Espazioa

Artemis I misioa espero baino «harago» doa

Misioaren «erdian» da 'Orion' ontzia, eta aurreikusi baino emaitza hobeak lortu ditu NASAk. Errekorra ere hautsi dute: bidaiariak eraman ditzaketen ontzien artean, Lurretik urrutien egon dena da.

Artemis I misioko 'Orion' ontzia. @NASA_JOHNSON
Julen Otaegi Leonet.
2022ko azaroaren 28a
16:30
Entzun

Hamabi egun daramatza Orion ontziak espazioan. Azaroaren 16an abiatu zuen NASAk Artemis I misioa: «Ilargiaren esplorazioan kapitulu berri bat». Eta, plot twist-ik izan ezean, ezin hobeki amaituko da atala. Hasi, kostata hasi zen misioa, arrazoi teknologikoak eta meteorolikoak tartean; lau astez geroratu behar izan zuten atzerako kontaketa. Merezi izan du, ordea, bosgarren saiakerara arte itxaron izana. Izan ere, orain arte lortutako emaitzak eta aurrerapenak espero baino «harago doaz», misioaren arduradunen esanetan.

Bi tramankulu espazioratu ditu NASAk: batetik, Orion ontzia; bestetik, SLS suziria. Bi horien gaitasunak neurtu asmo dituzte adituek, etorkizun hurbilean Ilargira joan-etorriko bidaia bat antolatzeko. Emakume baten zuzendaritzapean, gainera.

Ikusi gehiago:Artemis IIko hautagaiak

Sei aste iraungo du Artemis Iek. Misioaren erdia egin dute dagoeneko; 17 etapa ditu denera, eta bederatzigarrenean da ja. Hu Howardek zuzendu du Orion ontziaren programa, eta «itzel eta sekulako» gisa deskribatu ditu orain arteko emaitzak. Misioaren arduradunek ere badute zer esan: «Bidaia honetan egiten dugun urrats bakoitzarekin ikasten ari gara».

Aurrez egin gabeko urratsak dira horiek. Herenegun, hilaren 26an, Orion-ek errekorra hautsi zuen: gizakiak eramateko gai diren ontzien artean, Lurretik urrutien egon dena. 430.000 kilometrora dago, eta are urrutiago ere joango da Ilargiaren inguruko buelta amaitzean (ia 450.000ra). Apolo 13k zuen lehengo errekorra (400.000 kilometro). Orain, orbita atzerakoian da Orion; hau da,Ilargia orbitatzen ari da ontzia, Ilargiak Lurra orbitatzen duen kontrako norazkoan.

Artemis III.ean, ilargiratu

Aurtengo saiakera proba bat besterik ez da, datozen misioetarako informazioa biltzeko. Orion ontzia, baina, ez dute hutsik espazioratu: hiru bidaiari-edo doaz bertan. Lehena Moonikin Campos manikia da —Moon (Ilargia) eta mannequin (maniki) hitzekin egindako hitz jolasa—. Campos abizena Arturo Campos ingeniaritik datorkio: Apollo 13 misioko ontziak arazoak eman zituenean bertan ziren hiru astronautak bizirik ekartzen lagundu zutenetako bat da.

Moonikinekin batera dira Zohar eta Helga; emakume heldu baten hezurrak, organoak eta ehun bigunak antzeratzen dituzten materialekin eginak daude. Zohar manikiak erradiazioaz babestuko duen elastiko bat darama, baina Helgak ez. Ikerketa horren bidez, astronautek aurre egin behar dieten erradiazio mailen inguruko informazioa lortzea espero da.

Misioa amaitzean, beste bi urte itxaron beharko da Artemis II misioa abiatzeko. Hartan, astronauta-astronautak joango dira, eta Ilargia orbitatuko dute. Azkenik, 2025ean, Artemis III misioak ekarriko du 1969 ondotik beste behin ere gertatu ez dena: ilargiratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.