ATZEKOZ AURRERA

Artearen oreka umeen eskuetan

Haurrentzako 'Materia' tailerra egin dute Zumaian, Juan Luis Goenaga margolariaren omenez: hark Donostiako Musika Hamabostaldirako sortu duen lana izan da lantegiaren ardatza.

Materia tailerrean parte hartu duten haurrak, eskuekin marrazkiak egiten, Zumaiako kultur etxeko Oxford aretoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Zumaia
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Horma zuriak ditu Zumaiako (Gipuzkoa) Alondegia kultur etxeko Oxford aretoak. Leihoetatik sartzen diren eguzki izpiek paretetan iltzatutako irudiak argiztatzen dituzte. Artelanek giza figurak erakusten dituzte, zuri-beltzean. Elkarri itsatsirik dauden arren, talka egiten dute artelan ilunek horma zuriekin. Aretoko irudiak bezalakoak dira Juan Luis Goenaga margolariaren jantziak, ilunak. Ilea, berriz, pareten kolorekoa du. Goenagak bere baitan du kontrastea. Margolariaren inguruan daude Maushaus arkitektura lantegiko kideak: Carlos Arruti, Judith Blazquez eta Anabel Varona. Beraiek arduratu dira haurrentzako Materia tailerra zuzentzeaz.

11:00etarako minutu gutxi falta direla ireki dute gelako atea. 5 eta 11 urte bitarteko haurrak hasi dira sartzen, Oxford aretoko monotonia pixkanaka hautsiz. Irribarretsu daude batzuk; negarrez beste batzuk, gurasoen babesetik alde egin nahi ez dutenak.

Donostiako Musika Hamabostaldia haurrengana gerturatzea da lantegiaren jomuga. Musikagintza eta margolaritza uztartzen ditu aurten Hamabostaldiko kartelak. Juan Luis Goenaga margolariaren lana da, eta, horregatik, tailerrean bera omenduko dute.

Haurrak borobil bat osatuz eseri dira atearen ondoko paretari begira: askok ez dakite zer egingo duten hurrengo 80 minutuetan. Proiektorea piztu, eta argazkiak erakusten hasi zaie Carlos Arruti. Halako batean, Goenagak Hamabostaldirako prestatu duen margolana erakutsi die. Haur batek harriturik oihukatu du artelanak «mendia» ematen duela. Beste batzuen iritziz, ordea, «basoan sartzeko bidea» dirudi. Haurren eta margolariaren artean sei hamarkadako arrakala dagoen arren, haurrek lanaren muina ulertu dute: naturaren esentzia orri zurietan irudikatzea.

Irudiak ikusi ostean, Arrutik adierazi die haurrei denen artean hormairudi bat egingo dutela. Eta gaineratu du margolana egiteko arau bakarra dagoela: itxura konkretuak ez marraztea. Izan ere, Arrutik adierazi duenez, «emaitza baino, prozesua da garrantzitsuagoa: amaitutakoan hartuko du margolanak zentzua». Artelana egiteko azalpenak entzun ostean, ziztu bizian abiatu dira umeak aretoaren erdigunera.

Musikarekin margotzen

Musika klasikoko doinuen laguntzaz, ikatzezko margoekin egin dituzte muraleko lehenengo zirriborroak. Margo gorri, berde eta horiekin jolasean hasi dira ondoren. Horma irudiaren inguruan mugitzen ari dira batzuk, perspektiba berriak bilatzeko. Beste batzuk, berriz, hutsune zuriak estaltzean jarri dute arreta. Artelanari azken ukituak emateko, makilak, hostoak eta belarrak erabili dituzte. Goenagak egin ohi duen moduan, naturaren esentzia irudikatu nahi dute haurrek. Murala amaitutakoan, Varonak haurrei eskuetara begiratzeko esan die: «Eskuetan ere artelanak dituzue». Harridura keinuak nagusitu dira taldeko ume gehienen aurpegietan. Gurasoak Oxford gelara sartzen hasi bezain laster ohartu dira haurrak Materia tailerraren amaiera iritsi dela. Hala ere, 80 minutuan bizitako magia betiko gordetzeko, horma irudia zatitu, eta bakoitzak puska bat eraman du etxera.

Zuria eta beltza bezala, badirudi musika eta margolaritza ere kontrajarriak direla. Materia lantegian, ordea, haurrek ikusi dute kontrasteetatik abiatuta lortzen dela oreka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.