Artearen polemikarik biziena

Guggenheimen 'Artea eta Txina 1989' erakusketak polemika piztu du: museoak dio artelanek «legea» eta haren «kode etikoa» betetzen dituztela; animalistek, berriz, salatu dute animaliak giltzapetuak dituztela. Lehen ere erabili izan dira animaliak artean: orduan ere izan zen ika-mika.

Munduaren antzerkia eta Zubia. Muskerrak eta intsektuak elkarrekin bizi dira dortoka eta zubi formako kristalezko bi ksiolatan. LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Askatasun artistikoak eskaintzen die artistei beren ideiak inolako mugarik gabe adierazteko aukera. Askatasun artistiko horrek ekarri du, ordea, hainbatek mugatzat dituzten marra gorriak gurutzatzea artistek: animalien erabilera, horren adibide. Artearen izenean animaliak erabiltzea ez da zilegi hainbaten begietara, eta hori gertatu den guztietan eztabaida piztu da. Azkena, Bilbon bertan. Artea eta Txina 1989 ondoren erakusketa aurkeztu dute Guggenheim museoan, eta bizirik dauden animaliekin egindako bi artelanek hautsak harrotu dituzte.

Artelanetako bat Huang Yong Ping artistaren Munduaren antzerkia eta Zubia piezek osatutakoa da: kristalezko kaiola bik osatzen duten artelana, eta bertan muskerrak eta intsektuak elkarrekin bizi dira. Bigarrena Transferentzia eredu bat izenekoa da: ez dago bizirik dagoen animaliarik, baina, pantaila batean, lepoan alfabeto bana duten bi txerri ageri dira: batak alfabeto txinatarra du, besteak latinoa, eta bata bestea estaltzen ari da. Hainbat herritarrek erakusketaren aurkako kanpaina bat abiatu dute, eta bi artelanak erretiratzea eskatu. Guggenheim museoko arduradunek, berriz, adierazi dute legea eta museoaren kode etikoa betetzen dituztela, eta, hori horrela, artisten adierazpen eta sormen askatasunaren alde egitea erabaki dutela.

Begoña Martinez museoko komunikazio zuzendariordeak adierazi du museo gisa «derrigortuta» daudela adierazpen eta sormen askatasuna defendatzera, eta ez dutela «beren burua zentsuratu» beharrik. Onartu du badituztela mugak: «Legea eta gure kode etikoa bete behar ditugu, eta kasu horretan ere hala egin dugu». Museoak 2014an onartutako kode etikoak ondorengoa zehazten du: «Artelan batean animaliak badaude, museoak ahal den guztia egin behar du haien ongizatea ziurtatzeko».

Martinezek adierazi du erakusketan bizirik dauden animaliekin osatutako artelanetatik Transferentzia eredu bat eztabaidatik kanpo ikusten duela: «Ez dago tratu txarrik, eta artelana besteune batean grabatutako pantaila batean erreproduzitzera mugatzen da». Munduaren antzerkia eta Zubia artelanen kasuan, berriz, muntatu aurretik prestaketa lan handia egin dutela azpimarratu du: «Animaliek bizi baldintza optimoenak izan ditzaten biologo eta albaitari talde baten aholkularitza izan dugu». Azaldu duenez, artelana museo bakoitzera moldatzen da, eta, lan horretan, artistek ez ezik, teknikariek ere hartzen dute parte: «Interesatzen zaigu animaliek ahalik eta estres gutxien izatea». Horrez gain, nabarmendu du egunero teknikari batek animaliak zelan dauden ikuskatzen duela, eta, erakusketa publikora zabalik dagoen bitartean, neurri zehatzak ezartzeaz gain, teknikari bat bertan izaten dela. «Lasai gaude gauzak ondo egin ditugulako».

Borja Martinez Animalistak elkarteko kideak argitu du protestak ez direla animalien tratu txarren kontra, animaliak gatibu edukitzearen aurkakoak baizik: «Animaliek sentitzeko gaitasuna dute, eta merkantzia gisa erabili dituzte erakusketan». Ildo horretatik, animalistak gaineratu du tratu txarrak ere badirela izaki bizidun bat giltzapetuta edukitzea eta erakusgai jartzea: «Haren askatasuna mugatzen ari gara: ez da biologoa izan beharrik hori ulertzeko».

Guggenheimek, erakusketa horren bitartez, animaliak objektu gisa erabiltzea legitimatzen duela salatu du ekintzaileak. «Pertsonek artearekin edo espektakulu batekin gozatzeak ez du justifikatzen animaliak giltzatuta edukitzea».

Askoren baliabidea

Guggenheimen ikusgai dagoenerakusketa ez da historian polemika piztu duen kasu bakarra.Animaliak artelanetan erabili diren kasuak hainbat dira, eta emandako tratua edo horien bizi baldintzak oso ezberdinak izan dira bakoitzean; hala ere, guztietan oso presente izan da polemika, eta sortutako ika-mika baliatu dute zenbait artistak euren ospea handitzeko.

Artearen historiako polemika sonatuena Guillermo Vargas artistak 2007an Managuako arte galeria batean aurkeztutako instalazioa izan zen. Goseak akabatzen zegoen txakur bat pareta batera lotu zuen Vargasek, eta iritsi ezin zen toki batean janari katilu bat jarri zion. Egun batzuk pasatuta, txakurra gosez hil zen. Artelanak haserrea eragin zuen mundu osoan, eta milioika pertsonak eskatu zuten artelana kentzeko eta Vargasen parte hartzea debekatzeko Bienal Centroamericana arte erakusketan. Lortu zuten, baina ezer gutxirako balio izan zuen. Lanak sortutako haserreari esker, mundu osoan egin zen ezagun Vargas, eta hurrengo urteetan Latinoamerikako, AEBetako eta Europako hainbat erakusketatan hartu zuen parte.

Vargasen kasuaren ostean izan dira beste batzuk. Hurrengo urtean, Adel Abdessened artista frantziarrak Don't Trust Me erakusketa aurkeztu zuen San Frantziskoko Arte Institutuan, AEBetan. Artelana sei telebista pantailaz osatua zegoen, eta horietan ikus zitekeen nola hiltzen zituzten mailukadaz horma batera lotuta zeuden animalia batzuk. Vargasek bezala, Abdessendek polemika baliatu zuen bere ospea zabaltzeko. Gainera, hasierako polemikaren ondorioz, bere gainontzeko erakusketek presentzia handia lortu zuten hedabideetan.

Polemika ez da soilik artista ezezagunen helburu. Banskyk esaterako, «elephant in the room» esamolde ingelesari erreferentzia eginez, elefante bat gorriz margotu, eta gela batean sartu zuen. Damien Hirst eta Young British Artists taldea, berriz, ezagunak egin ziren hil berri ziren animaliak formaldehidoan murgilduta edo deskonposizio egoeran erakusteagatik. Haatik, animalien erabilerarik ankerrena Hermann Nitsch artista austriarrak egin zuen. Aktions izeneko performanceetan animaliak hiltzen zituen, eta, gero, haien erraiekin eta odolarekin bere burua edo koadro zuriak margotzen zituen: 1962tikhona, ehundik gora Aktions egin ditu.

Arte txinatarraren erakusketaren kasuan, museoko kideak azaldu du bi artelanak «oso esanguratsuak» direla eta horregatik aukeratu dituztela; ez, berez, animaliak dituztelako. Erakusketaren inguruko desinformazio handia dagoela gaineratu du: «Interneten zabaldu zen sabaitik eskegitako zaldi bat eta elkar jaten ari ziren bi txerri zeudela erakusketan». Museoko eledunaren berbetan, «kontu handia» izan behar da horrelako polemiketan: «Sarritan jendea ekintza on batera batzen da errealitatea ezagutu gabe».

Arte garaikideak «deserosoa» izan behar duela gogoratu du Martinezek. Animalien erabileraren kasuan, legea eta kode etikoa errespetatzen badira ez dituztela artelanak zentsuratuko nabarmendu du: «Bakoitzak bere iritzia adierazteko askatasuna du, baina ez dugu onartuko geure burua zentsuratzera behartzea». Dioenez, gaur polemika animaliekin bada ere, bihar edo etzi beste kolektibo bat senti daiteke iraindua.

Animalistetako kideak ere uste du arteak «polemikoa» behar duela izan, eta «ikusleen kontzientzia astindu» behar duela, baina mugekin: «Mugak ezinbestekoak dira pertsonak eta animaliak babesteko: norberaren eskubideak bukatzen dira bestearenak hasten diren lekuan». Mugak ezartzeko orduan, animalistak uste du legeek ez dutela ezer aldatzea lortuko.

«Artistek horrela jokatzen dute, txikitatik erakutsi zaielakoanimaliak gure erabilerarako daudela», nabarmendu du animalistak. «Legeen mundua oso atzeratuta dago, eta gizarteak berak bultzatu behar du aldaketa». Horretarako, Guggenheimeko erakusketaren aurkako protestak eta halakoak lagungarriak izan daitezkeela iruditzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.