarenak dira. Artzainak berme bat ordaintzen dio luzaz ola baliatzeko, lekuak hustuko dituen egunean berreskuratuko lukeena. «Garaziko ibilmoldea da hoberena, hobekien martxan dena, hor baitira zenbaki hoberenak, Zuberoan baino sistema dinamikoagoa da», ohartarazi du Artanok.

Baigorriko mendietan ere, Garaziko ibilmolde bera da, baina 99 urteko epeetakoak dira, sistema horrek misio karguduna arranguratzen du: «Hemen da ibilmolderik konplikatuena, bordak erortzerat uzten dituena, araudia ez baita batere eguneratua». Izan ere, olak erabili ahal izateko ibarrean behar baita etxaldea ukan, alta, lurrik gabeko artzainak badira, bai eta ere ibarraz haragoko etxaldeetako artzainen eskaerak,«arazoa ez da juridikoa, kulturala baizik». Usaien aldatzeko zailtasuna nabarmendu du Artanok.

Aralarren, berriz, Gipuzkoa aldean mankomunitatea da txabolen kudeatzailea, erabat publikoak dira, «zaila da 40 txabolak beteak mantentzea, artzaintza gain behera doalako. Horregatik, badugu kanpaina: 40 txabola= 40 lanpostu. Pena da, galtzen ari direlako», azaldu du Irastorzak. Lehentasuna mankomunitateko hamabost herrietakoek dute, bestela, gipuzkoarrei ere irekiak dira. Ofizioz, artzaina da eta gutxienez 250 ardi behar ditu erabili nahi duenak. Jakin beharra da txabola guziek gakorik ez badute ere, «aterpetxo» bat badutela. Oidui eta Igaratza daude beti giltzarekin mendizaleei so.

Ondarea aterpe

Nafarroako aldean ere lanbidez hala izan behar da, haatik, 100 arditik gora eskatzen zaie eta ibarreko hemeretzi herrietakoa izatea. Aralar elkarteak ditu kudeatzen, alta, ez da inolako diru laguntzarik eta eraberritze obra oro artzainaren gain gelditzen da. Baldintza horiek betez gero, olaren erabilpenak ez du eperik.

Denborak barreiatu eta lurrak irentsi aitzin, Bortükariak elkarteak olen berrizteko proiektu bat bultzatu zuen Zuberoan, mendi sindikatuaren laguntzaz. Gisa hortaz, 1990eko hamarkadatik baditu zazpi osoki eraberriturik: Belozkarre, Miradorre, Pixta, Ardane gainekoa, Olhadubi, Zihigolatze eta Garanagerre. Abandonaturik ziren olen jabeei eraberritzeko ados zirenez galdetu zieten. Trukean borta beti zabalik utzi behar zuten mendizaleak aterpetzeko. Obrek jatorrizkoa errespetatu dute, ez bada behar bezalako tximinia bat ezartzea, istripurik ez dadin gerta. Txotxdun guziek aho batez eman behar diote baimena. Elkarteak bere mendiko-ibiltariak.fr webgunean erakusten du ola guziak lotzen dituen bost eguneko ibilbidea; San Martingo harritik Iratiraino. «Ola haurren ametsa izaten da. Orain, elkar atzemateko toki bat da. Gureondarea da. Hori bai, ez da hotel bat, edo landetxe bat; atea beti zabalik da ororendako, eta baliatzen dena berrezarri behar da», argitu du Jakes Hidondo elkarteko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.