Antzerki emanaldiak, performanceak, kontzertuak, zirkua... etenik gabeko erakustaldia izango da Kaldearte: Estibaliz CantoGasteizko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak adierazi duenez, 70 emanaldik osatuko dute egitaraua, eta 38 konpainia arituko dira horiek egiten. Azpimarratu du iaz baino bi konpainia eta zazpi ikuskizun gehiago izango direla eta larunbat goiza indartu dutela.
Euskal Herriko eta atzerriko sortzaileek dute tokia Gasteizen: hemeretzi konpainia izango dira Euskal Herrikoak, eta horietako bederatzi Gasteizkoak bertakoak. Atzerritik datozenak, berriz, hainbat herrialdetakoak dira, besteak beste, Espainiakoak, Herrialde Katalanetakoak, Frantziakoak, Suitzakoak, Belgikakoak eta Portugalgoak.
Askatasunaren txoriak
Egitarau eta parte hartze zabala bezain ugaria du Kaldeartek, baita kokapena ere; izan ere, hiriko hainbat txokok hartuko dituzte ikuskizunak; sei gune nagusik, zehazki esateko: Andre Maria Zuriaren plazak, Foru plazak, hirigune historikoak, Arka plazak eta haren inguruak, Probintzia plazak, eta Florida parkeak eta haren inguruak. Hor ere izan da berrikuntzarik, Cantok azaldu duenez; izan ere, Alde Zaharreko arkupean eta Juan de Aiala plazan egingo dira zenbait ikuskizun lehenengo aldiz.
Goizetik hasiko dira sortzaileak artea kaleratzen, eta eguna amaitu arte arituko dira, bata bestearen atzetik. Horietako bat da, besteak beste, Irantzu Lekue gasteiztarraren Txoriak arte instalazioa; atzo estreinatu zuen, arkupean. Askatasunaren inguruko sormen lana da, eta hiru egunez egongo da han. Ez da instalazio finkoa izango, ordea, herritarrek parte hartuz osatuko baitu. Horretarako, txoriak margotzeko lantegiak egingo ditu, eta gaur gauean muntatuko du instalazioa. Bihar amaituko da, txoriak askatzean.
Lekueren lanak ez ezik, Trapu Zaharra antzerki konpainiak ere toki nabarmena izango du Kaldearten, konpainiaren 35. urteurrena tarteko omenduko baitute. Gaur iluntzean egingo du konpainiak Sefini obra, Aihotz plazan. Omenaldiarekin zuzenean lotutako lana izango da, urte asko dituen konpainia bateko bi aktoreren gorabeherak kontatuko baitituzte.
Bete-beteko egitaraua du Kaldeartek, eta amaiera ere ikusgarria izango da, Frantziako La Contrebande zirku konpainiaren Bal trap akrobazia ikuskizunarekin amaituko baita; bihar egingo dute, 20:00etan, Foru plazan.