PLAN BAT MARIJAIAREKIN. Begoña Zubero. Argazkilaria

«Artea eta festa elkarrengandik hurbilago egotea nahi nuke»

Ogibidez argazkilaria da Begoña Zubero, eta jaiotzez, bilbotarra. Aste Nagusia era askotara bizi izan du, izugarri maitatzetik hasi eta erruz gorrotatzera. Festen alde baikorra: aspaldiko lagunekin topatzeko espazioa dira Zuberorentzat.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Memoria historikoaren inguruan lanean jardun da Begoña Zubero argazkilaria (Bilbo, 1962), arkitektura eta paisaiak ardatz. Aste Nagusiarekin harreman gazi-gozoa izan ondoren, jaiak lasai hartzen hasi da, patxadaz gozatu nahian.

Plan berezirik Aste Nagusi honetarako?

Betidanik gustatu izan zait su festa ikustea, eta, gainera, nire estudiotik oso ondo ikusten da. Ikusi, konparatu eta asko gozatzen ditut. Horrez gain, asko gustatzen zaizkit Gas plazan egiten diren kontzertuak. Beharbada ez dira hain ezagunak, baina kalitatezkoak dira. Jazza, flamenkoa... ez dira hain jendetsuak, eta horregatik gustatzen zaizkit.

Argazkilari gisa jardun behar izan duzu inoiz?

Bai. Urte batean egutegi bat egin behar izan nuen, eta abuztuan jaietako argazki bat jarri nuen. Abuztu horretan lanean ibili nintzen, hiriaren eta festaren inguruko ideia buruan nuela. Egia esan, ez nuen inoiz egin, eta interesgarria izan zen.

Zerbait berezia eskaintzen dizu Aste Nagusiak?

Batzuetan topagune bat da. Gabonen antzeko funtzioa betetzen du. Kanpoan bizi den jendea etortzen da, afari bereziren bat egiten duzu... Urte osoan ikusi ez duzun jendea bueltatzen da.

Bilbotar gisa, berezia da Aste Nagusia zuretzat?

Aste Nagusian fase guztietatik igaro naiz. Libérate [La Otxoaren kantua] edo Zorion Egileorren kartelaren lehen Aste Nagusiak zirrara handiz bizi nituen. Gero, festak gorrotatu eta alde egiteko garaia ere bizi izan dut. Nagia sartzen zitzaidan jaietan pentsatzean, eta Bilbotik alde egiten nuen. Garrantzitsua da jaiak gogoz hartzea. Eta, orain, esan daiteke adiskidetze fase batean nagoela. Lasaitasunez hartzea erabaki dut; patxadaz, baina, aldi berean, gozatuz.

Zer eskatuko zenioke Marijaiari?

Kontzertuen maila berreskuratzea. Maila oso handiko kontzertuak izan ditugu beti, eta hori berreskuratu beharra dago. Inor gutxietsi gabe, ez dut inor mindu nahi. Baina beste gauza batzuetarako nazioarteko hiri garen bezala, ondo legoke Aste Nagusiko zenbait kontzertu nazioartekoak izatea.

Esango zenuke Aste Nagusia bere garairik onenean dagoela?

Dena da ikuspuntu kontua. Nire ustez, urterik onenak 1990eko hamarkada izan ziren; orduantxe gozatzen nituen gehien. Orain, gauza batzuk galdu dira, baina, beste batzuk, irabazi. Hasierako lotsagabekeria eta freskotasuna galdu da, eta oso dibertigarria zen. Bestalde, nazioartekotu egin dira; orain askoz ere jende gehiago dator. Antolatuago ere badaude, garbiketa gehiago zaintzen da... gauza batzuk beste batzuen partez. Hala ere, niri asko gustatzen zait jaiak Bilboko jendearentzat izatearen ideia. Egonkortu egin dira, baina ezin gara lokartu. Molde eta era berriak pentsatzen jarraitu behar dugu.

Egitarauaren eskaintza nahikoa dela uste duzu?

Alde horretatik aberatsak dira: gazteentzako ekitaldiak daude, lehiaketak, bazkariak... Denetarik dago, gunearen arabera. Hala ere, nire arloari begira, artearen presentzia handiagoa eskatuko nuke. Artea eta festak elkarrengandik hurbilago egon daitezen nahi nuke. Ez du zertan modu oso serioan izan, baina presenteago egon dadila. Hori bai, artearen hutsaltasunean erori gabe; denak ez du balio. Zerbait herrikoia, baina mamia duena. Antzerkiarekin, adibidez, argi dago sasoirik indartsuena dela, eta ondo deritzot. Baina ondo legoke jaietatik at hedatzea ohitura hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.