ATZEKOZ AURRERA. Izaro Ieregi. Sortzailea

«Artea praktika pribilegiatua da norbere burua ezagutzeko»

Sorkuntza prozesu bat erakusketa bihurtu nahi izan du Ieregik Yegua, manca y zurda lanean. Performancearen mundua ikuspegi koreografikotik lantzen du, besteak beste.

BERRIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Gasteizko Montehermoso kulturguneko aretoa grabaketa estudio bihurtu du Izaro Ieregi sortzaileak (Algorta, Bizkaia, 1987). Yegua, manca y zurda erakusketan, ikuslea sorkuntza prozesu baten entseguen eta akatsen lekukoa da. Beste hainbat lanen artean, formatu handiko ikus-entzunezko sei proiekzio daude hormetan. Areto osoan hedatzen dira, eta aldi berean erreproduzitzen dira guztiak, hala espazio osoa egituratuz. Maitasuna, desioa eta porrota ardatz hartuta, gogoetarako balio du Ieregiren lanak. Gorputza, keinua, testua, ahots teknikak eta teknika somatikoak lantzen dituzten ikus-entzunezko lan horien bidez, hizkuntzari mundu berri bat egituratzeko gaitasuna ematen zaio. Ikusi ez duenak gaur eta asteburu osoan ikusi ahalko du erakusketa, Montehermosoko lehen solairuko aretoan.

Erakusketako bideoek entseguak dirudite. Gainera, planoan agertzen diren guztiek lotura berezi bat dute. Ez da perfekzioa bilatzen; naturaltasuna transmititzea bilatzen duzula dirudi.

Nire lanak (performanceak edo bideoak) egiten ditudanean, taldean hainbat ariketa grabatzea gustatzen zait, prozesuaren parte direlako. Batez ere esperimentatzeko eta obrarako materiala edukitzeko balio dit horrek. Grabatzen dudanean, gainera, beti ematen diet garrantzia soinuari eta bideoari. Azkenean, grabazio horietako asko argia ikusi gabe geratzen dira, eta, niretzat garrantzitsuak eta balio handikoak izan arren, ez ditu beste inork ikusten. Beti izan dut materiala edo sorkuntza prozesua erakusteko gogoa, eta prozesua bera erakusten du lan honek, beste proiektu baten sorkuntza prozesua baita.

Hitzek, hizkuntzak eta soinuak garrantzi handia dute. Zaila da jakitea zer gertatuko den, eta, askotan, badirudi ez duela amaierarik.

Gustatzen zait egitura zirkularra izatea. Ez dut denboraren pertzepzio lineala bilatzen; egitura zirkularrak sortzen saiatzen naiz. Linealtasuna araudiarekin lotzen dut, eta hori pentsaera kapitalista eta patriarkalarekin lotuta dago. Nahiago dut hori, meritokrazia eta lehia hautsi.

Horrez gain, erakusketak Jean-Luc Godarden Sympathy for the Devil filma du erreferentzia. Kapitulutan banatuta dago pelikula, eta atentzioa gehien pizten duten gauzetako bat zera da, Rolling Stones taldeak entsegu lokalean izen bereko Sympathy for the Devil abestia jotzen duenekoa. Kamerak mugimendu zirkularrak egiten ditu grabatzen duen bitartean. Gure obrak ere ez du ez hasierarik, ez amaierarik. Espazioan, ordea, estruktura bat dago erdian, eta kamera estrukturari bueltak ematen ari da.

Estrukturak eta espazioak, beraz, garrantzia handia daukate?

Espazioak garrantzi handia du nire lanetan. Kasu honetan, Irungo [Gipuzkoa] dantza aretoan grabatu nituen bideoak. Areto honek, paretetan, balleta dantzatzeko erabiltzen diren barrak ditu. Baina ez da kasualitatea egitura metaliko tubular horiek erabiltzea estruktura eraikitzeko. Zerbait berezia dute egitura tubularrek; gure eguneroko leku eta mugimendu arruntenetan laguntzen digute: autobusetan, eskaileretan. Parkeetan eta gimnasioetan ere ikusten ditugu. Nire obran pertsonei eusteko balio dute, egitura flotatzen ari dela baitirudi. Gorputzak ere flotatzen ari direla dirudi.

Zer eragin nahi duzu ikusleengan?

Bakoitzaren esperientzia oso pertsonala da. Aretoak entseatzeko gela baten itxura izan zezan nahi nuen. Gustatuko litzaidake jendea erakusketatik ateratzea sentituz ulertu duela sortze prozesu batek zer dakarren: akatsak, saiakerak, dena ikusten da erakusketan.

Zeri ematen diozu garrantzirik handiena zure obretan?

Artea praktika pribilegiatua da autoezagutzarako. Beste jende batekin partekatzea eta prozesuaz konpainian gozatzea gustatzen zait. Onena taldean lan egitea da.

Zerbait dute komun zure obra guztiek?

Lotura bat daukate, noski. Eta guztiek dute harremana performancearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.