Txikitatik hazi izan den herrian, Usurbilen (Gipuzkoa), du estudioa Usoa Zumetak (Donostia, Gipuzkoa, 1969). Han, besteak beste, artista ugariren lanak bildu eta serigrafian jasotzen ditu: izan eskulturak, margolanak... Lan horren hainbat erakusle egongo dira Gasteizko ARTgia aretoan ikusgai, abuztuaren 1era arte.
ARTgian estreinatu duzun erakusketa, berria... eta berezia?
Berezia da, batez ere ez naizelako sekula Gasteizen egon. Aurrez egin ditudan erakusketek bezala, orain antolatutakoak artista asko biltzen ditu. Irudikatzen dudan lana artista askorekin osatutakoa da, eta horri esker bildu ahal izan ditut nire ustez interesgarriak diren hainbat artista.
Zergatik ARTgian?
Zorte kontua izan zen. Duela hiru hilabete, Irantzu Lekuerekin [ARTgia aretoaren sortzailea] aritu nintzen elkarlanean. Orduan aipatu zidan galeria bat zeukala, eta nik esan nion erakusketa bat egiteko hainbat lan bilduta nituela. Horrela sortu zen.
Nola egiten da lan serigrafian?
Serigrafia nahiko teknika arrunta da gure bizitzan, baina jendeak ez du artearekin lotzen litografiak eta grabatuak bezainbeste. Egiten dudana da artelanekin harremanetan jarri, eta editatu. Batzuetan enkarguak dira, baina ARTgian ikusgai dagoena neure kabuz eginikoa da.
Zer du berezia serigrafiak?
25 urte ditut serigrafiarekin lan egiten [barrez]. Arte Ederretako gradua egiten nenbilela, argi nuen serigrafia egin nahi nuela. Nire ustez, zuzena da; ez du azpiegitura handirik eskatzen. Horrez gain, kolorearen indarra dago: uste dut intentsitate handiagoa dutela koloreek.
Zenbat denbora eman zenuen erakusketan dauden artelanekin?
Lan desberdinak daude. Artista bakoitzak bere sortze prozesua du, bere erritmoa. Ez dakit esaten zehazki. Normalean, edizio bat prestatzeko hilabete inguru behar dut.
Izan duzu zailtasunik lanen batekin?
Bereziki zaila iruditu zitzaidan Vicente Larrearen lana. Erakusketan lan bakarra sartu dut, espazioa dela eta, baina erakusketara bi eraman nituen. Jarri ez dudan lana oso zaila egin zitzaidan, marra finak eta eten ugari zituelako. Baina denak dira zailak, neurri batean. Orduak sartzea da kontua, artistarekin adostea zer emaitza interesatzen zaion, eta hori aurrera eramateko bide bat bilatzea.
Zailtasuna aldatzen da eskultura bat edo pintura bat bada?
Niretzat berdin da. Eskulturen kasuan, artistak egiten du bere lana bi dimentsiotara itzultzeko prozesua. Nire lana teknikoa da. Artelanak beste hizkuntza batera eramatea da nire erronka.
Gustura geratu al dira artistak edizioekin?
Haiek esaten dutenez, oso gustura [barre]. Ez dago ondo hori nik esatea, baina hala da.
Artistaren batek harritu zaitu?
Denek ekarpenen bat egiten didate; denak dira desberdinak, hain lan desberdinak dira... Erakusketetan aniztasun hori islatzen ahalegintzen naiz, serigrafiarekin egin daitezkeen gauzak ikusaraziz. Hortik doaz nire hautaketak.
Aseta geratu zara emaitzarekin?
Bai, guztiz. Uste dut erakusketa oso ondo geratu dela, eta argi ikusten dela serigrafiak beste aukera batzuk dituela. Lekue ere gustura geratu da erakusketarekin. Ez dakit zenbat jende joan den. Hedabideetan oihartzuna edukitzen ari da, eta horrek beti laguntzen du.
Orain atseden hartzeko denbora izango duzu, ala lana ez da amaitzen?
Buru-belarri ari naiz azaroan Bilbon egingo den Nazioarteko Grabatu Azokara begira. Eskatu zizkidaten lan batzuk ditut atzeratuta, aitaren pieza handi batekin ari naiz... Baina gero, bai, oporrak.
ATZEKOZ AURRERA. Usoa Zumeta. Artista
«Artelanak beste hizkuntza batera eramatea dut erronka»
Usoa Zumetak mende laurdena darama serigrafiarekin lanean. Horren bitartez lor daitekeen koloreen indarra nabarmendu du, baina hausnartu du jendeak ez duela artearekin lotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu