Apezgoa utzi zuen Ttale Ouretek (Suhuskune, Nafarroa Beherea, 1941) bere bidea atzemateko lur gabeko artzaingoan. Ofizioa iraunarazteko borrokatu da bizi guzian, Jeanine Cazenave bikotekidearekin batera. Mendia mendiko bizizaleendako begiratzea aldarrikatzen du: turismoa eta laborantza produktibistaren arteko bortuko elkarbizitza ezinezkotzat dauka, ofizioa peko errekarat bota baitute. Dena kontatu du:Bortuko azken indiarra... artzain lur gabekoa (Elkar, 2022) liburuan.
Amaia alabak ez bazizun kaiera eta margorik oparitu, libururik idatziko zenukeena?
Ez dut uste. Ukan baitut bizi bat pixka bat mugimendutsua. Ene bizilagunarekin juntatuz geroztik, 46 urtez egon gara bortuko txabolan. Artzain bizimodua ez zen gordezkoa, baina pixka bat gizartetik apartekoa bai. Alabak erran zidan ez nuela eskubiderik jakitate horren atxikitzeko. Beraz, horren idazteko materiala eman dit.
Artzainengandik balio asko ikasi dut, bizi filosofia hori hedatu nahi nuen. Denak artzain lurgabeak ginen, txaboletan bizi, eta izugarriko dinamika genuen, kultura aberatsa: hizkuntza, laguntzak, adiskidantza...Min ukan dut emeki-emeki ikustearekin nola desagertzen ari zen bizi hori. Eta behereko gizarte bat heldu zen berdin emeki, deus ikustekorik ez zuena artzaingoarekin.
Apez izateko abiatu zinen...
Familia tradizionalistak ziren orduan; izugarriko sinestea zeukaten. Ohore bat zen seme bat joaten bazen apez. Hamar jende bizi ginen baserri ttipi batean. Hamar urtetan joan naiz seminariorat, gero apez izateko.
Piarres Lafitte ezagutu zenuen.
Bai, ondo ezagutu nuen filosofiako erakaslea zen kalonjea Uztaritzen [Lapurdi]. Hor atera da bat batean eguzkia. Gero asko lanbro ukan ditu [kur-kur]. Taldean ziren Manex Pagola, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Gexan Alfaro... Hor hasi ginen pixka bat gure iraultza egiten. Elkarren artean egoten ginen aire hartzeetan, abesten eta. Izugarri abila zen Lafitte, eta bere eskupean hartu gintuen. Hura dela medio sortu zen gure abertzaletasuna. Gero Akizerat joan nintzen, bi urtez.
On egin zizuna herritik urruntzeak?
Harrotasun bat bazenuen pentsatuz egun batez apez izanen zinela. Gero ez zinen herritarrekin sobera nahasi behar, sustut neskekin. Ez zait iduri sufritu dudala alde hortarik; familian izugarri giro ona baitzen. Baina baratxe-baratxe, hamabost bat urtetan beste galdera batzuk egiten dizkiozu zeure buruari; apez izan nahi duzunez, adibidez, baina nehori salatu gabe. Uztaritzeko urte hura su-pindarra izan zen. Talde berak segitu zuen Akizen.
Akizetik Lyonerat joan zinena?
Bai. Nik hautatu nuen. Hego Ameriketarat joan gogo nuen egun batez, hango elizaren erreboluzioak asko aipu zirelako. Hiru urtez teologia ikasi genuen.
Askapenaren Teologiari leial, Lyongo Ancel apezpikua lanerat bizikletez abian zen.
Dom Helder Camararen ber urratsetan. Berrogei bat baginen, eta zazpi erresumetarik jinak, sindikalismoan arituak, pobreekin.... Izugarri ondo ene burua kausitu nuen han. Erabaki genuen udan Lourdeserat [Okzitania] lanerat joatea, ostalaritzan, orduan bazen asko euskaldun.
Teologia horrek pobreak zituen sostengatzen, ez dea hala?
Eta bat egiten haiekin. Baztertuak ziren jende guzien aldekoa zen: borrokan zirenen alde, kapitalismoaren kontra, bazen filosofia hori. Horregatik deliberatu genuen Lourdeserat joatea. Euskaldunen artean muntatu genuen sindikatu bat zeren eta lan baldintzak oso gogorrak baitziren. Hamabi-hamalau oreneko lanaldiak...
Euskaldunak sosaren egiterat jinak ziren eta onartzen zituzten baldintza horiek: familian eta herrian tradizio horretan altxatuak baitziren. Hola, sindikatu bat muntatu genuen; zenbait hoteletan lana utzi zuten euskaldun batzuek, sua piztu zen ostalarien artean. Horretarik abiatu ziren mugimenduak, gero Euskal Herrian segitu zutenak.
Ostatu jabeek halako auzi bat egin zizuten.
Bai, herriko apezaren etxean hamabi ostatu jaberen aitzinean egon nintzen. Ukan nuen manua kasik zigorturik, Donibane Garazirat joateko. Euskaldun Gazteria mugimenduaz [baserrialdeko gazte giristinoen mugimendua] behar nintzen arranguratu. Ezagutu nuen lehen talde interesgarria, hamasei-hamazazpi urtekoak, tartean Mixel Berhokoirigoin, Mizel Bortairu... onak! Hola ginen abiatu. Berantago jin ziren balios gehiago: Christian Harluxet. Manex Unhasobizkai, Jojo Goienetxe...
Liburuan diagnostiko batez mintzo zara. Zein zen?
Ordukoz hasiak ziren [Franz] Duboscquen txaleten eraikuntza horiek. Sendi zen bazela proiektu erraldoi bat. Arras interesgarria izan zen diagnosia hori, Garazi eta Baigorriko herri guzietan egin genuen, jakiteko zenbat gazte egonen ziren, baserriak eta mendia husten hasiak baitziren ordurako. Hortatik abiatu zen Duboscque eta [Johañe] Pitrauren aurrez aurreko famatua. Lehena proiektu turistikoarenbultzatzailea zen, Pitrau aldiz, arranguratua zen gure baserrien husteaz. Denbora berean iheslarien mundu hori ere mugitua zen. Askok bizkarra eman ziguten egiten genuen lanari, tradizionalistak baitziren. Denbora berean gertatu ziren ETA eta Ik. Gogorra izan zen. Gaizki hartzen zituzten elizgizon horiek IKren ekintzak. Bazterrak nahasi ziren, nahasi. Kanporatzeko manua ukan nuen, baina ordukoz buruan nuen artzain joatea, zeren eta aspertua bainintzen Elizako giroaz, politikaz...
Zerk zintuen akuilatu artzain izatera?
Ikusten nuen gure mendi hori muturkatzen, ebasten... Duboscquen eta [Mixel] Intxausperen politikak herriko auzapez guziak eskutan zituzten! Larraine [Zuberoa] ez balitz izan, ez dakit nola pasatuko ziren gauzak. Denbora berean, artzainak denak desagertzen ari ziren, eta gaitzeko proiektuak zituzten mendian esperimentatzeko, behereko laborariekin. Hiru zentro eraiki zituzten: Larraine eta Otsagabia artean: Betzülan, Organbide ondoan, eta nire etxola hutsean [Kontrasaron]. Gastu anitz egin bai, baina ez zuen iraun esperientzia horrek.
Larzaceko gertakariak ere zizun aldaketa ekarri, ez dea hala?
Larzacekoa izugarri ontsa gertatu zen, zeren eta hemen ere artzain lurgabeak kanpo emanak baitziren mendiko kanpo politika dela medio, txaleten eraikuntzarekin eta behereko laborari produktibistak heldu baitziren: egin ere ahala mozkin egitea, arrazak selekzionatzea... Oraingo gauza bera da, funtsean. Larzacen 106 nekazari kanporatu zituzten frantses armadarentzat. Hortik abiatu zen borroka, Pitrau buru, kristoren lana egina du. Bretainian ere izan zen behi esne greba handi bat, eta sostengatzerat joan ginen. Asko engaiatu ginen eta ekarri zituen gero ondorioak: ELB sindikatua, adibidez, orduan baitzen abiatu.
Greba solas, 1974ko Baionako Katedraleko gose greba...
Ene izenean joan nintzen, bero zen giroa.
Apez bidea utzirik, artzain izarrari jarraiki zenion.
Lyonen bilatzen nuen non koka nintekeen ene laguntzaren ekartzeko beharretan zirenei. Momentu batez Hego Ameriketarat joan gogo nuen.
Norat nahi joanik ere, laguntzerat.
Bai, jatorri xumea nuen, eta tradizionalismoaren ondorioak ikusten nituen euskaldunengan: esklabotasuna. Emeki-emeki ikusi nuen Euskal Herrian geldituko nintzela; uste dut euskal borroka politikoak ekarri ninduela horretara. Artzain mundu hori betidanik maite ukan nuen, baina ikusten nuen mendia ebasten ari zirela... Bazen hala ere problema bat: aski azkar ote nintzenez artzain munduan egoteko. Denbora berean, andere bat [Jeanine Cazenave] ez dakit nola etorri zen [kur-kur-kur], eta izugarri inportantea izan zen aitzina segitzeko.
Lehenik apez bat artzainen artean, eta gero emazte bat, eta, seme-alabak.
Maiatzaren 10etik ekainaren hondarreraino lagun batzuen etxean egoten ziren haurrak ikastola denboran. Neguan Bithiriñan [Nafarroa Beherea] egon ginen hamahiru urtez, haurrak Amikuzeko ikastolan egon zitezen. 70 kilometro genituen txabolatik ikastolaraino. Astelehenetan eraman, asteartetan berriz xerka joan, ostegunetan berriz jautsi, eta larunbat eguerditan berriz xerka joan. Egina genuen gure hautua: emazteak bere tokia egin zezan artzainen erdian, olan egon zen. Bazen sekulako elkartasuna ikastolako gurasoen artean. [Jeaninek lagundu du erantzuten].
Artzaintzan nola egin zenuten zuen lekua?
Izugarri ontsa onartu gintuzten, gizartetik kanpo bizi baitziren, sei hilabetez; beti artzain bera zen bere ardiekin. Desterruan den bezalako bat zen artzaina. Elkarren artean ekintza batzuk egin genituen, eraiki behar zituzten txabola handi horien kontra.
«Bortuko azken indio» gisa ikusten duzu zeure burua.
Ez baita gehiagorik. Badira gazteak, baina nahi dute segurtamen bat neguko: baserria negua pasatzeko, bederatzi urteko epean.
Hobekuntza dea?
Oraingo gizartearentzat bai.
Arrangura handia zitzaizuena?
Bistan dena! Aurten bai, baina heldu den urtean ez jakin...
Maiatzaren lehenean atera behar zinen, denbora ona, nola txarra bazen. Bortuko lekua segurua zenuen, negukoa ez.
Nola dakusazu orain artzaintza?
Arraina biltzeko amua dira etxaldeetan eskuratzen dituzten diru zama horiek. Lurgabearen izena zikindua da gizartearen begietan. Gazte batek nahi badu laborantzari lotu, behar du jabe izan, eta horretatik abiatzen da dena. Lurgabeak beharko lirateke hamar, gure mendi hori berriz aldatzeko. Baina ez dira heltzen ahal.
Zergatik?
Neguko bazkak izugarri garestitu baitira. Guk ezagutu dugun sisteman ez da gehiago posible, alta profesionalki izugarri estimutan izan ditut artzainak. Baina lurrik ez baduzu, ez da gehiago posible, garestiegi baitira denak. Ene bizi filosofiatik, lurgabeak bizitzeko behar du bere laguna, zeren eta asko lan baituzu ardi lanean: jeztea, gasna egitea... bakarrak ezin ditu denak egin.
Negua, galdera ikur?
Artzainaren hartzea etxean neguko, ondo ikusia zen; ohorea. Artzainek ez dute sufritu alde horretarik denbora batez. Gero bai.
Sabino Egurzek bezala?
Orbaizetatik [Nafarroa] heldu zen Mehaine, Bithiriña [Nafarroa Beherea] eta hor gaindi. Anaia ere bai Oztibarrerat. Etxeko semea bezala ekartzen zuten. Denek frantsesa eta euskara ematen zuten hala-hola, neguan hemen ikasia. Sabino zen artzain irudi bat, pobreki bizi zinez, alta egiten zuen lan eta tropa ederra zuen.
Artzain «espainol» bati zergatik euskaraz egin? Hori zen hemengo mentalitatea.
Bortuan ukan duzu mugaz gaindiko harremanik?
Guk ez genuen egiten mugarik, beti ukan dugu harremana.Olhako artzainekin: Patxi Zabalza...
«Artzaingoaren eta mendiko bertze jarduera guzien artean, elkarrekilako bizitza ezin da eraman», idatzi duzu.
Artzain batek ez du gehiago tokirik kausitzen ahalko bortu horretan, ebatsia baita bere giro bokaziotik. Mendiaren ingurumena ez da turismoan, ez ere behereko nekazari handietan. Artzain lurgabe batek behar du segurtamen bat behereko baserri batean ukanen duela suertea urte oroz jiteko. Hiruzpalau dira horrela orain. Bestela ez da posible, zeren eta laborantza mundua diru zamari begirako politikara itzuliak baita. Baina itxaropena daukat luze gabe etorriko dela mugimendu bat, gazteek lurrik gabe nahiko dutela ardiekin bakarrik aritu. Posible da, izpirituaren ariketa bat da. Behar duzu segur izan zuren baloreez, politikan non kokatzen zaren...
Zer poxelu dakarkiote turismoak eta behereko baserri horiek artzaingoari?
Mendia jabetua da beste gizarte batez. Mendiaren izatea da mendiak ematen duen elikadura guziak baliatuak izan daitezen artzainentzat eta kabalentzat. Horretatik abiatu behar da. Orain ez da gehiago posible, mendia hartua baita, bai turismoak eta bai behereko baserrietako tropa handi horiek; gainera, ez dira denak tokiko ardi arrazakoak. Politikari, mugimendu eta sindikatuek bertze hautu bat egin behar dute: lehenik mendian bizi denari eta bere familiari ematea ahalak. Eta ez gaude horretan.
Zer gomendako zenioke gazte lurgabe bati?
Lehenik formakuntza on bat behar duela: zergatik ez eraiki artzain lurgabeen eskola bat? Mendi gorenetan baitu jokatuko bere biziko borroka, naturak jasanarazten dituen kolpe gogorrei oldar egiteko. Baina bada araudi bat zinez derrigorrezkoa: artzaintzak hizkuntza bat dauka, artzainen betiko mintzaira euskara izan da, beti leialtasunez ausartu dira. Azkenik, laguna behar duela; bien lana baita.
Ttale Ouret. Artzain lurgabe izandakoa
«Artzain lurgabeak beharko lirateke hamar, gure mendia berriz aldatzeko»
Bortukoa bortuko bizizaleendako. Hala beharko lukete mendia kudeatu, Oureten aburuz. Ezin elkarrekin bizi artzaingoa, turismoa eta laborantza produktibista. Apeza behar zuenak, izkiriatu berri du liburua, artzain arimaren begirale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu