Lehen begi kolpean osorik harrapatu ezin daitekeen artelan bat da. Tamainagatik —hainbat metro luze eta zabal baita— eta xehetasunengatik. Salvador Allende Txileko presidente izandakoa ageri da, eta hura inguratzen, uhin zurrunbilo bat. Mural bat da, baina baita grabatu bat ere. Hormagrabatu bat, hain justu, egileak, Rata Virus ezizeneko artista txiletarrak, dioen bezala. Bere teknika berritzailearen lagin handi hori ekarri du Bilbora, Euskalduna jauregian dagoen FIG grabatu azokara. Gaur zarratuko ditu ateak.
Grabatu bat ontzeko, gainazal batean markatzen da irudia aurrena, negatiboan, eta hura paper, oihal edo bestelako euskarri batean inprimatzen da presioa eginez; torkulu baten laguntzarekin, esate baterako. Virusek hormetan zizelkatzen ditu bere irudiak, eta, gero, koreografia moduko bat abiatzen da, hainbat lagun behar baitira irudia oihalean inprimatzeko. «Modu jakin batean kokatu behar dira espazioan, talka ez egiteko. Oihala ipini eta antzera presionatu behar da alde guztietan», esplikatu du Virusek. Azkar egin behar da, tinta hiru minuturen buruan sikatzen baita.
Badago beste modurik, dena dela; modu mordo bat, zehazki. Azokan hirurogei artista eta galeria inguru bildu dira, grabatuak eta paper gaineko arteak ematen dituen aukeren erakusgarri oparo bat: harrian zizelkatzen dute, edo egurrean, edo azido bainuak erabiltzen dituzte metalean arrakalak egiteko; paper zurian inprimatzen dute gehienek, baina euskarri beltza darabil, adibidez, Bilboko Ediciones 4/4 taldeko Fatima Conesak. Formatu handiarekin atrebitu dira hainbat.
Serigrafia landua
Zaloa Ipiña artistak azaldu duenez, serigrafia da grabatu molderik errazena, oinarria —fotolitoa deritzo— ez dagoelako negatiboan sortu beharrik. Baina teknika sinpleena erraz bihur daiteke buruhauste. Izan ere, serigrafian txertatu nahi den kolore bakoitzeko geruza bat sortu behar da; hau da, irudi bakar bat egiteko, litekeena da fotolito bat baino gehiago erabili behar izatea.
Taiwango Tsubaki estudioaren txokoan, hemeretzi geruzarekin taxutua dago artelanetako bat. Erretratu batean, lau fotolito erabili dituzte emakumearen ilean ageri den lanbro grisaren ñabardurak adierazteko. Elkarren ondoan dauden beste bi lanetan, agerikoa da prozedura luzea, baina oso bestelakoa da emaitza. Behekoan, geruzak gainjarrita daude zati batzuetan, koloreak nahasiak baleude bezala; goikoan, kolore bakoitzaren tokia zorrotz mugatuta dago, puzzle baten gisara pentsatu eta ezarri direlako fotolito guztiak, estudioko langile Chen Yun-ek xehatu duenez.